Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA MUSULMANAK

IBN ḤAZM, Abū Marwān ˀAlī b. Aḥmad b. Saˀīd. Kordoban jaio zen 384./994. urtean eta Montija herrian [Huelva] hil zen, 456. urteko ša’bān hilaren 28an/1064ko abuztuaren 15ean.

Karguak eta lanbideak

Poeta, teologoa, filosofoa, historialaria, tradizio-idazlea eta genealogista

Ibilbidea

Ibn Ḥazm Almanzorreko bisirraren eta Abd al-Malik al-Muẓaffarren semea izan zen. Almanzorren gorteko hirian, funtzionarioen auzoan eta zehazki al-Zāhirako errebalean kokaturiko almunian jaio zen. Lehen urteak haremean igaro zituen, baina garaiko gertakarien eta Sanchueloren agintaldiaz geroztik kalifa-herrian izan ziren aldaketa politikoen ondorioz, aitak gortea utzi behar izan zuen halabeharrez. Hauek izan ziren aldaketa haietako batzuk: al-Muẓaffarren heriotza goiztiarra, Hišam II al-Mu’ayyad tronutik kanporatzea eta Muḥammad al-Mahdī tronuratzea. Kalifaren hilketaren ondoren, eta Hišam II.ak berriro ere boterea eskuraturik, Ibn Ḥazmen familiak kalifaren balidoaren jazarpena jasan zuen, eta, hala, amiriar leinuarekiko lokarri guztiak apurtu zituen. Zorigaiztoko bizimodua izan zuen Ibn Ḥazmen familiak: aitaren umezurtz, hemezortzi urterekin Almeriara jo zuen Abū Bakr Muḥammad b. Isḥāq lagunarekin. Urte batzuen buruan, Kordobako omeiatarren aldeko plan bat prestatzea leporatu zioten, eta atxilotu eta erbesteratu egin zuten. Abd ar Rahman III.ak omeiatarren kalifatza berrezartzeko asmoa zuela jakinik, Ibn Hazmek Valentziara jo zuen, baina etapa berri horren aldeko batzuen traizioak eta goranahiak eraginda, porrot egin zuten prestatutako plan guztiek. 415./1023. urtean, ‘Abd al-Raḥmān al-Mustaẓhirrek kalifatza berregin zuen, eta Ibn Ḥazmek aitaren maila politikoa berreskuratu zuen, tradizio-idazle eta teologo bokazioa gorabehera. Jarduera intelektual, literario eta bereziki juridiko-teologikoan murgildurik, hiru ideal hauek izan zituen ipar: zahirismo literalista, arabismoa eta omeiatarren kalifa-herri andalustarraren defentsa. Interes horien ondorioz, etsai eta jazarraldi ugari izan zituen, batez ere zahirien aurkakoen aldetik.

Genealogiari buruzko idatzietan, Casio kondea aipatu zuen (Banū Qasī familiaren eponimoa), nola joan zen Siriara eta bihurtu zen Islamera. Jatorriz godoa, Casio kondeak mendeko izatea negoziatu zuen musulmanekin, eta bai berak bai bere ondorengoek parte-hartze nabarmena izan zuten Asturiasen sorreran. Orobat, musulman andalustarrekin bezerotza-harremanak sortu ziren haien eskutik, eta hala, mawlà edo bezero bihurtu ziren. Hari buruzko azken albistea Alfontso III.aren Crónica anónima lanean agertu zen, 842. urte inguruan, Albeldako borrokaren harira.

Ez dago datu askorik haren heziketari buruz. Egileak berak jakinarazitako berri apurren arabera, zuzenbide-ikasketak egin zituen, baita erlijio-errituen ingurukoak ere, jada heldutasun intelektuala iritsi zuenean. Ez dago daturik jakiteko nor izan zituen maisu (fahrasa). Dizipulu andalustarren artean, Abū-l-Qāsim Ibn Sa’id (Almería 420/1029. Toledo 462an/1069an hila) historialaria eta Toledoko kadia nabarmentzen da, Tabaqāt alumam lanaren egilea; jakintza zientifiko eta filosofikoaren lehen historia unibertsal handia da lan hori, eta edukietan nahiz metodo kritikoan nabaria da Ibn Ḥazmen Fiṣal lanaren eragina. Hauek izan ziren bere beste dizipulu batzuk: Abū ‘Umar b; ‘Abd al-Barr, Mujtaṣar yāmi’ bayān al-‘ilm wa-faḍli-hi entziklopediaren egilea, bere idatzien kopista; Abū Naya’ Salim bn Aḥmad (397/1006-461/1068) bere obra hedatu zuena; Mallorcan, Abū ‘Abd Allāh al-Ḥumaydi (Mallorca ca. 420/1029-Bagdad 486/1093), al-Yidwat obraren egilea; Sevillan, Ibn Ḥazmen jarraitzaile izan ziren, Surayh bn Muḥammad b. Surayh (jaio 451/1059-hil 537/1142) eta Abū Muḥammad Ibn al-‘Arabī bisirra eta imama. Almerian, berriz, egile kordobarraren pentsamendua Muḥammad al-Anṣāriren bidez zabaldu zen (hil 532/1137).

Ibn Ḥazmek Penintsulako ekialdean barna eginiko bidaietan ondu zuen bere ekoizpen intelektual eta literarioa; ez alferrik, García Gómezek «intelektual erromesa» esaten dio, Kordoba, Almería, Talavera, Mallorca, Denia eta Sevillako taifetan barna ibili baitzen. Azkenik, Montijan hil zen.

Obrak

Ŷamharat ansā al-‘arab, Beirut: Dār al-Kutūb al-Ilmiya, 2003.

Ǧamharat ansāb al-arab, Lévi-Provençal (arg.), Le Caire, 1948.

Naḳt al-‘arūs. Seybold,C. F. (arg.), in Revista del centro de Estudios Históricos de Granada y su reino, 1911.

Risāla fī faḍā’il aḥl al-Andalus, Maḳḳarī, Analectes, II, 109 folk.

A-Rad ʿala Ibn Nagrīla al-Yahūdī wa-rasāʿil ujra, Kairo, 1965.

Ṭawq al-ḥamama, Beirut, 1972. García Gómez, E. (itz.), El collar de la paloma. Tratado sobre el amor y los amantes, Madrid, 1971, 3. argit.

Bibliografia

Arnáldez, R., «Ibn Ḥazm», EI2, Leiden: Brill, III. libk., 1986, 790.-799. or.

Bosch Vilá, J., «La Ŷamharat ansā al-‘arab de Ibn Ḥazm. Notas biográficas», in Miscelánea de Estudios Árabes y Hebraicos, 10 (1961), 107.-126. or.

Fierro, M.ª I., «El Conde Casio, los Banu Qasi y los linajes godos en al-Andalus», in Studia Historica. Historia Medieval, 27 (2009), 181.-189. or.

Lorenzo Jiménez, J., «Algunas consideraciones acerca del conde Casio», in Studios de Historia Medieval, 27 (2009), 173.-180. or.

Manzano, E., «A vueltas con el conde Casio», in Studios de Historia Medieval, 31 (2013), 255.-266. or.

Puerta Vílchez, J. M., eta Ramón Guerrero, R., «Ibn Ḥazm, Abū Muḥammad», in Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 2004, 3. libk., 392.-443. or.

VVAA, «La España cristiana de los siglos viii al xi. Los núcleos pirenaicos (718-1035), Navarra, Aragón, Cataluña», in Riu y Riu, M. (koord. eta hitzaurrea), Historia de España, dirigida por Menéndez Pidal, VII, Madrid: Espasa-Calpe, 1999,122. or.

Aipamen bibliografikoa

Martínez Almira, Mª. M. “Ibn Hazm”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 286-287.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP