Karguak eta lanbideak
IV. mendearen hasieran Inperioa osatzen zuten probintziak jasotzen ditu
Ibilbidea
Dokumentu hori vii. mendeko eskuizkribu bakar batean iritsi da gurera, eta Diokleziano enperadorearen (284-305) erreformetatik sortutako probintzia–sare berria biltzen du. Enperadoreak pretorioko prefektuak administrazio-hierarkiaren maila gorenean jarri zituen, eta, helburu militarrak (mugetako probintzien zaintza areagotzea), fiskalak eta judizialak (lurraldearen eta ogasunaren kontrol hobea izatea) lortze aldera, probintzia-kopurua handitu egin zuen, lehendik zeuden 48 probintziak tamaina txikiagoko lurralde-unitateetan zatituta, 104 probintzia izan arte. Probintzia horiek gobernadore zibilek kudeatzen zituzten, eta goragoko mailako administrazio-unitatetan bildu zituzten, diozesitan, alegia. Guztira, hamabi diozesi sortu ziren, eta zaldunen ordenako vicarius batek gobernatzen zuen diozesi bakoitza. Vicariusa, berriz, pretorioko prefektuaren mende zegoen. Dirudienez, Dioklezianoren erreforma hori amaituta zegoen 297.-298. urterako. Galiako hegoaldeko probintzia gehienak Biennensis edo Viennensis diozesian sartu zituzten (geroago, Septem Provinciarum esan zioten), eta hiriburua Burdigala (Bordele) izan zen, eta, geroago, Arelate (Arlés). Augustoren garaian sortutako Akitania probintziari dagokionez, hiru unitate berritan banatu zuten: Akitania Lehena —Aquitanica Prima—, Akitania Bigarrena —Aquitanica Secunda— eta Novenpopulania —Novem populi—. Novenpopulanian, Pirinioen eta Garona ibaiaren artean kokatutako lurraldeak sartu zituzten, Zesarrek deskribatutako akitaniar prerromanoen eremuan. Bitartean, Hispaniako probintziak eta Afrikako Mauritania Tingitana probintzia Hispaniarum diozesian sartu zituzten, hiriburua Augusta Emerita (Mérida) zela. Tarraconensis probintzia txikiagotu egin zuten, baina mendebaldeko Pirinioetako hegoaldeko isurialdeak probintzia horren barruan jarraitu zuen.
Azkenik, dokumentuaren amaieran (Lat. Ver. 14.2-11), gentes barbarae gisa sailkatzen diren zenbait herri aipatzen dira, Erromako enperadoreen agintepean bizi zirenak —quae pullulaverunt sub imperatoribus—. Komunitate horietatik gehienak Inperioko muga geografikoetatik harago bizi ziren, baina batzuk mugen barruan zeuden kokatuta. Hispaniako kasuan, Celtibariak eta Cantabriak aipatzen dira. Baliteke zeltiberiarrak eta kantabriarrak aipatzearen arrazoia oraindik «gutxi zibilizatutako» bizimodua zutela izatea, erromatarren ikuspuntutik. Ikuspegi hori, bestalde, elikatu eta indartuko zuten Errepublikaren garaitik literatura-iturrietan herri horiei buruz ageri ziren topiko erretorikoen etengabeko errepikapenek. Nolanahi ere, baskoiak ez dira zerrenda horretan ageri, eta horrek frogatzen du dokumentu hori idatzi zenean oraindik sortu gabe zegoela baskoiei buruzko Inperio berantiarreko irudi literarioa, baskoi pagano, barbaro eta menditarraren irudia, alegia, iv. mendearen amaieratik aurrera egileek behin eta berriz errepikatu zutena.
Obrak
Seeck, O. (arg.): Notitia Dignitatum: accedunt Notitia urbis Constantinopolitanae et laterculi prouinciarum, Berlin: Weidmann, 1876. Berrinp. Frankfurt am Main, 1962, 248.-253. or.
Bibliografia
Arce, J.: «Cantabria y los Cantabri en la Antigüedad Tardía: siglos v-viii» in Peña Suárez, R.; Fernández Vega, P. A. (argk.): Catálogo, Apocalipsis: el ciclo histórico de Beato de Liébana, Santander: Consejería de Cultura, 2006, 15.-25. or.
García Moreno, L. A.: El bajo imperio romano, Madrid: Síntesis, 1998.
Lanz, J.: «A propósito de una legatio en el “Ara de Hasparren”» in Cordeiro Macenlle, R.; Vázquez Martínez, A. (argk.): Estudos de Arqueoloxía, Prehistoria e Historia Antiga: achega dos novos investigadores, Santiago de Compostela: Andavira, 2016, 537-552. or.
Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Laterculus Veronensis”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 66-67.





