III. Sinposioa: Euskal Herriko lurraldeetako jabetza publikoa eta pribatua

  • Hasiera
  • /
  • III. Sinposioa: Euskal Herriko lurraldeetako jabetza publikoa eta pribatua
III. Sinposioa: Euskal Herriko lurraldeetako jabetza publikoa eta pribatua
Azalpena

XEDE ZIENTIFIKOA

III. sinposioaren helburua jabetza kolektiboaren eta familia-jabetzaren inguruko araudia aztertzea, erakunde adierazgarrienak deskribatzea eta azken bi mendeetan, Estatu konstituzionala eta Kodetzea ezarri ondoren, sistema tradizionalak izandako eraldatze handiak aztertzea da. Euskal Herrian, eragin eta pisu handiko elementu bereizgarria dira herri-jabetzak ezkontza-hitzarmenen bidez zein mortis causa bidez familia-ondarea osorik transmititzea ziurtatzen duten erakunde zibiletan. Lurraren zati handi bat bailara, udal eta kontzejuetako biztanleen jabetzakoa zen lehen eta orain ere hala da. Azken urteetan gero eta arreta handiagoa eskaintzen zaio ondare publikoari, besteak beste, ohiturazko araubide tradizionala ordeztu edo sendotzen duten herri-jabetzei buruzko araudi autonomikoak egin direlako eta ingurumena zaintzeko interesagatik. Egin dira azterlan partzial batzuk, baina ez daukagu, oraindik, ikuspegi osorik –ezta behin-behinekorik ere– bizimodu kolektiboaren egiturak hainbeste baldintzatu dituen fenomenoari buruz. Bestalde, arreta berezia eskatzen du familia-jabetzak ere. Etxeko zirkulua etxe batekin eta ondare batekin oso identifikatuta sentitzen diren odolkide talde bat da gure artean. Jarraitutasun-asmoa izaten dute eta mende asko irautera irits daiteke. Erakundeen helburua familia-ondarearen batasunari eustea da, zatikatu ez dadin. Erabiltzen den oinarrizko mekanismoa oinordeko bakarrari transmititzea da eta gurasoek ezartzen dute hori testamentuan edo ondorengotza-kontratuan. XX. mendearen azken hamarkadetan, zenbait egilek –Salinas Quijada, Celaya, Lafourcade, Uriarte, Navajas, etab.– deskribatu dute bertako zuzenbidea osatzen duten familia-erakundeen eta ondorengotza-erakundeen multzoa deskribatu du (tronkalekotasuna, ondorengotzak, komisario bidezko testamentua, testamentua egiteko askatasuna eta seniparteak, kontratuzko ondorengotza, ezkontzako ondasunen araubidea, etab.). Sintesiak beti izaten dira beharrezkoak, baina orain garrantzia eman behar diogu jabetza pribatuaren eta publikoaren arteko harremanari, ondare kolektiboan auzokoek eta partikularrek duten partaidetzari.

  • Data26 Sep 2017