Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

AULO HIRTZIO (Aulus Hirtius) (Ferentino, Italia, K.a. 90 – Modena, Italia, K.a. 43).

Karguak eta lanbideak

Militar eta politikaria

Ibilbidea

Militar erromatarra. Julio Zesarrekin egin zuen bere ibilbide militarra, eta Modenan hil zen, K.a. 43an, Marko Antonioren tropen aurkako borroka batean. Zesarrekin jardun zuen Galietako kanpainan; beraz, han gertatutakoen lekuko zuzena izan zen. Harreman estua izan zuen Zizeronekin ere, hark oratoria irakatsi baitzion. Tradizioz, Zesarren Galietako Gerrak lanaren jarraipenaren egilea izan zela uste da, eta, hori egiteko, Zesarrek eskuz idatzita utzitako oharrak erabili zituela. Horren arabera, lan horren VIII. liburuaren hitzaurrea eta, agian, liburu osoaren egiletzat jotzen da.

VIII. liburuan, Hirtziok Julio Zesarrek K.a. 51ean Akitaniara egindako bisita kontatzen du, Publio Krasok lurraldearen konkista militarra amaitu ondoren. Bisita, benetan, hertsadura militarreko kanpaina bat izan zen, erromatar jeneralak bi legio eraman baitzituen. Testuaren idazketak aditzera ematen du Akitania baketzeko eta Erromaren inperio mediterraneoaren administrazioan sartzeko prozesuan zegoela. Izan ere, Hirtziok dio «Akitaniako hiri guztiek» enbaxadoreak eta bahituak bidali zituztela Zesarren aurrera, eta hori ohikoa izaten zen Erromak gauzatutako konkista-prozesuetan. Hain zuzen ere, gerra amaitu ondoren, enbaxadoreak bidaltzen ziren, jakiteko zer asmo zituen erromatar jeneralak konkistatutako eremurako. Negoziazio horien zailtasunen arabera, erromatar liderrak enbaxadore horiek Erromara bidaltzea erabaki zezakeen, edo berak lekuan bertan erabaki egokiena hartu. Kasu horretan, bahituak entregatzeari dagokionez, gerta liteke erromatarrek hori aurretik eskatu izana, edo akitaniarrek beren borondatez entregatzea, erromatarren mende geratzen zirela onartzeko, eta Erromarekiko leial zirela eta izango zirela adierazteko. Bestalde, Zesar bera Akitaniara joateak, miatze-bisita egitera —eta uda amaitu arte geratzeak, Hirtziok dioen moduan—, aditzera ematen du eskualdeak oraindik ez zuela administrazio-enplazamendu egonkor bat izango, nahiz eta, segur aski, hiri guztiek leku berera joateko agindua jasoko zuten, erromatarren jarraibideen berri izateko. Badaude beste aukera batzuk ere; izan ere, Zesarrek Galiara joatea erabaki bazuen, posible da enbaxadoreak eta bahituak haren bidera irten izana.

Halaber, interesgarria da nabarmentzea Hirtziok Akitanian erromatarrak iritsi aurretik sortutako hiriak —civitates— aipatzen dituela, eta horrek adierazten du lurraldea sozial eta politikoki antolatuta zegoela. Ez dakigu zer hirik parte hartu zuten Zesarrekin egindako bileran, baina Hirtziok «denak» egon zirela azpimarratzeak aditzera eman dezake lurraldeko ordezkari asko izan zirela bertan. Hor sartuko lirateke, halaber, Pirinioetatik gertuen zeuden eremuak.

Obrak

Klotz, A. (arg.): Commentarii belli Alexandrini, belli Africi, belli Hispanensis, Stutgardiae-Lipsiae: B. G. Teubneri, 1993.

Gaztelaniazko itzulpena: Goya Muniáin, J.; Balbuena, M. (itzulpena): Comentarios de la guerra de las Galias y de la guerra civil; completados con el Comentario de la guerra de Alejandría, atribuido a Aulo Hircio, y los de la guerra de África y guerra de España, de autores ignorados; Cayo Julio César; con las notas de Napoleón a los comentarios de la guerra de las Galias, Barcelona: Iberia, 2010.

Bibliografia

Álvarez, D.: «Ounpoi y obsides en los autores clásicos» in Athenaeum. Studi di letteratura e Storia dell’antichità, 1 (2014), 120.-149. or.

García Riaza, E.: «Legati ad Caesarem. Instituciones diplomáticas indígenas en el Bellum Gallicum» in Veleia, 26 (2009), 47.-61. or.

Torregaray Pagola, E.: «Embajadas y embajadores entre Hispania y Roma en la obra de Tito Livio» in Torregaray Pagola, E.; Santos Yanguas, J. (argk.):, Diplomacia y autorrepresentación en la Roma Antigua, Bilbo: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2006, 25.-62. or.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Aulo Hirtzio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 42-43.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP