Karguak eta lanbideak
Historialaria, filosofoa, soziologoa, pedagogoa eta, zenbait egileren arabera, ekonomista. Egileak berak idatzitako Ta’rīf edo Detalles biográficos lanari esker dakigu haren biografiaren berri. Muḥammad b. Tāwīt al-Ṭanŷī editoreak (Kairo, 1951) eman zuen argitara lan hori.
Ibilbidea
Jatorriz Arabia hegoaldeko familia bateko kidea zen. Banū Jaldūndarrak konkistaren lehen urteetan iritsi ziren Penintsulara; hasieran Carmonan finkatu ziren, eta ondoren Sevillara joan ziren. Esku-hartze aktiboa izan zuten omeiatarren bizitza politikoan, harik eta kristauek 1248an birkonkistatu zuten arte. Ondorioz, Ceutara joan ziren, eta han finkaturik, hafsi sultangora bildu ziren, Bona emirrak lurrak eta diru-laguntza eman ondoren. Kargu politiko eta militar garrantzitsuetara iritsi ziren, baina Ibn Jaldūnen aitak nahiago izan zuen bizitza espiritualago batera eta zientzia islamikoaren ikasketara erretiratu.
Umezurtz geratu zen 17 urterekin, Afrika iparraldea suntsitu zuen izurrite baten ondorioz, eta 20 urte zituela, hafsi sultangoaren buruak, Ibn Tāfrāgīnek, kātib al-‘alāma kargua eman zion. Handik lasterrera, Bugiara joan zen, Ipar Afrikako hedapena zela eta; ondoren Tilimsenera eta handik Fezera, Abū ‘Inān gobernariak gonbidaturik. Mendebaldeko Magrebeko hiriburuan bizi izan zen 763./1362. urtera arte. Han, tawqī-aren idazkari eta arduradun izendatu zuten, baina goranzko ibilbide hori eten egin zen sultanaren konfiantza faltagatik. Sultan-herriko botere-borroketan nahasi zen gero, eta haietan, Abū Sālim sultanarekin zuen harremanari esker, gora egin zuen berriro ardura postuetan. Hala, idazkari kargua eta ondoren maẓālim edo auzitegi berezien arduradun kargua eskuratu zituen. Sultanaren heriotzak marindar gortera eraman zuen, eta han bilatu behar izan zuen babesa. 764ko rabī’ I hilabetearen 8an/1362ko abenduaren 26an Granadan eman zion aterpe Muḥammad V.ak.
Ibn Jaldūnek nazarien konfiantza lortu zuen, eta Petri I.aren gortera bidali zuten enbaxadore. Sevillan ohore osoz egin zioten harrera, eta Gaztelak sultan magrebtarrekin adostutako bake-ituna sinatu zuen han. Granadara bueltan, Muḥammad V.ak lur ureztatuak eman zizkion Elviraren basetxetik hurbil, eta gure egileak han bildu zuen familia (Konstantinan zen garai hartan). Egoera pribilegiatu hori zela eta, konponezinak izan zituen Lisān al-Dīn Ibn al-Jaṭīb lagunarekin, eta gauzak okerrera joan ez zitezen, BugIara itzultzeko baimena eskatu zion Muḥammad V.ari. Abū Sālim hiltzean, garai nahasi eta gorabeheratsua bizi izan zuen. Itzurian, Al Andalusera jo zuen berriro, baina bidaia horretan atzeman eta atxilotu egin zuten. Kartzelan gau bakarra igaro ondoren geratu zen aske, baina harrezkero Abū Maydan walī edo gobernariaren ribāṭ-era erretiratu zen, bizitza politikoa alde batera utzita eta zientziara eta jarduera intelektualera erabat emana. 