Ibilbidea
Historia edo Crónica silense deritzona, latinez 1115. urte inguruan idatzia, Santo Domingo de Silosko (Burgos) monasterioan eskuz idatzia zela uste izan da mende askotan, eta, berez, hortik dator lanaren izena. Hala ere, hainbat azterlanek iradokitzen dute lotura nabariak daudela Leongo San Isidoro kolegiatarekin eta Sahagungo San Benito monasterioarekin, zentro horiei erreferentzia ugari egiten baitzaie. Amaitu gabeko historia da; Fernando I.aren heriotzarekin eta Alfontso VI.a tronuratzearekin bukatzen da, 1065. urtean. Nabarmena da azken errege hori goresteko ahalegina; orobat, Leongo dinastia antzinako errege bisigodoen oinordeko zuzen hartzen da.
Egitura nahasia eta konplexua du, eta Alfontso III.aren eta Sampiroren aurreko kronikak uztartu eta moldatzen ditu, baita informazio berri ugari gehitu ere. Frankoen historiari buruzko atalean, Historia Silense kronikak dio frankoen erregeak berealdiko poza zabaldu zuela Iruñeko biztanleen artean, eskualdea okupaturik izan zuten musulmanen eskutik tratu makurra jasan eta gero. Aurrerago, nafar bihurtzen ditu Fruela I.ak mendean izan zituen baskoiak edo arabarrak, eta Karlomagnoren «lehengusu» egiten du Ximena, Alfontso III.aren emaztea. Albiste horien bidez, Iruñeko erresuma, frankoen erresuma eta Leongo erresuma homologatzen ditu kronikak, eta Gartzea III.a Santxez aurkezten du Antso III. Gartzez Nagusiaren ondorengo eta Iruñeko Erresumaren gidaritzan. Errege horrek, Crónica Silense lanaren arabera, ahalegin handia egin zuen Donejakue bidea hobetzeko eta erromesen segurtasuna bermatzeko.
Obrak
Gaztelaniazko argitalpenak eta itzulpenak: Huici Miranda, A., Las crónicas latinas de la Reconquista, II, Valencia: Anúbar, 1913. Santos Coco, F., Historia Silense, Madrid, 1921. Pérez de Urbel, J., eta González, A., Historia Silense, Madrid: Ruiz-Zorrilla, 1959. Ingelesezko itzulpena: Barton, S., eta Fletcher, R., The world of el Cid: chronicles of the Spanish reconquest, Manchester, 2000, 9.-64. or.
Bibliografia
Canal Sánchez-Pagín, J. M., «¿Crónica Silense o Crónica Domnis Sanctis?», in Cuadernos de Historia de España, 63-64 (1980), 94.-103. or.
Gómez-Moreno, M., Introducción a la Historia Silense, Madrid: Junta para Ampliación de Estudios e Investigaciones Científicas, Centro de Estudios Históricos, 1921.
Martín Duque, A. J., «Del espejo ajeno a la memoria propia», in Martín Duque, A. J. (zuz.), Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea, 1. libk, 1996, 21.-50. or.
Pérez Llamazares, J., Historia de la Real Colegiata de San Isidoro, León, 1927, 22.-25. or.
Segura Munguía, S., Mil años de historia vasca a través de la literatura greco-latina. De Aníbal a Carlomagno, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1997, 240. or.
Aipamen bibliografikoa
Lizarraga Rada, M., “Historia Silense”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, p. 308.





