Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA MUSULMANAK

IBN ḤAYYĀN, Abū Marwān Ḥayyān b. Jalaf b. Ḥusayn b. Ḥayyān b. Muḥammad b. Ḥayyān b. Wahb b. Ḥayyān al-Qurṭubī. Kordoban jaio zen 377./987-988. urtean eta 469./30. urteko rabí I hilaren 27an (1076ko urriaren 27an) hil zen. Ibn Ḥayyān al-Qurṭubī ere e

Karguak eta lanbideak

Testua gaztelaniaz

Célebre y renombrado historiador y meritorio literato (adib)

Ibilbidea

Ibn Ḥayyān omeiatarren abizen bereko bezero baten (mawlà) leinuko kidea zen. Zoria tarteko eta bere talentuari esker, gortearen zirkuluetan sarbidea egin zuen; halaber, prestakuntza eta kultura zabala eskuratu zuen maisu, historialari eta filologo, literato, alfaki eta tradizio-idazleen eskutik, batez ere ikuspegi filologikoa ardatz harturik. Horri guztiari esker, azalpenen argitasunean eta letra ederren baliabide erretoriko eta sinbolikoen erabileran nabarmendu zen (adab).

Ibn Jayr tradizio-idazlearen arabera, gaztaroan Kordobako zabalzorta (ṣāḥib al-šurṭa) izendatu zuten, baina datu hori ez zuen jaso Ibn Bassām haren miresle sutsuak. Nolanahi dela ere, haren bokazio historiografikoa eta oso gaztetatik historiarekiko agertu zuen interesa izan zituen Ḥayyānek bere ibilbide profesionalaren ipar. Historia gizarte tradizionalak eraikitzeko tresnatzat hartzen zuen, eta, orobat, gizakion ahultasunaren aurrean Jainkoaren nahi ahalguztiduna onartzea historiaren egiazko «motorra» zela zioen.

Bere larrutan bizi izan zuen fitna, gizarte andalustarraren garai iluna; boterea lortzeko barne borroken eraginez sortutako nahasmenduen ondorio izan zen aldi hura. Gortearen esparruan eta garaiko politikan gertatu ziren aldaketek baldintzatu zuten haren bizitza pertsonala, eta, esaterako, Abd al-Mālik boterera iristearekin batera, zorigaiztoko bizimodua izan zuen, jada adinean aurreratu samar. Hala ere, horrek ez zuen bere ekoizpen intelektuala mugatu, ezta anonimatura eraman ere. Horren erakusle, al-Ma’mūn Ibn Ḏī l-Nūn Toledoko jaunaren eta kalifa-gorterako izangaiaren estimua lortu zuen, obra hari eskaini izanak erakusten duen moduan. Izangaiak, ordea, porrot egin zuen, eta, ondorioz, 461./1068-69. urtean Kordoba bereganatu zuen al-Mu’tamid kalifarekin modu berean jokatu zuen. Agi denez, haren kontrako kanpainen eraginez egoera negargarrian eta miseria erabatekoan zegoelako jokatu zuen horrela. Egoera horretan hil zen, laurogeita hamabi urte zituela.

Gran historia lana idatzi zuen, Ibn Ḥazmen lekukotzaren arabera; 410./1020. urte ingururako, jada hamar liburuki zituen lan horrek. Obrak zatikatutako materialen multzo bat bildu zuen: al-Muqtabis VII edo Urte-liburuak, fitna hasi baino lehen idatziak, eta istiluen garaiko gertakarien narrazioa. Corpus horri beste material batzuk gehitu zizkion gero, harik eta Al Andaluseko omeiatarren historia osoa jaso zuen arte. Al-Muqtabis eta al-Matīn dira egile honen obra handiak. Al-Muqtabis, García Gómezen arabera, 399./1009. urtea baino lehen bukatu zuen idaztez, amiri erregimenaren amaieran eta gerora fitna ekarri zuen egoeraren hasieran; hau da, kalifaldia amaitutzat eman baino pixka bat lehenago, Estatuaren batasuna hautsirik eta horren ondoriozko gerra zibila lehertzear. Gaztetako proiektu baten bertsioa da, Al Andaluseko omeiatarren gortearen historia ofiziala izateko asmoarekin sortua, arabiar kulturaren ikuspegi klasikoarekin, baina aurreko garaiko narrazio eta anekdotetatik urrun. Obra modu sistematikoan dago egituratuta, eta oso nabarmenak dira botere legitimoaren zeremonia eta errituen deskribapenak. Obraren hasieran, subiranoaren inbestidura eta mendekoen (bay’a) leialtasun-zina kontatzen da; ondoren, subiranoaren nortasun politikoa eta botere-eredu sinbolikoari dion leialtasuna deskribatzen dira; jarraian, ondorengotza-gatazken eta konponbide dinastikoen berri ematen da; laugarrenik, subiranoaren agintaldiko gertakari garrantzitsuenak zerrendatzen dira, modu narratiboan eta kronologikoan, ikuspegi geografikotik kanpaina militarrei eta jarduera diplomatikoari arreta berezia jarrita; bosgarrenik, subiranoaren heriotzaren berri ematen da eta siyasa sar’ia arauei jarraituz ondorengoa nola izendatu zuten azaltzen da; ondoren, hildako subiranoaren soslai fisikoa eta izaera deskribatzen dira; hurrengo puntuan, garai hartako funtzionario eta magistratu zibilen eta erlijioso aktiboen zerrenda egiten da; bederatzigarren puntuan, garai hartan hildako pertsona entzutetsuak non zendu ziren jakinarazten da; hurrena, aldi hartan esparru ugaritan herrialdean sartu ziren berritasun eta berrikuntzak azaltzen dira, eta, azkenik, beste zenbait elementu eta omeiatar garaituak Al Andalusera iritsi zireneko berriak aipatzen dira.

Bigarren obra, al-Matīn, ez da ezaugarri berekoa, ezpada gaiari dagokionez. Bi lanetan, besteak beste, politika, ekonomia, gizarte eta kultura arloetako gertakarien berri ematen da, baina Chalmetaren hitzetan ezin dira «historia osoaren» generokotzat hartu; izan ere, historiagarri izan daitezkeen gertaeretatik xehetasun jakinak ateratzen ditu, eta horrek bide ematen dio diskurtsoa azken helburu pedagogiko baterantz eramateko.

Egile honen lanak musulmanen eta kristauen artean Asturias-León inguruan eta Iruñerrian izan ziren etengabeko borroketako asko deskribatzen ditu. Muza Ibn Mutarrifen heriotzak, 183./799. urtean, piztu zuen Kordobako subiranotasunaren jarrera, iparraldeko herriek elkar hartzea eginahalean saihesteko. Ibn Ḥayyānek, v./ix. mendean izan ziren gudu eta erresistentziako hainbat pasarte jaso zituen: Velasco kondearen (Balask al-Yalaski) patua, Abd ar Rahman II.aren kanpainak, Mūsā b. Mūsā familiaren gorabeherak, normandiarren presentzia Iruñean eta Gartzea Enekoez preso hartzea —ondoren askatu egin zuten eta Ordoño I.arekin aliatu zen— eta abar. Zaragoza, Huesca, Tutera, Ejea, Iruñea eta Araba parean finkatu zen garai hartan frontea, eta mugalde hartan gertatu ziren aipatutako pasarte esanguratsu horiek. Orobat, al-Rāzī erudituari hartutako Arabako albisteak ere jaso zituen, Ximena dinastiako Bela kondeari buruzkoak, hain zuzen. Arabako kondearen titulua zuen Belak mendebaldeko baskoien artean, eta ondorengo urteetan musulmanen oldarraldiei eutsi zien Cellorigon.

Ibn Ḥayyānen obraren segida haren dizipuluek bermatu zuten. Lehena, semea izan zen (474an/1081-82an hila), hainbat tradizio-idazlerekin ikasia. Semea, ordea, al-Mu’tamiden seme al-Fatḥek hil zuen. Bigarren dizipulua Abū ‘Alī al-Ḥusayn al-Gassānī izan zen, Barmāmaŷ lanaren egilea, «Al Andalusen Historiaren banderadun» gisa hartua. Hauek izan ziren beste dizipulu batzuk: Abū l-Ḥasan Ṭāhir Ibn Mufawwaz al-Ma’ārīf (484an/1091n hila); Abū l-Qāsim Aḥmad b. Sulaymān al-Bāŷi al-Tuŷībī alfaki eta teologo kordobarra (493an/1099an hila); Abū Muḥammad ‘Abd Allāh Ibn Durrī al-Tuŷībī literatoa (513an/1119-20an hila); Abū Muḥammad ‘Abd al-Raḥmān Ibn ‘Attāb alfaki eta tradizio-idazlea (520an/1126an hila); Abū l-Walīd Aḥmad Ibn Sa’d literato eta lexikografoa (m. 520/1126); Abū al-Sahlī al-‘Utbī literato eta filologoa (507an/1114an hila), haren liburu batzuen gordailuzaina; Hišām b. Aḥmad al-Qurašī eta Abū ‘Ubayd ‘Abd Allāh al-Bakrī geografo eta filologoa (487an/1094an hila).

Al-Ta’rij al-kabīr (Historia Handia).Hauek biltzen ditu:

— Ajbar al-dawla al’āmirīya (Amirí estatuko albisteak). Chalmetaren arabera, ak-Muqtabis lanaren IX-X libk. hartzen zituen.

— Al-Baṭša al-Kubrà (Tirania nagusia) Zeharkakoak dira erreferentziak.

— Intijāb al-Ŷamī’ li -ma’aṯir Banī Jaṭṭāb (Banī Jaṭṭāb familiaren inguruko gertakari gogoangarrien laburpena).

— Al-Matīn (Sendoa). xi. mendeko Al Andaluseko historiaren berri jakiteko funtsezko iturria. Kronologiaren mugak ez dira ziurrak, baina jakina da fitna iraultzaren inguruabarrak eta bukaera jasota daudela; testu horren arabera egokitu zen al-Muqtabis lanaren egitura.

— Al-Muqtabis fī ta’rīj riŷal al-Andalus (Bestearengandik hartzen duena,
Al Andaluseko gizon-emakumeen historiari buruz). Al Andaluseko historiaren iturri garrantzitsuena. Oxford Eskbu. (Muqtabis III), al-Muqtabis fī ajbār al-Andalus lanari dagokio (Bestearengandik hartzen duena, Al Andaluseko berriei buruz). Ibn al-Abbār egileak bi izen erabiltzen ditu obra hau aipatzeko: Ta’rīj al-Andalus (Al Andaluseko historia) eta al-Muqtabis min anbā’ ahl al-Andalus (Andalustarren albisteak bestearengandik hartzen dituena).

Obrak

Kitāb al-muqtabis fī ta

ˀ

rīḫ riǧāl al-andalus, Ḥaǧǧī, A. (arg.), Beyrouth, 1965. García Gómez, E. (itz.), Madrid, 1967.

Ibn Ḥayyān al-Qurṭubī, Al-Muqtabas min anbā’ ahl al-Andalus, Beirut, 1972.

Ibn Ḥayyān al-Qurṭubī, Kitāb al-muqtabis fī tarīḫ riŷāl al-Andalus, Paris, 1937.

Ibn Ḥayyān, Muqtabas II-1, ‘A. Makkī (arg.), Al sifr al-ṯāni min kitāb al-Muqtabas li-Inm Ḥayyān al-Qurṭubī. Al Riyāḍ: Markaz al-Malik Fayṣal li-Buḥūṯ wa -l-Dirāsāt al-Islāmiyya, 2003.

Ibn Ḥayyān, Muqtabas II-2, ‘A. Makkī (arg.), al-Muqtabas min abnā’ ahl al-Andalus. Beirut: Dār al-Kitābal-‘Arabī, 1973.

Ibn Ḥayyān, Muqtabas III. Antuña, M. (arg.), Al-Muktabis. III Chronique du règne du calife ‘umayyaide ‘Abd Allāh à Cordoue, Paris: Librairie Orientaliste, Paul Geuethner, 1937.

Ibn Ḥayyān, Muqtabas III. Chalmeta, P. (arg.), Al-muqtabas V de Ibn Hayyan, (al-Muqtabas-al Ŷuz’ al-Jāmis). Corriente et Subh, Madrid: Instituto Hispanoárabe de Cultura, 1979.

Bibliografia

Antuña, M., «Ibn Ḥayyān de Córdoba y su Historia de la España musulmana», in Cuadernos de Historia de España, 4 (1946), 5.-72. or.

Bramon Planas, D., Nous textos d’historiadors musulmans referents a la Catalunya medieval (continuació de l’obra de J. M.ª Millàs i Vallicrosa), Doktore-tesia, zuzendaria:
M. Arias Rodríguez, Universitat de Barcelona, 1998. Tesia irekian dago hemen: TDX Dipòsit Digital de la UB.

Carriedo Tejedo, M., «La rebelión de Alfonso IV el monje: visita a través de un pasaje de Isa B. Ahmad Ar-Razi reproducido en el “Muqtabis” de Ibn Hayyan», in Archivos Leoneses: Revista de Estudios y Documentación de los Reinos Hispano-Occidentales, 85-86 (1989), 287.-308. or.

Crego Gómez, M., «Acerca de una fuente de Ibn Hayyan en un texto inédito del Muqtabis II-1», in al-Qanṭara: Revista de estudios árabes, 26. libk., 1. fasz. (2005), 269.-272 .or.

— «La fuente árabe de la historia del Emirato omeya de al-Andalus en la Historia Arabum de Jiménez de Rada», in E-Spania: Revue électronique d’études hispaniques médiévales, 2 (2006).

García Gómez, E., eta Lévi-Provençal, E., «Textos inéditos del “Muqtabis” de Ibn Hayyan, sobre los orígenes del reino de Pamplona», in Al-Andalus: Revista de las Escuelas de Estudios Árabes de Madrid y Granada, 19. libk., 2. zk. (1954), 295.-316. or.

Lorenzo Jiménez, J., «Los ḥusūn de los Banū Qasī», in Brocar, 31 (2007), 79.-105. or.

Marín, M., «“El Halcón maltés” el arabismo español», in al-Qanṭara, 20 (1999), 543.-549. or.

Martínez Enamorado, V., «Ibn Hayyan, el abanderado de la historia de Al-Ándalus», in Jábega, 97 (2008), 30.-34. or.

Mohedano Barceló, J., «Ibn Ḥayyān, Abū Marwān», in Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 3. libk., 2004, 356.-374. or.

Molina Martínez, L., «La Crónica Anónima de al-Nasir y el Muqtabis de Ibn Hayyan», in al-Qanṭara: Revista de Estudios Árabes, 7. libk., 1.-2. fasz. (1986), 19.-30. or.

Penelas, M., etaMolina Martínez, L., «Dos fragmentos inéditos del volumen II del “Muqtabis” de Ibn Hayyan», in al-Qanṭara: Revista de Estudios Árabes, 32. libk., 1. fasz. (2011), 229.-241. or.

Sánchez Albornoz, C., «La Epístola de S. Eulogio y el Muqtabis de Ibn Hayyan», in Príncipe de Viana, 19. libk., 72.-73. zk. (1958), 265.-266. or.

Venegas Ramos, A., «Las imágenes de “Mahmud” en la Crónica de los emires Alhakam I y Abderramán II entre los años 796 y 847 [Almuqtabis II-1]», in Revista de Estudios Extremeños, 70. libk., 2. zk. (2014), 871.-891. or.

— «Procesos de alteridad e identidad política en la Crónica de los emires Alhakam I y Abderramán I entre los años 796 y 847 [Almuqtabis II-1]. Leales e infieles», in Revista de Estudios Extremeños, 72. libk., 2. zk. (2016), 907.-936. or.

ZE, «La España cristiana de los siglos viii al xi. Los núcleos pirenaicos (718-1035), Navarra, Aragón, Cataluña», Riu y Riu, M. (koord. eta hitzaurrea), in Historia de España, dirigida por Menéndez Pidal, VII, Madrid: Espasa-Calpe, 1999, 116.-121. or.

Aipamen bibliografikoa

Martínez Almira, Mª. M. “Ibn Hayyan“, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 282-285.



Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP