Ibilbidea
Erromako Errepublikaren eta Goi Inperioaren garaian mendebaldeko Pirinioen inguruan —Antzinate Berantiarretik aurrera, Baskonia esaten zaio eremu horri zenbait esparrutan— izandako gertaera historikoei buruzko iturri historiografikoak eta literarioak —garaiko idazle greko-latindarren lanei esker izan dugu gertaera horien berri— ez dira apenas aldatu gertaera horiek duela mende batzuk biltzen hasi zirenetik. Testu eta egile berdinak izaten jarraitzen dugu, nahiz eta haiei buruzko ikuspegia aldatuz joan den. Baina, beste iturri batzuei dagokienez (iturri epigrafikoak, numismatikoak eta arkeologikoak, esaterako), aurkikuntza asko izan dira eta askoz datu gehiago ditugu, eta hori lagungarria da lurralde horietan erromatarrek K.a. iii. mendearen aurretik abiatutako konkista hasi zenetik K.o. iii. mendeko krisira arte gertatutako prozesu historikoak hobeto ulertzeko. Baina iturri historiografikoetan eta literarioetan berritasunik ez egoteak ez du esan nahi iturri horiek beste ikuspegi batzuetatik eztabaidatu eta aztertu ez direnik, eta, aipatutako beste iturriekin batera, ez dutela eskualdearen azterketarako ezer berririk ekarri. Azterketa berri horietan, eskura dauden testuen irakurketa hobe bat baliatu da, eredu historiografiko zaharkituak alde batera utzi dira, eta iturri–eskasiak zenbait esparrutako ikertzaileen (historialariak, hizkuntzalariak, legegileak, etab.) artean eragindako ikuspuntuak batera jarri dira.
Iturri literarioen kopurua, esan dugun moduan, handitu ez bada ere, iturri horiek erromatarren garaian eremu horretan gertatutakoei buruzko interpretazioa baldintzatzen jarraitu dute, neurri batean. Izan ere, gurera iritsi diren testuek, neurri batean edo bestean, oso informazio espezifikoak ematen dituzte lurraldean K.a. iii. mendetik K.o. iii. mendera bitartean izandako gertaerei buruz; informazio geografikoa, etnografikoa, militarra eta administrazioaren esparrukoa, hain zuzen ere. Geografiari dagokionez, informazio hori transmititzen duten egileek, hala nola, Polibiok, Estrabonek, Plinio Zaharrak, Ptolomeok eta Avienok, lurralde horretako biztanleak mendebaldeko Pirinioen eta Ozeano Atlantikoaren inguruko eremuan kokatzen dituzte, Garonaren haranean iparraldean, eta Ebro ibaiaren haranean zehar hegoaldean. Etnografiari dagokionez, mendebaldeko Pirinioen inguruko eremua akitaniarren, baskoien, barduliarren, karistiarren, autrigoien eta beroien antzinako lurraldea zela zenbait idazle greko-latindarren (Salustio, Zesar, Estrabon, Ponponio Mela, Plinio Zaharra, Ptolomeo, etab.) testuetatik ateratako informazioa da. Izan ere, egile horiek herri horiek eremu horretan kokatzen zituzten. Egile horiek guztiek atzerriko herrien ezaugarriak zehazteko erabiltzen zituzten irizpideak funtsezko hiru premisatan oinarritzen ziren: hizkuntza, kanpoko itxura —jantziak— eta gerra egiteko modua. Baina erromatarrentzat begi bistakoa zena ez da hain nabarmena gaur egungo ikertzaileentzat; izan ere, soldadu akitaniarrek, baskoiek, barduliarrek, karistiarrek eta autrigoiek trebetasunen bat zuten, erromatarrek beren legioen tropa laguntzailetzat hautatzeko modukoa, baina guk ez dakigu ezer trebetasun horri buruz. Herri horien itxurari dagokionez, ez dago informaziorik iturrietan, eta lurralde horretan erromatarren garaian hitz egiten zen hizkuntzari dagokionez —administraziorako latinez gainera—, eztabaida asko egon dira, oso datu gutxi baitaude. Iturri epigrafikoen arabera, badirudi aitzineuskara —euskara-akitaniera— eta hizkuntza indoeuroparrak hitz egiten zirela, baina aztarnak oso urriak dira, eta nekez adieraz daiteke horri buruzko hipotesirik. Iturri historiografikoetan, Julio Zesarrek soilik zehazten du akitaniarrek hizkun-tza propio bat zutela, baina, gaur egun, ez dakigu zein zen.
Egile horien kontakizunetan, gertaera militarrek hartzen dute leku gehien, eta gertaera horietatik, hiru dira iturri historikoetan arreta handien bereganatzen duten kanpainak. Lehenik eta behin, erromatar jeneral matxinatu Sertorioren aurkako gerra, Hispanian (K.a. 82-72). Gertaera horrek erromatarren arteko gerra zibila ekarri zuen Iberiar penintsulara, eta bertako biztanleek batzuekin edo besteekin aliatzea hautatu behar izan zuten. Bigarren, Akitaniako kanpaina eta sociatesen porrota, Julio Zesarren legatu Publio Krasoren tropen aurrean (K.a. 56). Kanpaina horretan herri hori konkistatzean hasi zen erromatarren agintaldia lurraldean. Eta, azkenik, Augusto enperadoreak eta haren jeneral Agripak kantabriarren aurka abiatutako gerrak (K.a. 29-19). Gerra horiekin lortu zuten erromatarrek Hispania Erromatar Inperioan erabat integratzea. Bestalde, iturri horietan ere, Akitanian Krasoren konkistaren ostean izandako zenbait matxinada aipatzen dira, mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuan erabateko bakea lortzen den arte (K.a. i. mendearen inguruan), eta, bestetik, behin eta berriz adierazten dute erromatarren kultura-imajinarioan zirrara sakona eragin zuen gerra-gertakari bat: «fames calagurritana» delakoa, Calagurris (Calahorra, Errioxa) hiriko biztanleen halabeharrezko kanibalismoa, Ponpeioren tropek setiatu zituztenean, Sertorio garaitu ondoren (K.a. 72). Gertaera horiek guztiak, beraz, mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuari lotuta geratu ziren sinbolikoki eta historikoki, Erromako Errepublikaren eta Goi Inperioaren garian. Arlo militarrari dagokionez, Tazitori esker dakigu erromatarrek, eremu hori konkistatu ondoren, tropak, kohorteak… errekrutatu zituztela bertan —baskoiak etnonimoa ageri da iturrietan—, eta horrek adierazten du erromatarren gizarte-bereganatzeko sistemaren ezarpena gero eta sakonagoa izan zela Baskonian K.a i. mendetik aurrera.
Administrazioari buruzko informazioa partziala eta osatu gabea da, eta, horregatik, interpretatzeko zaila. Dena dela, leku garrantzitsua du iturri idatzietan —Plinio Zaharra eta Ptolomeo, batez ere—, eta argi geratzen da mendebaldeko Pirinioen inguruko eremua erromatarren administrazioaren egituran sartuz joan zela apurka-apurka, komunikazio-bideen, galtzaden eta hirien bidez, elementu horiek baitziren erromatarren administrazio-ereduaren oinarria. Izan ere, eremu horretako hiri dezenteren izena ezagutzen dugu, nahiz eta guztien kokapen zehatza zein den ez dakigun. Iturri horiek, halaber, adierazten dute lurraldea Akitania eta Hispania Ziterior probintzietan sartu zutela, administrazio-xedeetarako. Bestalde, Hispania Ziteriorrean, probintziaren eta hiriaren arteko tarteko administrazio–unitate bat sortu zuten: conventusa. Conventusak eginkizun juridikoak zituen, eta Pirinioez hegoaldeko lurraldea zatitu zuen, baskoiak Caesaraugustako conventusaren mende geratu baitziren —Caesaraugusta (Zaragoza) zen hiriburua—, eta autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak, berriz, Cluniako conventusaren mende —Clunia (Coruña del Conde, Burgos) zen hiriburua—.
Beste informazio-mota batzuei buruz —gizarte-, ekonomia- edo erlijio–alderdiei buruzko informazioa—, iturri horietan, datu solte batzuk baino ez daude, iturri horien helburua ez baitzen gai horiek aztertzea. Izan ere, datu gehiago dauzkagu alderdi horiei buruz epigrafiari eta arkeologiari esker. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar erromatarren garairako eta are protohistoriaren zati handi baterako —Burdin Aroa— lurraldeari buruz dakigun ia guztiak erromatarren pentsamolde administratibo-militarrean duela jatorria, eta Inperioaren behar ekonomikoekin lotuta dagoela. Alde horretatik, eremuari buruz dakiguna gehiago dago oinarrituta mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuak Erromatar Inperioan duen lekuan, eremu horrek eta bertako biztanleek erromatarren garaian izandako garapen historikoaren ezaugarrietan baino, nahiz eta hori izango litzatekeen egokiena ikertzaileen ikuspuntutik. Izan ere, erromatarrek lurralde horretan izandako eragina baino gehiago, hauxe da jakin dezakeguna: nola egokitu zen lurraldea erromatarren beharretara, eta nola moldatu eta eraldatu zen, Inperioko beste lurralde bat izateko. Egia esan, ikuspegi hori ikuspuntu nolabait «koloniala» da, eta gaur egungo ikertzaileentzako erronka ikuspegi hori gainditzea izango litzateke, eta beste ikuspegi berri batzuk proposatzea, baina hori oso zaila dela aitortu behar dugu.
Bestalde, egileek —Polibio, Salustio, Zesar, Tito Livio, Estrabon, Ponponio Mela, Plinio Zaharra eta Ptolomeo, besteak beste— datu gutxi ematen dituzte Baskoniaren historia aztertzeko, eta lurraldeak ezaugarri bereziak izan ditu mendez mende. Hori dela eta, ibilbide luzea izan duten zenbait eztabaida historiografiko sortu dira Pirinioen inguruko eremuaren Antzinaroko historia aztertu duten ikertzaileen artean. Lehenbiziko eztabaida eremu horretako biztanleek erromatarren konkistarekiko izandako jarrerari buruzkoa da. Eztabaida horretan, lurraldeko biztanleek, Sertorioren Gerran batez ere, Erromaren alde edo aurka egin zuten da eztabaidagaia, eta mendez mende, aukera horietako bat edo bestea nagusituz joan da, txandaka. Eztabaida horrek berehala eragin zuen hurrengo eztabaida, eta hor, honako hauek jartzen ziren agerian: Pirinioetatik gertuen dauden bi eremuek osatutako eskualdearen erromanizazio–maila urria zela, Hispaniako Ebro ibaiaren haranaren eta Galiako Garona ibaiaren inguruko eremuaren erromanizazio-maila handiagoarekin alderatuta, eta horrek adierazten duela lurralde horretan guztian gune zentral bat zegoela, eta hor erromatar aztarna gutxiago zeudela beste eremu periferiko batzuetan baino. Aztarnen arabera, pentsa zitekeen lurraldearen konkista partziala izan zela, eta ez erabatekoa, eta horrek dagokion mito historiografikoa sortzea erraztu zuen. Eztabaida horrek oinarri ideologikoa zuen, xix. mendean batez ere, Espainiako probintzietan foruei buruzko eztabaida baitzegoen, baina berehala hedatu zen herri-esparrura. Erromak konkistatu gabeko Baskoniaren ideia da giro intelektual horren adierazle nagusietako bat. Eta hirugarren eta azken eztabaida ere, garai horretako espirituarekin lotuta dago, xix. mendetik euskaldun izatea kristau-erlijioarekin lotzen baitzen —euskaldun, fededun—. Hori dela eta, eztabaida sutsuak sortu ziren mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuaren kristautze goiztiarraren edo berantiarraren inguruan.
