Karguak eta lanbideak
Erromatar gramatikaria
Ibilbidea
Ezer gutxi dakigu S. Ponpeio Festori buruz. K.o. ii. mendeko erromatar gramatikaria izan zen, eta, zenbait ikertzaileren ustez, haren izen osoa Sextus Pompeius Festus izan zitekeen. De verborum significatu izeneko lanaren egilea da. Lan hori zenbait gairi buruzko ezagutzak biltzen dituen hiztegi entziklopediko bat da. Besteak beste, historiako, gizarte-arloko, erlijioko eta geografiako ezagutzak sartu zituen obra horretan. Jatorriz, lan hori hogei liburuk osatzen zuten, bat letra bakoitzeko, baina lan gehiena galdu egin da, eta zatiak baino ez dira iritsi gurera, eta beste egile batzuen lanetan aipatzen diren pasarte batzuk. Dirudienez, S. Ponpeio Festoren lana izenburu bereko aurreko lan baten laburpena da. Lan hura Verres Flakok idatzi omen zuen, Augustoren garaian, Aelius Gallusen De verborum quae ad ius civile pertinent significatione libri lana (K.a. ii. mendea) iturritzat erabilita.
Gurera iritsi diren pasarteetako batean, Festok Gracchurris (Alfaro, Errioxa) terminoa aipatzen du. Festoren arabera, iberiar hiri bat da, lehenago Ilurcis zena, eta izen berria Senpronio Grakoren izenetik hartu zuen —urbs Hiberae, dicta a Graccho Sempronio, quae antea Ilurcis nominabatur— (VII. liburua). K.a. 179. urtearen inguruan, Tiberio Senpronio Grakok, zeltiberiarren armada bat Mons Chaunusen (Moncayo mendia, agian) inguruan garaitu ondoren, Gracchurris sortu zuen Ilurcis hiri indigenaren gainean, posizio seguru bat sendotzeko, erromatarrak Ebro ibaiaren haranaren inguruan egiten ari ziren aurrerabide militarreko prozesuan. Historiografia ez da ados jartzen hiri berriaren biztanleei buruz: batzuen ustez, gertuko komunitateetako kideak izango ziren, indoeuropar jatorrikoak, eta beste batzuek, berriz, baskoiak izango zirela defendatzen dute, K.o. i.-ii. mendeetan civitas hori baskoitzat ageri baita.
Obrak
Lindsay, W. M. (arg.): Sexti Pompei Festi De verborum significatu quae supersunt cum Pauli epitome, Leipzig: Teubner, 1913.
Pérez de Laborda, A. (arg.): Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996.
Bibliografia
Armendáriz, J.: De aldeas a ciudades: el poblamiento durante el primer milenio a. C. en Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2008.
García Riaza, E.: «En torno a la paz de Graco en Celtiberia» in Alvar Ezquerra, A. (koor.): Actas del IX Congreso Español de Estudios Clásicos, 1. libk., Madrid: Sociedad Española de Estudios Clásicos, 2005, 469.-480. or.
López Melero, R.: «¿Gracchurris fundación celtibérica?» in Veleia, 4 (1987), 171.- 177. or.
Montañana, A.: «Postliminium receptum Gallus Aelius in libro significationum, quae ad ius pertinent» in Revista General de Derecho Romano, 17 (2011), online.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “S. Pompeio Festo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 59-60.





