Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA FRANKO-KAROLINGIOAK

ANNALES REGNI FRANCORUM(Errege frankoen urte-liburuak, Frankoen Erresumako urte-liburuak, Annales Laurissenses maiores, Reichsannalen) (gerog. 829)

Ibilbidea

Ez dakigu nork eginak diren. Beti esan ohi da Eghinardok onduak zirela, baina egungo kritikak ezetz esan du. 741etik 829ra bitarteko errege-erregina karolingioen historia bildua dago eta iturri nagusietako bat dira garai hartako historia militarra eta politikoa ezagutzeko. xix. mendean bilduak eta argitaratuak, bost bertsio ere ezagutzen dira, karolingioen aldiko beste horrenbeste unetan onduak.

Baskoniari buruzko datu ugari bilduta daude urte-liburu horietan. Lehen albistea Grifoni dagokio, hau da, Pepin Laburrarenanaiari. Horrela, Grifon Wasconiara ihesi joan zen, eta han, Waifre Akitaniako dukeak eman zion babesa (741). Handik urte batzuetara, Grifon erail zuten (753). Karlomagnoren garaiaz, berriz, esaten da Hunaldo matxinatu egin zela Akitanian eta Baskonian frankoen erregearen aurka. Hunaldok Luporengana jo zuen babes eske, baina baskoien dukeak (Lupo), azkenean, Karlomagnoren eskuetan utzi zuen. Xehetasun handiagoak ematen ditu bai Karlomagnok Zaragozara alferrik egindako espedizioaz, bai Iruñeko suntsiketaz, bai armada frankoak Orreagan pairatutako porrotaz (778). Porrota honela dago kontatua: «Itzultzeko erabakia harturik, Pirinioetako oihanetan barneratu zen, eta hango kaskoan, baskoiek segada egin zioten. Atzeguardiari eraso egin, eta sekulako anabasa eragin zuten armada guztian. Eta, frankoak, jakina, baskoiak baino gehiago baziren ere, hala armamentuan nola adorean, desabantailan zeuden, bai lurraldearen gora-beheren eraginez, bai borrokatzeko molde ezberdinaren ondorioz. Erregeak bere tropen buru jarritako paladin gehienak guduan hil egin zituzten. Etsaiak, hatuak hartu, eta berehalakoan, ezkutatu egin ziren, bazterrak ongi ezagutzen baitzituzten. Gisa horretan jasotako zauriaren oroitzapenak hein handian goibeldu zuen erregearen bihotzean, zer eta Hispanian zori onez egindako balentrien oroitzapena».

806. urteko albisteak ere interesgarriak dira, nafarrak eta iruindarrak musulmanen mendean egotetik Karlomagnoren mendera egotera pasatu baitziren. Handik hamar urtera, baskoiak, beren duke Sigwinok gidaturik, Ludobiko Pioren aurka altxatu ziren. Ludovikok baskoien aurkako bi erasoaldi egin, eta menderatu egin zituen. 819an, Lupo Centullo baskoia Berengario eta Warino konde frankoen aurka matxinatu zen. Ludoviko Piok desterrura kondenatu zuen, eta Pepin I.ak Baskonia menderatu zuen. Iturri horrek nola-halako xehetasunez kontatzen ditu 824. urteko gertakariak; hots, enperadoreak Eblo eta Aznar kondeak Iruñera igorri zituen, tropa baskoi ugarirekin; eta behin eginkizuna betetakoan, berriro porrota eragin zieten, Pirinioak zeharkatzean. Aznar aske utzi zuten, irabazleen ahaidea baitzen. Eblo, ordea, Kordobako emirrarengana bidali zuten.

Obrak

Kurze, F. (arg.), eta Pertzii, G. H. (gerog. arg.), Annales regni Francorum (741-829) qui dicuntur Annales Laurissenses maiores et Einhardi. In Scriptores rerum germanicarum in usum scholarum, 6, Hannover, 1895. Berrarg. Kessinger, 2010.

Bibliografia

Collins, R., «The “Reviser” Revisited: Another Look at the Alternative Version of the Annales Regni Francorum», in Murray, A. C. (arg.), After Rome’s Fall. Narrators and Sources of Early Medieval History. Essays presented to Walter Goffart, Toronto; Buffalo; London, 1998, 191-213. or.

McKitterick, R., History and Memory in the Carolingian World, Cambridge, 2005.

Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 258.-263. or.

Segura Munguía, S., Mil años de historia vasca a través de la literatura greco-latina. De Aníbal a Carlomagno, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1997, 240. or.

Aipamen bibliografikoa

Vega López, F., “Annales Regni Francorum”, Jimeno Aranguren, R., Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 197-198.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP