Karguak eta lanbideak
Poeta
Ibilbidea
Egile anonimoa da, jatorriz Saxoniakoa; agian, San Galo abadiako monje bat, edo bestela, Corveyko abadiakoa. Annales de gestis Caroli magni imperatoris libri quinque izenburuko urte-liburuak idatzi zituen, 888tik 891ra. Lan horretan, Saxoniako historia, 771tik 814. urtera bitartekoa, bertsotan kontatuta dago, bost liburutan. Batetik, ahozko tradizioa izan zuen iturri, Karlomagnok Saxonia konkistatu izanari dagokiona, hain zuzen, eta bestetik, iturri karolingioak, hala nola Annales Regni Francorum edo Eginhardoren Vita Karoli Magni. Ez dakar ia ekarpen berririk historiografiarako, baina Orreagako Guduaz (778) egindako kontakizunak (778) ederki laburbildu zuen karolingioek gertakari hartaz zabaldutako doktrina:
«[Karlomagno], itzuleran, Pirinioetako lekurik sakonenera iritsia zenez, eta mendi-lepoen artean irekitzen diren haitzarte meharrak zeharkatzen ari zenez, tropak akituak zeudela, baskoiak segada bat egitera ausartu ziren mendiotako kaskoen oinetan, eta berriz ere saiatzen dira borrokatzen. Hitz batez, erregearen armadaren atzeguardiari eraso eginik, lehenik mendixken gainetik jaurtigaiak bota eta soldaduak hil zituzten. Leku meharraren desabantailak eraginik, frankoak egoera txarragoan zeuden, nahiz eta erasotzaileak baino gehiago izan, bai armetan, bai adorean. Erregea jada aurretik zihoan, eta armadaren gainerakoa atzetik zerraikion, hatuak garraiatzen; horrek armadaren ibilera trabatu eta geldoago egiten zuen. Eraso horren aitzinean, izuak armada hartu zuen; bat-bateko eraso zalapartatsuak eraginik, soldaduak txunditurik gelditu ziren, eta bidelapur haien nahaspila higuingarri hura garaile atera eta sekulako harrapakinaz jabetu zen, hildako anitz eraginda. Izan ere, paladin batzuk erori ziren, erregearen altxor aberatsa zaintzeko ardura zutenak, eta horren ondorioz, harrapakin izugarri haiek bidelapurrak aberastu zituzten. Balentria haren ondotik, etsaiek ziztuan ekin zioten ihesari, oihan handiko bide bihurrietan barna; ederki ezagutzen zituzten mendietako gailurrak, oihanetako zoko-moko ezkutuak eta ibarreko kobazulo sakonak. Tropak arrapaladan barreiatuta, eta, gaua gainera etorrita, ezinezkoa izan zen bilaketa oro, eta mendeku oro ere bai. Eta hain gaiztakeria handia zigorrik gabe gelditu zenez, hodei goibelak zabaldu ziren erregearen gogoaren gainean; gero, ordea, baretasuna berreskuratu zuen, ezin konta ahala garaipeni esker».
Obrak
Annales de gestis Caroli magni imperatoris libri quinque. In Winterfeld, P. von, Annales de gestis Caroli magni imperatoris. Monumenta Germaniae Historica. Poetarum Latinorum Medii Aevi. Tomus IV, Berlin: Weidmann, 1909.
Bibliografia
Coupland, S., «From Poachers to Gamekeepers: Scandinavian Warlords and Carolingian Kings», in Early Medieval Europe, 7. zk., 1. libk. (1998), 85.-114. or.
Godman, P., Latin Poetry of the Carolingian Renaissance, Norman: University of Oklahoma Press, 1985.
Krüger, K. H., «Poeta Saxo: Die Entdeckung der ostfränkischen Königspfalzen», in Ehlers, C.; Jarnut, J., eta Wemhoff, M. (argk.), Zentren herrschaftlicher Repräsentation im Hochmittelalter: Geschichte, Architektur und Zeremoniell, Göttingen: Vandenhoeck & Ruprecht, 2007, 87.-99. or.
Rembold, I., «The Poeta Saxo at Paderborn. Episcopal authority and Carolingian rule in late ninth-century Saxony», in Early Medieval Europe,21 (2013), 169.-196. or.
Segura Munguía, S., Mil años de historia vasca a través de la literatura greco-latina. De Aníbal a Carlomagno, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1997, 242.-243. or.
Aipamen bibliografikoa
Álvarez Berastegi, A., “Poeta Saxoia”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 202-203.





