Karguak eta lanbideak
zenbait egilek idatzitako kronika. Mendebaldean 379. urtetik 511. urtera bitartean izandako gertaera garrantzitsuenetako batzuk jasotzen ditu
Ibilbidea
Egile ezezaguneko obra hau bi zatitan banatuta dago, eta gutxienez idazle desberdin batek idatzi du bakoitza. Dirudienez, lehen zatia (Chronica Gallica a. CCCCLII), Viennensis probintziako lekuren batean idatzi zen, Valencen edo Marseillan agian, eta 379. urtetik 452. urtera bitarteko informazioa jasotzen du. 452. urteko Chronica Gallicak San Jeronimok Eusebio Zesareakoaren Chronici Canones obraren egindako itzulpenaren jarraipena izan nahi du, eta zenbait eskuizkributan iritsi da gurera. Eskuizkribu horietako zaharrena ix. eta x. mendeetakoa da, eta bertsio horretan, kopistei egotz dakiekeen aldaketa txikiak daude. Bigarren zatia (Chronica Gallica a. DXI) vi. mendean idatzi zen eta 511. urtera arte jarraitzen du, baina lehenbizikoa baino luzeagoa da, obraren hasieran munduaren jatorri biblikoetatik 452. urtera bitarteko aldia gehitu baitzen. Garai biblikotik 378. urtera bitarteko datuetarako, Jeronimok Eusebio Zesareakoaren Chronici Canones obraren egindako itzulpena erabili zen —lehen aipatu dugu itzulpen hori—. 379. urtetik aurrera, hauek dira iturri nagusiak: 452ko Chronica Gallica, Orosio, Hidazio eta gaur egun galduta dauden beste obra batzuk. Dirudienez, obra horiek erabili zituzten Mario Avenchesekoak, Chronica Caesaraugustanaren egile ezezagunak eta Isidoro Sevillakoak ere. 511ko Kronika viii. mendeko eskuizkribu hispaniar bakar batean iritsi da gurera, eta Sulpizio Severo obra horren egiletzat hartu izan bada ere, ez zuen hark idatzi, kronikari hori iv.-v. mendeetan bizi baitzen, obra idatzi zeneko garaia baino askoz lehenago. Horregatik, benetako egilearen (edo egileen) izena ezezaguna da. Kronikan, sarritan erabiltzen dira hispaniar egileen lanak, «hispaniar aroa» erabiltzen da datazio-sistema gisa, eta agerikoa da Iberiar penintsulan gertatutako zenbait gertaerari buruzko interesa; beraz, hori guztia dela eta, uste da 511ko Chronica Gallica Galiako hego-ekialdean (Arlesen, agian) idatzi zela, bisigodoen mendeko lurraldean.
Eskuizkribuetan gordetako bertsioek jakinarazten dituzten albisteak laburrak dira, eta, gehienetan, ez dute ezer berririk azaltzen. Baina mendebaldeko Pirinioetako inguruneari dagokionez, 397. urteko sarreran Calahorrako olerkari Prudentzio goraipatzen da, haren literatura-dohainengatik, eta 473. urteko gertaera garrantzitsuenen artean, bisigodoek Tarraconensis probintzia konkistatu zuteneko testuinguruan, azaltzen da Gauterit konde godoak Hispanian Iruñetik sartu zela, eta Zaragoza eta inguruko hiriak konkistatu zituela:
Prudentius lyricus poeta noster Hispanus genere inlustre ingenii sui robur exercet (Chronica Gallica a. CCCCLII pars posterior, 37).
Gauteritcomes Gothorum Hispanias per Pampilonem Caesaraugustam et vicinas urbes obtinuit (Chron. a. DXIpars posterior, 651).
Ez dakigu zenbateko oihartzuna izango zuten benetan 452. eta 511. urteetako Chronica Gallica obrek argitaratu zirenean. Baliteke Isidoro Sevillakoak lan horien berri izatea; izan ere, bisigodoek Tarraconensis probintzia konkistatu zuteneko kontakizunari dagokionez, oso antzeko zerbait jasotzen du Isidorok Historia Gothorum obran (Hist. Goth. 34). Nolanahi ere, lehen adierazi dugun moduan, gerta liteke kronikari ezezagunak eta Sevillako apezpikuak iturri bera erabili izana, gurera iritsi ez den iturri bat, hain zuzen ere, eta hori izatea bi lanen arteko paralelismoaren arrazoia.
Obrak
Mommsen, Th. (arg.): Monumenta Germaniae Historica. Auctores antiquissimi. Tomus IX: Chronica Minora saec. IV. V. VI. VII.Berolini: Weidmannos, 1892.
Bibliografia
Burgess, R.: «The Gallic Chronicle of 452: a new critical edition with a brief introduction» in Mathisen, R. W.; Shanzer, D. (argk.): Society and culture in Late Antique Gaul. Revisting the sources, Aldershot: Ashgate, 2001, 52.-84. or.
— «The Gallic Chronicle of 511: a new critical edition with a brief introduction» in Mathisen, R. W.; Shanzer, D. (argk.): Society and culture in Late Antique Gaul. Revisting the sources, Aldershot: Ashgate, 2001, 85.-100. or.
Larrañaga, K.: El hecho colonial romano en el área circumpirenaica occidental, Gasteiz: UPV-EHU, 2007.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Chronica Gallica”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 111-112.





