Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELA ETA LEONGO EGILEAK ETA OBRAK

ALFONTSO X.AREN KRONIKA(ca. 1344)

Ibilbidea

Alfontso XI.ak aginduta idatzi zen, haren erregealdiaren azken urteetan. Egilea nor izan zen ziurtasunik ez dago (Fernán Sánchez de Tovar eta Fernán Sánchez de Valladolid aipatu izan dira), baina erregearen ingurunean landu zen, agian haren kantzilertzan; izan ere, ageri diren lekukotzetan ezagun da egileak errege-ganberako liburuak eta agiriak kontsultatu zituela. Beharbada egile berak idatzi zuen Alfontso XI.aren kronika ere, eta laguntzaile bat edo batzuk izan zituen; hortik datoz, ausaz, kronika honen eta Antso IV.aren edota Fernando IV.aren kroniken artean dauden bereizgarritasunak. Hitzaurrean bertan adierazi zuen egileak Alfontso XI.aren, Antso IV.aren eta Fernando IV.aren erregealdien kronika idazteko asmoa zuela, Primera Crónica General obraren amaieratik zegoen hutsunea betetzeko. Alfontso X.ak aginduta osatu zen lehen kronika orokor hori, eta Fernando III.aren heriotzari buruzko kontakizunarekin amaitu zen. Hori dela eta, hainbat eskuizkributan, Crónica de Alfonso X lana kopiatzeaz gain, Antso IV.aren eta Fernando IV.aren kronikak ere jaso ziren.

Interesgarria da Kronika lanean Lope VI.a Diaz Harokoa Bizkaiko jaunaren asmoei buruz jasotako informazioa; izan ere, Gaztelako gortearekin zuen harreman ona baliatuz, Arabako lurrak bereganatu nahi izan zituen Harokoak. Kronikak xehetasun handiz ematen du gertakarien berri eta Gaztelako erregeak izenpetutako bi eskutitz hitzez hitz jasotzen ditu, bata Bizkaiko jaunari zuzendua eta bigarrena Fernando de la Cerda printzeari, erregearen beraren seme oinordeko eta Arabako jaunari. Hain zuzen, azken horren esku uzten du Bizkaiko jaunaren eskakizunak onartu ala ez. Testuak, orobat, xehetasunez jasotzen du nobleen 1269ko altxamendua eta 1275eko oinordetza-krisia; horren ondoren, Lope VI.a Diaz Harokoa Bizkaiko jaunak Antso infantearen —hau da, Alfontso X.aren bigarren semearen— kausa babestu zuen.

Obrak

González Jiménez, M. (arg.), Crónica de Alfonso X, Murcia: Real Academia Alfonso X el Sabio, 1998

Bibliografia

Catalán, D., La «Estoria de España» de Alfonso X. Creación y evolución, Madrid: Fundación Ramón Menéndez Pidal-Universidad Autónoma de Madrid, 1992.

— De la silva textual al taller historiográfíco alfonsí, Códices, crónicas, versiones y cuadernos de trabajo, Madrid: Fundación Ramón Menéndez Pidal-Universidad Autónoma de Madrid, 1997.

González Jiménez, M., «Una nueva edición de la Crónica de Alfonso X», inCahiers d’Études Hispaniques Médiévales, 23 (2000), 177.-212.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A., Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 70.-71. or.

Aipamen bibliografikoa

Lizarraga Rada, M., “Alfontso X.aren Kronika”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 314-315.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP