Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR BEHE-INPERIOAREN GARAIKO EGILEAK ETA OBRAK

AUSONIO (Dezimo Magno Ausonio) (Bordele, K.o. 310-395). x

Karguak eta lanbideak

Latindar poeta eta erretorikoa

Ibilbidea

Burdigalan (Bordele) jaiotako latindar poeta eta erretorikoa. Hiri horretan, irakaskuntzan eta kultura klasikoa transmititzen jardun zuen bizitza osoan. Ausonioren ospe handia eta gaitasunak erakarrita, Valentiniano I.a enperadoreak deitu zuen, enperadorearen seme Grazianoren irakasle izateko K.o. 364. eta 368. urteen artean, Augusta Treverorum hirian (Treveris, Alemania). 379an, kontsul izendatu zuten, Graziano jada enperadore zela. Bere bizitzaren azken urteetan, Ausonio Burdigalara itzuli zen, eta, hor, zenbait lan idatzi zituen eta korrespondentzia aktiboa izan zuen zenbait pertsona ospetsurekin. Horien artean, Ausonioren dizipulu Paulino Nolakoarekin izandako korrespondentzia nabarmentzen da. Paulino, kristau bihurtu ondoren, gizartetik baztertu egin zen, bizimodu aszetikoa egiteko. Erabaki horrek Ausonio atsekabetu zuen, eta, bera ere kristau izan arren, bakartze-bide horri uztera konbentzitzen saiatuz idatzi zion Paulinori. Elkarren artean trukatutako gutunek erakusten dute zenbateraino zegoen errotuta Ausonio literatura- eta kultura-tradizio paganoan. Izan ere, Garonaren inguruko eremu osoan, kultura-oparoaldia izan zen Ausonio berarekin eta Paulinorekin lotuta, biak Antzinate Berantiarreko latindar literaturako funtsezko egileak baitira.

Bien arteko korrespondentzian, Ausoniok Paulinori mendi elurtuetara -bizitzera joan izana aurpegiratzen dio, baskoiak bizi diren lekura, eta, hor, aditzera ematen du hirietatik eta erromatarren ohituretatik urrun bizi zen herri barbaro bat zela (Epist. 50). Historiografia modernoaren ikuspegi batetik, testu hori interpretatzean, joera dago baskoi horiek Plinio Zaharrak aipatzen zuen saltusean bizi zirenen ondorengoak zirela interpretatzeko; hau da, Erromako administrazio-aparatuan integratu gabe zeuden baskoi batzuk. Horrek guztiak ideia hau justifikatzeko balioko luke: Baskoniaren zati bat, Erromaren mende ez zela egon erabat esaterik ez badago ere, Erromaren ohitura zibilizatzaileetatik urrun geratu zela, eta herri baskoiaren funtsari eutsi ziola. Baina -errealitatea guztiz bestelakoa da, Plinioren saltusak ez baitu administrazio-eremu bat baino adierazten, eta historiografiari, epigrafiari eta arkeologiari esker lortu ditugun datuen arabera, baskoiak erabat integratu ziren erromatar sisteman.

Interesgarriagoa da, testuaren izaera literarioa kontuan hartu behar bada ere, egileak baskoiak mendian kokatzen dituela K.o. iv. mendean, Pirinioetan segur aski, eta hori K.a. i. mendetik jada dakigun zerbait da. Halaber, bere obretan, Parentalia izenekoan batez ere —obra horretan, Ausoniok bere familiako kide guztiak deskribatzen ditu—, Bordelekoak askotan aipatzen ditu -Novenpopulaniako civitasak; batez ere, Aquae Tarbellicae (Akize, Landak) eta civitas Vasates (Vasats, Gironda), hangoa baitzen Ausonioren amaren aldetiko familia.

Obrak

Ausonio, Obras. Alvar, A. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 1990.

Ausonius, Epistles, Loeb Classical Library, Cambridge, MA: Harvard University Press, 1921.

Bibliografia

Larrea, J. J.: La Navarre du IVe au XIIe siècle. Peuplement et société, Bruxelles: De Boeck, 1998, 152.-160. or.

Moreno, E.: «Los Vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat Autònoma de Barcelona, 2009, 261.-290. or.

Torregaray, E.: «La Antigüedad Tardía en el País Vasco (siglos iii-iv d. C.)» in Lema Pueyo, J. A.; Barruso Bares, P. (koor.): Historia del País Vasco. Prehistoria y Antigüedad, Donostia: Hiria, 2006, 347.-377. or.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Ausonio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 68-69.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP