José Manuel Castells, Iura Vasconiae Fundazioko patronoa eta fundazioaren lehendakari ohia, hil berri zaigu. Harekin batera joan da lankide bat, lagun bat eta Euskadiren historia hurbilean funtsezko erreferenteetako bat.
José Manuel izan da eta izango da, haren oroitzapena eta lana bizirik baitira, faro bat esparru akademikoan eta funtsezko euskarri bat, udazken frankista luze haren ondoren euskal autogobernua martxan jartzea ahalbidetu zuen egitura instituzionalaren eraikuntzan. Milaka ikasle inspiratu zituen irakaslea; eta, bere erantzukizun akademikoetatik eta ikerketarako tematik harago, aurrerapausoa ematen jakin zuen eta kudeaketaren ardura bere gain hartu zuen, Zuzenbide Fakultateko dekano gisa zein UPV/EHUko idazkari nagusi gisa.
Ez du asko, José Manuelek Fundazioaren patronatuetako batean bere presentziarekin oparitu gintuen, beti irribarre eskuzabal harekin, bere emazte Mertxeren konpainian; hari helarazten dizkiogu gure maitasuna eta babesa, baita gainerako senideei ere.
Fundazioari eginiko haren ekarpen ezinbestekoa eta oroitzapena beti egongo dira presente proiektu hain berezi honetan lan egiten eta laguntzen dugunon eguneroko jardunean, eta elkarrekin abiatu genuen bidean jarraitzen lagunduko digute: lehenik, UPV/EHUren mendeko Vasconiako Zuzenbide Historikoaren Institutuan, eta ondoren, Vasconiako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioan, Iura Vasconiae.
Goian bego, José Manuel.