772ko muḥarram hilabetearen 10ean/1370eko abuztuaren 4an, ordea, laguntza eskatu zioten berriro, arabiar tribuak ‘Abd al-‘Azīz buruzagiaren kausara bil zitzan. Hala, familiarekin Milyānara jo zuen, marindar hiriburura, sultanak eskatuta. Patuaren makurra, ordea, bera iritsi baino egun batzuk lehenago hil zen sultana. Ibn Jaldūnek onartu zuen berriro Al Andalusera joatea, zehazki Gibraltarrera, 776./1374. urtean; ondoren, estrategia politikoarekin loturiko zenbait gorabeheraren ondorioz, Tilimsenera itzuli zen 776ko šawwal hilabetearen 1ean/1375eko martxoaren 5ean. Haren itzala eta ospea zirela medio, beste misio diplomatiko bat agindu zioten, eta Awlād ‘Arīf tribuaren eskualdean barneratzeko baliatu zuen egokiera, baita bizitza politikotik aldendu eta Ta’rīj lanari ekiteko ere. Egonaldi hartan amaitu zituen sarrera edo Muqaddima eta arabiarren, berbereen eta zanāta herriaren historiari buruzko zenbait kapitulu. 780/1378an, gaixotasun larri baten ondoren, bizilekua utzi, basamortua zeharkatu eta, hainbat gorabeheraren ostean, Konstantinara iritsi zen, handik Sūsara eta, azkenik, Tunisiara.
Tunisian zela enkargatu zion sultanak amai zezala bere obra gorena. Lanari riḥla edo ikasketa-bidaiaren ikuskera dinamikoa eman zion, eta hori ez zitzaien gustatu garai hartako ulema askori. Sultanak etengabeak zituen borrokak eta ugariak etsaiak, eta, ondorioz, Ibn Jaldūni eskatu zion bizi zen erretiro lasaia utz zezala eta kanpaina militarretan lagun ziezaiola. Egokiera hartan, Tunisiako portuan zela, Alexandriarantz abiatu zen itsasontzi bat hartu eta baimena eskatu zuen Mekarako erromesaldia egiteko (784/1382). Bidaia zela medio, familia berriro banandu zen. Alexandriara eta Kairora joan zen, eta handik Mekara. Han, hainbat kargurekin egin zioten ohore: al-Azharko meskitako irakasle izendatu zuten (786/1384), eta Egiptoko mālikí kadi. Hil zen arte, aldizka bete zuen kargu hori. Familia 786./1384. urte inguruan itsasoratu zen, egilearen ametsa bete eta berriro elkarrekin bizitzeko, baina ontzia hondoratu egin zen Alexandriako itsasertzean, eta naufragioan hil ziren emaztea eta alabetako bost. Kadi postua utzita, irakaskuntzari heldu zion berriro al-Ẓāhrīyako madrasan (787/1385). Bi urteren buruan, Mekara erromes joateko nahia berreskuratu zuen, eta horrela egin zuen Yanbu hiritik abiatuta. Leku berera itzulirik, Tīmūrren armadaren aurrean hiriaren errendizioaren lekuko izan zen. Tīmūrrek berak, handik gutxira, Magreben deskribapen xehea eskatu zion, eta 803./1401. urtean baimena eman zion Siria utzi eta Egiptora itzultzeko, aurrez Gazatik igarota.
Irakasle asko izan zituen, Korana nahiz zientzia osagarriak irakasteko, Tilimsen, Tunisia eta Fez hirietan, baita Granadako aljama meskitan ere, hala nola Abū ‘Abd Allāh al-Kūsī. Maisu zerrenda luzeaz gain, komeni da haren hiru dizipulu ere nabarmentzea: Muḥammad b. ‘Ammār alfakia (844an/1441ean hila); al-Maqrīzī (845ean/1442an hila) eta Ibn Ḥaŷar al-‘Asqalānī (852an/1449an hila). Eta, orobat, hiru horiek hainbat historialarirengan izan duten eragina ere azpimarratu behar da. Izen batzuk aipatzearren: al-Qalqašandi (821ean/1418an hila) Muḥammad al-Fāsī (Meka, 832an/1429an hila) al-Sajāwī (902an/1497an hila) al-Suyūṭī (911n/1505ean hila), Aḥmad Bābā (1036an/1627an hila) eta al-Maqqārī (1041ean/1632an hila).
Haren literatura-obra handian nabarmentzekoa da Muqaddima edo Aitzinsolasak. Kitāb al-‘Ibar edo Libro de los ejemplos lanaren sarrera da testu hori. Aipatutako lan horrek, berriz, Historia de los Árabes y no Árabes eta Historia de los Bereberes aztergai dituen Ta’rīj obraren bigarren eta hirugarren liburuak biltzen ditu. Muqaddima da ‘Ibar-aren hitzaurrea eta aurreneko liburua biltzen dituen lehen liburukia, eta sei kapitulu nagusitan (abwāb) banaturik dago, eta kapitulu bakoitza, aldi berean, zenbait sekziotan (fuṣūl). Obrak, egilearen hitzetan, ikerketa terminologiko zabala biltzen du eta honako hauek deskribatzen ditu: historiaren ziklo orokorra, artzain nomaden basakeriaz geroztik historian zehar izan diren zibilizazioak, estatua eta haren etapak (gaztaroa, helduaroa eta gainbehera), luxuen eta urreizunen artean. Azkenik, boterearen jardunarekin loturiko gai etikoak ere biltzen ditu.
Baskoniari buruz, aro islamikoaren aurreko datuak ematen ditu; izan ere, baskoiak Euriko errege godoaren aurka matxinatu zirela esaten du (466-484), nahiz eta garaituak izan. Tropa musulmanek baskoien aurka —batzuetan arabar eta iruindar esaten die— eginiko kanpaina ugarien berri ere ematen du (733, 780, 791, 792, 793, 811, 816, 838). Era berean, ṣaḥib al-Baŝkuns aipatzen du, baskoien agintaria edo polizia, eta al-baŝkunsī terminoa erabiltzen du elementu geografiko baten toponimotzat. Interesgarria da 804. urtean kristauek Tutera berenganatu zuten pasartea hizpide duela ematen duen albistea: jakinarazten du Zaragozako gobernariaren semea, Amrus ibn Yūsuf, atxilo hartu zutela eta Qais haitzera eraman zutela preso —Bambalūna ḥiṣn-a kokatzen den leku posibleetako bat—, nahiz eta Yūsuf aitak berehala askatu zuen. Banū Qasī familiari buruz albiste ugari ematen du. Normandiarrek Al Andalus eta Iruñea berenganatu zituztenekoa ere narratzen du, eta azken horretan Gartzea preso hartu zutela, eta 60.0000 dinarreko erreskatea ordaindu behar izan zuela azaltzen du (245/859). Bestalde, Bambalūna hainbat pasartetan aipatzen da Muqaddima lan horretan, herrialde, lautada eta labore-eremu edo ibar gisa aipatu ere. Eta iii./ix. mendetik aurrera baino ez da aipatzen hango ḥiṣn edo gaztelua, izen berarekin. 247./861. urtean, Muḥammad al bilād Bambalūna buruzagiak beste erasoaldi bat egin zuen, eta Furtūn ibn Garsiya (Orti I.a Gartzez) hartu zuen preso ḥiṣn Qaŝtil delakoan, seguru asko aipatutako Iruñeko gazteluan.
Obrak
Muqaddima (Aitzinsolasak) Quatremère, E. (arg.), Prolégomènes d’Ebn-Khaldoun. Texte Arabe par… Notices et extraits des manuscrits de la Bibliothèque Impériales, Paris: Académie des Inscriptions et Belles-Lettres, 1858, X-XI-XVIII. libk.
Muqaddimat Ibn Jaldun, ‘A. ‘Abd al-Wāḥid Wāfī (arg.), Kairo, 1957-1962, 4 libk.
Ibn Khaldūn. The Muqaddimah. An Introduction to History, Rosenthal, F. (arg.), London-New York, 1967, 3 libk.
Discours sur l’histoire universelle. (Al-Muqaddima), Monteil, V. (arg.), Beirut, 1967-1968, 3 libk.
Le libre des Exemples, t. I, Autobiographie, Muqaddima, Cheddadi, A. (arg.), Paris, 2002.
Ibn Khaldun. Os prolegómenos ou filosofía social, Khoury, J., eta Birrenbach, A. (arg.), Sāo Paulo, 1958-1960, 3 libk.
Ibn Jaldun. Introducción a la historia. Antología, Valencia, R. (arg.), Sevilla, 1985.
Al-Ta’rīf bi- Ibn Jaldūn wa riḥlati-hi-garban wa-šarqan (Ibn Jaldūni buruzko eta Mendebaldean eta Ekialdean barna egin zuen bidaiari buruzko xehetasun biografikoak). Muḥammad b. Tāwīt al-Ṭanŷī, Kairo, 1951. Berrarg. Sarrera: Nūrī al-Ŷarāḥ, Riḥlat Ibn Jaldūn. 1352-1401, AbūẒabī-beirut, 2003.
El Kitab at-Tarif o autobiografía de Ibn Jaldun (732-808 h. /1332-1406 e. C.). Gaztelaniazko itzulpena, egileak bere buruaz eta Mostapha Jarmouni Jarmouniren material poetikoaz zuen pertzepzioari buruzko azterketa. Doktore-tesia. Zuzendaria:
F. Franco-Sánchez, Universitat d’Alacant/Universidad de Alicante, 2015.
Bibliografia
Castillo Álvarez, A. del, eta Montenegro Valentín, J., «La expedición de Abd Al-malik ibn Qatan Al-fihri a los “Pirinaica iuga” en el anónimo mozárabe de 754», in Hispania: Revista Española de Historia, 64. libk., 216. zk. (2004), 185.-202. or.
Estapé Rodríguez, F., Ibn Jaldun: discurso leído el día 28 de octubre de 1993 en el acto de recepción pública de Fabián Estapé en la Real Academia de Buenas Letras de Barcelona y respuesta por el académico numerario Juan Vernet, Barcelona: Universitat Autònoma de Barcelona, 1993.
López Estrada, F., «La embajada de Enrique III de Castilla a Tamerlán en el marco final de la época de Ibn Jaldún», in Viguera Molins, M.ª J. (koord.), Ibn Jaldun: el Mediterráneo en el siglo xiv: auge y declive de los imperios: exposición en el Real Alcázar de Sevilla, Sevilla: Fundación José María Lara, 2006, 182.-187. or.
Lorca Martín de Villoderes, M.ª I., «El esplendor cultural árabe en Al-Andalus. Algunas refexiones en torno a las aportaciones de Ibn Hazm de Córdoba, Ibn Tufayl de Guadix, Ibn Jaldun y Aljoxami en el pensamiento filosófico-jurídico árabe en Andalucía», in Isla de Arriarán: Revista Cultural y Científica, 25 (2005), 61.-82. or.
Machado mouret, O., «Historia de los árabes de España por Ibn Jaldun (continuación)», in Cuadernos de Historia de España, 47-48 (1968), 353.-376. or.
Manzano Rodríguez, M., «Ibn Jaldūn, ‘Abd al-Raḥman», in Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 3. libk., 578.-597. or.
Martínez Gros, G., «Ibn Jaldún y la expansión “franca”», in Viguera Molins, M.ª J. (koord.), Ibn Jaldun: el Mediterráneo en el siglo xiv: auge y declive de los imperios: exposición en el Real Alcázar de Sevilla, Sevilla: Fundación José María Lara, 2006, 142.-145. or.
Pérez de Laborda, A., Guía para la Historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas e índices, Donostia: Txertoa, 1996, 364.-370. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Ibn Jalduni”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 301-304.