Hiru eztabaidek oihartzun historiografiko handia izan dute Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren Antzinaroko historian, eta Akitania kanpoan utzi dute. Lurraldeko biztanleek Erromaren alde, edo bestela, Erromaren kontra egin zuten argitzea zaila da oraindik ere, eskura dauden iturri historiografikoak kontuan hartuta. Bigarren topiko historiografikoa, Erromaren presentzia urria Baskonian, alegia, lurraldean erromatar aztarna gutxi egoteak eragindakoa zen, baina hori konponduz joan da azken hamarkadetan, arkeologia-kanpainak ugaritzeari esker. Beste eztabaida tradizional batzuek indarra galdu dute gaur egun, hala nola kristautzeari buruzko eztabaidak, impasse-egoera batean geratu baita, datu berriak ez daudelako eta gaur egungo gizartea sekularizatuta dagoelako. Gauzak horrela, iturri literario greko-latindar urrien kopurua handitu ez bada ere, gero eta arkeologia-aztarna gehiago aurkitu dira, eta horiek sistematikoki ezetsi dute lurraldean erromatarren presentziarik egon ez zelako ideia, ideia herrikoa, zientifikoa baino gehiago. Izan ere, lurraldeak erromatarren garaian zuen antolaketa nabarmenaren eta K.o. v. mendetik aurrera Goi Erdi Aroaren hasiera arte zoritxarrez denbora luzez dugun informazio-gabeziaren arteko kontrasteak honako hau erakusten du: erromatarren antolaketak lurraldearen egitura ia sei mendez eratu zuela, eta Mendebaldeko Erromatar Inperioaren amaierak (K.o. 476) Inperioaren -administrazio-aparatua eta aparatu militarra desagertzea ekarri zuela, eta gertaera horrek eragin handia izan zuen lurraldean, denbora asko behar izan baitzen eremuan errotutako erakunde-botere adierazgarrien inguruan berriz antolatzeko. Horregatik, argi dirudi, neurri handiagoan edo txikiagoan, erromatarren presentzia funtsezko elementua izan zela eskualdearen antolamendurako, posizio estrategikoa baitzen Inperioaren mendebaldean. Erromatarrek, hain zuzen ere, eskualdea berariazko erakunde-elementuekin hornitu zuen — hiriak, conventusak eta probintziak—, eta tokiko biztanleria horien inguruan antolatu zen erromatarren agintepean egondako aldi luzean.
Bibliografia
Andreu, J. (koor.): Navarra en la Antigüedad: propuesta de actualización, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2006.
— Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat Autònoma de Barcelona, 2009.
Barruso Bares, P.; Lema Pueyo, J. A. (koor.): Historia del País Vasco. Prehistoria y Antigüedad, Donostia: Hiria, 2006.
Lanz, J.: «Antzinateko baskoiak: izen eta izanaren arteko eztabaidak (XVI.-XXI. mendeak)» in Sancho el Sabio,39 (2016), 33.-65. or.
Larrañaga, K.: El hecho colonial romano en el área circumpirenaica occidental, Gasteiz: UPV/EHU, 2007.
Le Roux, P.: Erromatar Goi Inperioa Mendebaldean. Augustorengandik Severotarrengana K.a. 31 – K.o. 235, Bilbo: EHU, 2015.
Sayas, J. J.: «El territorio aquitano entre la asimilación romana y el mantenimiento de su especificidad» in Segundo Congreso General de Historia Navarra, 2, Conferencias y comunicaciones sobre Prehistoria, Historia Antigua e Historia Medieval, Príncipe de Viana, 14. eranskina, LIII (1992), 153.-180. or.
— Los Vascos en la Antigüedad, Madrid: Cátedra, 1994.
Torregaray, E.: «Vascones en la Antigüedad: entre la historia y el mito» in Boletín Arkeolan, 15 (2007-2008), 59.-72. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 35-39.





