Karguak eta lanbideak
Testua gaztelaniaz
Genealogías de Meyá.
Ibilbidea
Iruñeko lehen errege-erreginen familien aurrekari genealogikoen bilduma bat da. Lehen aurrekariak Eneko Aritzari eta haren ondorengoei dagozkie (Enekok, Aritza abizenekoak, Gartzea Enekoez sorrarazi zuen, bai eta Asona andrea ere, hots, Muzaren emazte izango zena, Borja eta Terreroko jauna…) eta, azkenak, Gartzea I.a Santxezi. Hau da, leinu horien pertsonaien berri eman zuten viii. eta x. mendeen artean. x. mendearen bukaeran onduak, genealogiak Rodako kodexean sartu zituzten 1000. urtearen inguruan; horrenbestez, Europako testurik zaharrenetako bat da genero horretan. Edukian Iruñeko Aritzatarren eta Ximenotarren etxeetako genealogia jasoa dago zehatz-mehatz, baina era berean, Aragoiko kondeena —Aznar Galindo I.etik aurrera— eta Pallars-Ribagorza, Gaskoinia eta Tolosako kondeena. Testuaren bukaeran, errege-erregina frankoen zerrenda bat ageri da Karlomagnoren garaitik Lotario I.era bitarte. Genealogia xehe-mehe emana dago. Adibidez, Andregoto andrearen anai-arrebaorde legitimo eta bastart ugariak ageri dira, bai eta al-Tawilen jaurerriko (Huesca) haien lehengusu-lehengusinen izenak ere. Iruñeko leinuak Arabarekin ere ahaidetu ziren (andre Santxaren bigarren senarra Arabako Albaro Herramelliz izan zen), bai eta Bizkaiarekin ere (Belaskita andrea Bizkaiko Momo kondearen emaztea izan zen, eta Aznar Munioz, Lupo Munioz, Santxo Munioz eta Belaskita andrea sorrarazi zituen). Momo Bizkaiko kondeari egindako lehen aipamena da, hots, Iruñeko Antso I.a Gartzezen alaba Belaskita andrearekin ezkondu zenari.
Bilduman, guztira, 151 pertsona ageri dira, bakoitza bere izenarekin. 108 gizon eta 43 emakume. Beste 17 gizonen izena haien hurrenez-hurreneko seme-alaben patronimikoaren bidez zehaztu daiteke. Pertsona horietako batzuk bat datoz beste iturri garaikide batzuetan ageri direnekin. Iturriok, zehazki, kronika arabiar batzuk dira, eta era berean, Siresako, Leireko nahiz San Juan de la Peñako monasterioetako agiri zaharrak eta Aragoiko, Ribagorzako nahiz Pallarsko Goi Erdi Aroko bestelako agiriak ere bai.
Obrak
Genealogías de Roda (Ordo numerum regum pampilonensium). Códice de Roda kodexean sartua. Lacarra, J. M.ª (arg.), «Textos navarros del Códice de Roda», Estudios de Edad Media de la Corona de Aragón, 1 (1945), 229.-245. or.
Bibliografia
Bautista, F., «Genealogía y leyenda: el surgimiento de los reinos de Castilla y Aragón», in e-Spania. Revue électronique d’études hispaniques médiévales(online), 7 (2009) (2018ko irailaren 3an egindako kontsulta).
Martín Duque, A. J., «Del espejo ajeno a la memoria propia», Martín Duque, A. J. (zuz.), in Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea, 1. libk., 1996, 21.-50. or.
Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 423.-427. or.
Ubieto Arteta, A., «La elaboración de las Genealogías de Roda», in Miscelánea José María Lacarra de Miguel, Zaragoza: Universidad de Zaragoza, 1968, 457.-464. or.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Rodako Genealogiak“, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 155-156.





