Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

SUETONIO (Kaio Suetonio Trankilo) (Hippo Regius, Aljeria, K.o. 69. – s. l., K.o. 122).

Karguak eta lanbideak

Historialaria

Ibilbidea

Kaio Suetonio Trankilo zaldunen ordenako familia xume batekoa zen, eta, dirudienez, Hippo Regius hiri txikian jaio zen, Numidian (Afrika). Garai hartako beste intelektual handi baten lagun mina izan zen, Plinio Gaztearena, hain zuzen ere. Pliniok domus inperialaren giroan sartzen eta Trajano eta Hadriano enperadoreen konfiantza lortzen lagundu zion, eta enperadoreek administrazio-karguak eman zizkioten beren inguruan. Baina Hadrianoren uste ona galdu zuenean, bizitza publikotik aldendu zen eta idazteari ekin zion. -Suetonioren obrarik ezagunena Hamabi zesarren bizitzak da, eta, hor, julio-klaudiotarren eta flaviotarren dinastietako enperadoreen biografiak jaso zituen. Lan nahiko pertsonala da, eta ezin da hertsi-hertsian lan historikotzat hartu, Suetonioren beraren iritzi partikular asko baititu, bai eta zurrumurruetan eta susmoetan oinarritutako informazioak ere. Hala ere, enperadore horiei buruzko informazio ugari ere ematen du, bai eta haien itxura fisikoari, ohiturei, bizitza pribatuari eta ibilbide publikoari buruzko datuak ere.

Biografia horietatik guztietatik, Augustorena irakurri da gehien Antzinarotik gaur egun arte, nahiz eta Suetoniok lehen princepsari buruz egiten duen erretratua anbibalentea dela esan daitekeen: negatiboa boterea eskuratu aurretik, moderazio falta erakusten baitzuen, eta positiboagoa tronua eskuratzetik aurrera, ereduzko enperadoretzat hartzen baitu.

Hain zuzen ere, Augustoren biografian (Aug. 49), Suetoniok adierazten du enperadoreak kalagorritarrak errekrutatu zituela bere guardia pertsonalerako, Marko Antonio Aktiumgo Guduan garaitu arte (K.a. 31), eta, gero, germaniarrez ordeztu zituela. Gaur egungo historiografiak kalagorritar horiek baskoitzat hartzen ditu, hiri hori herri horren lurraldekoa baitzen. Nolanahi ere, errekrutatze horren oinarria guardia de corps edo errege-guardia gisa zuten erabilgarritasuna zen, eta, beraz, borrokarako zuten balioa eta erromatarrengandik horregatik lortutako estimazioa. Albiste horretan oinarrituta, historiografia modernoak azaltzen du horrek hiria erromatarren ustez «errehabilitatu» egin zela adierazten duela, Julio Zesarren alde egitean Zesarren eta Ponpeioren arteko gatazkan (K.a. 49), Sertorioren alde egin ondoren (K.a. 80-72), jeneral hori Erromaren aurka matxinatu zenean. Kalagorritarrak princepsa babesteko hautatzeak hiriko biztanleek erromatarren konfiantza berreskuratu zutela adieraziko luke, Erromarekiko leialtasunari dagokionez.

Obrak

Larrañaga, K. (arg.): Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.

Suetonio,Vida de los doce Césares, Ramírez de Verger, A. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 1992.

Bibliografia

Andreu, J.: «El territorio vascón y sus ciudades en la era de Augusto» in Gerión, 35, zenbaki berezia (2017), 551.-569. or.

Espinosa, U.: Calagurris Iulia, Logroño: Colegio Oficial de Aparejadores y Arquitectos Técnicos de La Rioja; Ayuntamiento de Calahorra, 1984.

Ramírez Sádaba, J. L.: «Vascones por las tierras del Imperio Romano» in Príncipe de Viana, 261 (2015), 373.-384. or.

Sayas, J. J.: Los Vascos en la Antigüedad, Madrid: Cátedra, 1994.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Suetonio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 53-54.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP