Karguak eta lanbideak
Erromatar senataria eta historialaria
Ibilbidea
Dion Kasio Nizea hirian (Bitinia) jaio zen, senatarien ordenako handikien familia batean. Cocceianus ezizenez ageri da Bizantzioko eskuizkribuetan. Komodo enperadorearen (180-192) agintaldiaren amaieran, Senatuko kide izatea lortu zuen, eta hurrengo urteetan, politika-ibilbide bikaina egin zuen, eta bigarren aldiz kontsul izatea lortu zuen, 229. urtean, Alexandro Severo enperadorearekin batera. Handik gutxira, bizitza publikotik aldendu zen eta bere etxera itzuli zen. Han, Erromaren historia idazten jardun zuen, grezieraz, hiriaren jatorritik bere garaira arte.
Dion Kasioren lan gehiena galdu egin da. Erromako historia osatzen zuten 80 liburuetatik, 18 soilik iritsi dira gurera (XXXVI.-LIV. liburuak), gehi bizantziarren garaian gordetako pasarte batzuk eta idatzitako laburpen partzial batzuk. Mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuari buruzko aipamenak K.a. i. mendekoak dira; hain zuzen ere, erromatarrek Akitania konkistatu zuteneko garaiari buruzkoak. Zesarrek bidalitako ordezkari militar Krasok K.a. 56an egindako kanpainari dagokionez, Dionek ez du ezer berririk gehitzen, Zesarrek gertaera horiei buruz egindako kontakizuna erabiltzen baitu iturritzat, kontakizun horien laburpena eginez (XXXIX.46). Apianok (Bel. Civ. 386) eta Eutropiok (Brev. 7.5) bezala, Nizeako senatariak Marko Agripak K.a. 39.-38. urteen inguruan egindako esku-hartze militarraren aipamen laburra egiten du (XLVIII.49.2-4). Azken aldiko ikerketen arabera, badirudi esku-hartze hori nitiobrogeen oppidumean izan zela (L’Ermitage de Agén, Lot-et-Garonne). Izan ere, aztarnategi horretan, Agriparen zigilua duten bala- eta habaila-jaurtigailuak aurkitu dira. Halaber, aurreko pasarte batean, historialariak Domizio Kalbino legatuak Pirinioetako zeretanoen aurka egindako kanpaina arrakastatsuaren berri ematen du (XLVIII.42.1), Huescako Pirinioetan agian, Huescan agindu baitzuen Domiziok dirua jaulkitzea.
Obrak
Historia romana. Libros I-XXXV (fragmentos), Plácido, D. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, 2004.
Historia romana. Libros XXXVI-XLV, Candau, J. M.; Puertas, M. L. (itzulpena eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, 2004.
Historia romana. Libros XLVI-XLIX, Candau, J. M.; Puertas, M. L. (itzulpena eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, 2011.
Bibliografia
Fatás, G.: «Los Pirineos meridionales y la conquista romana» in Villar, F.; Untermann, J. (koor.): Lengua y cultura en Hispania prerromana: actas del V Coloquio sobre lenguas y culturas de la península ibérica: (Colonia 25-28 de noviembre de 1989), Salamanca: Universidad de Salamanca, 1993, 289.-316. or.
Rivero Gracia, M. P.: «La campaña militar de Domicio Calvino en el 39 a. C. y la ubicación de los cerretanos» in Hernández, L.; Sagredo, L.; Solana, J. M. (arg.): Actas del I Congreso Internacional de Historia Antigua «La península ibérica hace 2000 años», Valladolid 23-25 de noviembre de 2000, Valladolid: Universidad de Valladolid, 2002, 159.-163. or.
Verdin, F.; Chataigneau, M. (kolab.): «Marcus Agrippa et l’Aquitaine» in Aquitania, 29 (2013), 69.-104. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Dion kasio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 60-61.





