XIV. Sinposioa: Nafarroako Zuzenbide Zibilaren kodifikazioruntz

  • Hasiera
  • /
  • XIV. Sinposioa: Nafarroako Zuzenbide Zibilaren kodifikazioruntz
XIV. Sinposioa: Nafarroako Zuzenbide Zibilaren kodifikazioruntz
Azalpena

XEDE ZIENTIFIKOA

Nafarroako Foru Berria izan zen onartutako azken konpilazio zibil-foraletako bat eta haren osoko berrikuspenak atzerapen-egoeran jarri du Nafarroako Foru Erkidegoa berriro. Nafarroak ez dio, oraingoz, kodetzearen erronkari heldu eta bai, aldiz, Balearrek (1990), Euskal Autonomia Erkidegoak (1992, 2015eko ekainaren 25eko euskal Zuzenbide zibilaren lege berrian eguneratu den araua), Galiziak (1995 eta 2006), Valentziak (2007), Kataluniak (2010), Aragoik (2003 eta 2011), eta baita Asturiasek ere. Asturiasen zuzenbide propioa jasotzeko lan handia egiten ari da Asturiasko ohiturazko zuzenbideko Batzorde berezi bat, Espainiako Konstituzioaren 149.1.8 artikuluak zabaltzen dituen birtualitateez baliatuta.

Zenbait alorretan ikus daiteke nola Foru Berria zaharkituta dagoen. Konpilazioak akats teknikoak ditu eta akats horiek barne-inkoherentziak sortzen dituzte, neurri handi batean, 5/1987 Foru Legeak 1973ko testuko erakunde tradizional batzuk aldatu zituelako, baina beste batzuk aldatu gabe utzi zituelako.

Bestalde, lau urtetik gora igaro dira seme-alaben jagoletza gurasoen bizikidetza hausten den kasuetarako arautzen duen 3/2011 Foru Legeak (NAO, 60. zk., 2011ko martxoak 28) hitzaurrean honako hau ezarri zuenetik: “Gobernuak, urtebeteko epean, Familia Zuzenbidearen arloan, hori baita gisa honetako erreformetarako egoitza naturala, Nafarroako Foru Berria aldatzeko foru-legearen proiektua aurkeztu behar du eta gainerako erakundeekin bat egin eta sistema koherente bat eratu behar du”. Agindu hori Legearen azken xedapenetako lehenengoaren bidez indartu zen. Hona zer dioen: “Nafarroako gobernuak, Foru Lege hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita urtebeteko epean, eta aurrez Foru Zuzenbide zibilaren Aholku Batzordeak txostena eginda, Nafarroako Foru Berria Familia Zuzenbidearen arloan aldatzeko foru-legearen proiektua aurkeztu behar du Nafarroako Parlamentuan". Nafarroako Gobernuak, ez du oraingoz, norabide horretan ekimen garrantzitsurik egin, Nafarroako Zuzenbide Zibil Foraleko Aholku Batzordeak eginiko azterlan txalogarria izan ezik eta azterlan hura, gainera, ez zen lege-proposamen zehatz bat eginda gauzatu eta Nafarroako Parlamentuak ere ez du agindua bete ez izana kontuan hartu.

Indarrean den Zuzenbide positiboari dagokionez, badirudi egokia dela eskubide errealei, batez ere lurrazal-eskubideari, berme errealei edo komiso-itunari lotutako arautzea. Ez da gauza bera gertatzen ondasunen zuzenbidearekin: ez du zentzurik Foru Berriak ondasun-erkidego motak arautzen jarraitzea (III. izenburua), kontuan hartuta entitate publikoen ondasunari eragiten diela. Kontuan izan behar da gaur egun dugun 1990eko uztailaren 2ko Nafarroako Tokiko Administrazioaren eta haren Erregelamenduen 6/1990 Foru Legeak badituela ondasunei eta ondasun-erkidegoei eta eskubide administratiboei lotutako xedapenak.

Nafarroako Foru Berriaren zaharkitzapena gutxiago nabaritzen da obligazioen eta kontratuen gaietan. Baiezta daiteke arautzea Kode Zibilarena baino aurreratuagoa dela, 1900eko BGBaren eta Italiako 1942ko Codice delakoaren ildoei jarraitu baitzien. Kontuan izan behar da zuzenbide-corpus horiei erreformak egin zizkiela ondoren, baina Nafarroako Konpilazioari ez.

Urteak aurrera egiteak zalantzan jartzen du Foru Berrian indarrean diren artikulu askoren historizismo laua, oso bereziki ezkontzaren ondasun-eraentzako Zuzenbideari lotutakoak. Aldatu beharra dago zenbait gaitan: dohaintzen ezeztatzearen diziplina ezkontza-krisietan (76 legea), ezkontzako ondasun-eraentza (82-104 legeak) eta ondasun-eraentza bigarren ezkontzetan edo hurrengoetan (105-111 legeak). Are premiazkoagoa da fideltasunaren ondoriozko lege-gozamenaren diziplina egokitzeari begira, bai dibortzioen, bi izatezko bikoteen, bai homosexualen ezkontzen arautzean. Bigarrenez ezkondutako gurasoen seme-alaben ondorengotza-eskubideei buruzko 272 legea berraztertzeko beharra ere aipatu da.

Nafarroako Zuzenbide zibila eguneratzearen beharra Zuzenbide pribatua erkidegotartzearen edo Europartzearen testuinguruan sortu diren betebeharretatik ere badator, Kontinenteko ordenamendu juridikoen artean nolabaiteko hurbiltzea egitea eskatzen baitute, bakoitzak bere Zuzenbide zibila izateari uko egin gabe. Beharrezkoa da Espainiako gobernuak eskualdeen artean legeei lotutako dauden gatazkak konpontzeko saiakera egitea, batez ere, ezkontzako ondasun-eraentzari dagokionez. Arazo horiek Nafarroako Zuzenbide zibilari modu berezian eragiten diote eta hala erakusten du, adibidez, bikote egonkorren berdintasun juridikorako 2000ko uztailaren 3ko Nafarroako 6/2000 Foru Legeak. Auzitegi Konstituzionalaren epai batek partzialki baliogabetu zuen (2013ko apirilaren 23ko 093/2013 epaia, BOE, 2013ko maiatzak 23).

Harrigarria suertatzen da bi hauen arteko kontrastea; batetik, Nafarroako Konpilazioaren zati batzuen izaera zaharkitua, foru-legegintza zibilaren berdintasunik gabeko sakabanatzea, eta, bestetik, Estatuko konpilazio/kodetze autonomikoek duten modernotasuna. Foru-erkidegoak, beste behin ere, atzerapen nabarmena du Zuzenbide zibila eguneratzeko prozesuan. Nafarroako Zuzenbide zibil foralaren Aholku Batzordea 2006ko otsailaren 6ko 9/2006 Foru Dekretuaren bidez sortu zen Zuzenbide zibil foralaren azterketa garatzeko eta sustatzeko eta ez du inolako erreformarik zehaztu.

Foru Berria zaharkitua egotea eta araudi zibil sakabanatua izateak dakartzan arazoak Nafarroako Zuzenbide Zibil Foralaren Legea eginda gainditu behar lirateke eta lege hori Nafarroako gaur egungo erakundeak eta erakunde historiko positibizatuak eraberritzera bideratu behar da, XXI. mendeko errealitate sozialera eguneratuta edo egokituta.

  • Data26 Sep 2017