Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELA ETA LEONGO EGILEAK ETA OBRAK

ALFONTSO XI.AREN KRONIKA(Crónica deAlfonso Onceno) (ca. 1344)

Ibilbidea

Errege-kronika honek Alfontso XI.a erregearen ibilbidea jasotzen du, haurtzarotik Algeciras hartu zuen arte, eta, beraz, haren erregealdiko azken sei urteetako historia kontatu gabe utzi zuen. Egilea nor izan zen ziurtasunez jakiterik ez da izan. Era berean, Alfontso X.a Jakitunaren, Antso IV.aren eta Fernando IV.aren aurreko erregealdietan Gaztelan izan ziren gertakari historikoak ere jasotzen ditu kronikak.

Alfontso XI.aren kronikak Baskoniari buruzko informazio ugari jasotzen du. Funtsezko iturria da, adibidez, Arriagako Kofradia 1332an Alfontso XI.a Gaztelakoaren Errege Koroara nola bildu zen jakiteko. Testu horrek hainbat interpretazio sortu ditu. Fernan Perez de Aiala kofradiakide arabarrak eragin handia izan zuen Kofradia Gaztelara biltzeko erabaki horretan; izan ere, testuaren arabera, «pugnó mucho porque la provincia de Álava fuese realenga, e fabló con los ricosomes, e parientes, e señores de solares, e infançones e cavalleros para que se posiessen so el señorío del mui noble rey don Alfonso que ganó las Algeciras e se posieron so el su señorío». Bizkaiari dagokionez, Maria II.a Diaz Harokoaren, haren senar Juan Nuñez Lara IV.aren eta Alfontso XI.a Gaztelako erregearen arteko gatazkak jasotzen ditu. Bereziki zehatza da Nuñez Larari aurre egin zion errege-espedizioaren deskribapena. 1334. urtean Burgostik abiatu eta Urduña, Bilbo eta Bermeo bereganatu zituen espedizio horrek, eta erregearen ofizialak jarri zituen hiribildu horietan. Ondoren, bizkaitarren onarpen orokorra jaso zuen erregeak, baita Gernikan bildutako kapareena ere. Hilabete pasatxoan setiaturik izan zuen San Juan Gaztelugatxeko eliza-gotorlekua, han baitziren Nuñez Lararen jarraitzaileak, baina ez zuen lortu haiek mendean hartzerik.

Obrak

Catalán, D., eta Núñez de Villaizán, J., Gran crónica de Alfonso XI, Madrid: Gredos, 1977, 2 libk.

Bibliografia

Cañas Gálvez, F. de P., Itinerario de Alfonso XI. Espacio, poder y corte (1325-1350), Madrid: Ediciones de La Ergástula, 2014.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A., Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 71.-74. or.

Sánchez-Arcilla Bernal, J., Alfonso XI (1312-1350), Gijón: Ediciones Trea, 2008.

Aipamen bibliografikoa

Lizarraga Rada, M., “Alfontso XI.aren kronika”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, p. 315.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP