Karguak eta lanbideak
Ludoviko Pioren biografoa, Vita Hludovici edo Vita Hludovici Imperatoris lanaren egilea
Ibilbidea
Anonimoa, ziur aski Frantziako mendebaldeko hegoaldekoa. Obran berariaz aipatu zuen bezala, egileak ezagutza zabalak eta interes handia zituen astronomian, eta hortik heldu zaio izengoitia. 837an, zeruan kometa bat ikusten zela-eta (Halley kometa zen), erregeak galdetu zion horrek zer augurio iragartzen ote zuen. Zenbait adituren ustez, monje edo kanoniko bat izan zitekeen, interes berezia agertzen baitu eliz kontuetan. Dena den, haren portaera aristokratikoak ikusita, eta gorteko bizitzan zuen inplikazioa kontuan hartuta (monje izateari zegokionaren gainetik), baliteke gortesau sekularra izatea.
Ludoviko Pio 840ko ekainean zendu eta gutxira idatzia da lana; aditu batzuen arabera, 840-841eko neguan, ziurrenera. Lotarioren enkarguz ondu zuen. Egileak Ludovikoren oso aldeko testua idatzi zuen, erregearen dualtasuna abilezia handiz aurkeztuta: hau da, printze ideala, baina aldi berean, egiazko gizakia, akatsak eta guzti; haien artean, sobera barkabera zela. Astronomoak aurreko hainbat lan erabili zituen iturritako: adibidez, Eghinardoren Vita Karoli Magn (uste da elkar ezagutu zutela); Adhemarren Relatio desagertua, eta Annales Regni Francorum urte-liburuak. Dena den, lanak kopiatze hutsaz harata jo zuen, hau da, gure egileak bere narratibaren mesederako aldatu eta moldatu zituen. Aipatutako lanez gain, bestelako lekukotasunak baliatu zituen, zeren, iduri duenez, jauregiko kantzilertzako gutunak, agiriak eta itunak izan baitzituen eskura. Vita Hludovici lanak adierazten du idazleak Elizako gurasoak eta egile latindarrak ezagutzen zituela, hots, Jeronimo, Agustino, Gregorio, Isidoro, Ambrosio, Laktantzio, Prudentzio, Venantzio Fortunato eta Beda, bai eta klasikoak ere, hala nola Virgilio edo Zizeron; hortaz, gure egilea Errenazimentu Karolingioaren adibide bikaina da.
Ziur aski, bere jatorriari edo gorteko ibilbideari zor zaio Astronomoak jakintza zabala izatea Inperioko hegoaldeko eta hego-mendebaleko kontuez; Akitaniakoez eta Gaskoiniakoez, bereziki. Izan ere, zortzi aldiz aipatu zituen waskoiak (uascones edo guascones, eskuizkribuaren arabera). Akitaniarrekin batera, Garona ibai-bazterreko lurraldeetan bizi ziren (II. kap.). Ludoviko gazteak bere aitaren gortera egindako bisitaren haritik (Paderborn, 786), Astronomoak waskoien berezko jantziak deskribatu zituen; izan ere, printzea eta haren laguntzaileak molde hartan jantzita zeuden, Akitaniako erregea baitzen, eta era berean, Karlomagnok halaxe nahirik (IV. kap). Egileak apetatsu iritzi zion haien jokamoldeari (V. eta XXVI. kapituluak), lotsagabeak eta adoretsuak (XIII. kap.), traidoreak eta faltsuak (V., XVIII. eta XXXII. kapituluak). Horrela, 787an, Adelritx izeneko wasco batek Tolosako kondea (Txorso) traizioz harrapatu, eta zina egitera behartu zuen. Erregeak Adelritx deitu zuen. Baskoia, ordea, ez zen erregearen aurrera agertu, bahituak trukatu arte. Erregearen aurrera eramana, desenkusatzen saiatu zen; alferrik, ordea, eta erbestera kondenatu zuten. Txorsori titulua kendu zioten, eta haren ordez, Gilen jarri zuten. Bi erabaki haiek amorrua eragin zuten waskoien artean, baina erregeak baretu zituen (V. kap.). 803 inguruan, baskoiak Ludovikoren erabaki baten aurka altxatu ziren, ez baitzuten onartu erregeak Fézensaceko konderria Liutardori eman izana, eta Liutardoren segizioko hainbat kide ezpataz hil eta beste batzuk erre egin zituzten. Gero, beren kasuaren alde saiatu ziren erregu egiten, baina haietako batzuk begia begi truk legearen arabera zigortu zituzten (XIII. kap.). 812an, waskoiek onartua zuten erregea haien jauna zela, baina Ludovikori iritsitako zurrumurruaren arabera, berriz ere matxinatzekotan zebiltzan. Akize hiribildua baketurik, Iruñera jo zuen, mehatxurik batere ez zegoela ziurtatzeko eta Penintsulako kontuak zertan ziren ikusteko. Pirinioetan barna itzultzen ari zela, haren guardiek aurre-neurriak hartu zituzten inork traiziozko erasorik ez egiteko (XVIII. kap.). 815ean, berriz ere Ludovikoren aurka altxatu ziren, waskoien Sigwin (Seguin) kondea kargugabetzeagatik, haren jokamolde immoralak eraginda. Matxinada, ordea, bi kanpainatan zapaldu zuen (XXVI. kap.). Hurrengoa 819an piztu zen, Centullusen seme Lupo delako bat (Astronomoak ez zuen Seguinen oinordekoarekin lotu) Auvernia eta Tolosako kondeen aurka altxatu baitzen. Guduan, Lupok bere anaia (Garsand) galdu zuen eta ihesi joan zen. Preso hartu zuten, ordea, eta enperadoreak erbesteratu zuen. Handik gutxira, waskoiak enperadorearen seme Pepinen larderiak arras kikilduta gelditu ziren (Pepin, hain zuzen, eginkizun horrekin joana zen baskoien artera), eta handik aurrera, ez ziren berriro matxinatzera ausartu (XXXIII. kap.). Bai astronomoak emaniko datuak, bai haren kontakizuna, egile moderno batzuen alderaketa-iturria izan dira eta, horretan oinarrituta, adierazi dute Orreagako Guduaren irabazleak waskoiak izan zirela, hau da, Pirinioez iparraldeko gaskoiak, alegia.
Vita Hludovici lana, ziurrenera, Karlos Burusoilaren gortean aurkeztu zen jendaurrean. 22 eskuizkributan gorde da, xii. mendetik xvii.era bitarte onduak. 64 kapituluetan banatua dago, baina banaketa modernoa da, xviii. mendekoa.
Obrak
Vita Hludovici Imperatoris. Tremp, E. (arg.), Thegan, Die Taten Kaiser Ludwigs/Astronomus, Das Leben Kaiser Ludwigs, in Monumenta Germaniæ Historica, Scriptores rerum Germanicarum in usum scholarun separatim editi 64, Hannover: Hahnsche Buchhandlung, 1995.
Bibliografia
Brunhölzl, F., Geschichte der lateinischen Literatur des Mittelalters, 1. libk.: in Von Cassiodor bis zum Ausklang der karolingischen Erneuerung, München: Wilhelm Fink Verlag, 1975.
Cabaniss, A., Son of Charlemagne. A Contemporary Life of Louis the Pious, New York: Syracuse University Press, 1961.
Mckitterick, R., History and Memory in the Carolingian World, Cambridge: Cambridge University Press, 2004.
Noble, T. F. X., Charlemagne and Louis the Pious: The Lives by Einhard, Notker, Ermoldus, Thegan, and the Astronomer, University Park: Penn State Press, 2009.
Tenberken, W., Die Vita Hludovici Pii auctore Astronomo, Rottweil, 1982.
Aipamen bibliografikoa
Dulska, A. K., “Astronomoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 198-200.





