Zuzenbidearen irakaskuntzan eta haren aplikatzaileen antolaketan oinarritutako Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren XX. Sinposioa arrakastatsua izan da

  • Hasiera
  • /
  • Zuzenbidearen irakaskuntzan eta haren aplikatzaileen antolaketan oinarritutako Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren XX. Sinposioa arrakastatsua izan da
Alt
02 Abe 2022
Iura Vasconiaek antolatzen duen Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Sinposioaren XX. edizioak Zuzenbidearen irakaskuntza, magistratuaren antolaketa eta elkargoko kide egitea izan ditu hizpide, eta arrakasta izan du, bai hizlarien kalitateagatik, bai sortu diren eztabaidengatik, ikerketa-eremu berriak irekitzen baitituzte.

Iura Vasconiaeren presidente Gregorio Monrealek eta Sinposioaren zuzendari Roldán Jimenok aurkeztu zituzten 13 hizlariak, eta haiek izan ziren eztabaidetako moderatzaileak.

Hitzaldi guztiak Iura Vasconiae aldizkarian jasoko dira, eta 2023aren erdialdera argitaratuko da.

Goizeko jardunaldia Iura Vasconiae Fundazioaren Donostiako egoitzan hasi zen, Manuel Martínez Neiraren eskutik. Manuel Martínez Neira Carlos III. Unibertsitateko irakaslea da, eta unibertsitateen historiaren ikerketan Estatuko aditurik garrantzitsuena da. «Kritika ilustratua eta proiektu liberala: Zuzenbidearen irakaskuntza monarkia hispanikoan» izan zuen hizpide. Anne Rouselet-Pimonte irakasleak (Parisko Unibertsitatea I - Panthéon-Sorbonne) XVI. mendetik XIX. mendera artean Frantziako monarkian Zuzenbidearen irakaskuntza nolakoa zen iruzkindu zuen.

Javier García Martín UPV/EHUko irakasleak XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Zuzenbidea irakasteko erabiltzen zituzten eskuliburuak eta apunteak aztertu zituen. Unibertsitate bereko Zuzenbidearen Historiako irakaslea den María Rosa Ayerbek Oñatiko Unibertsitateko sorrerari eta eboluzioari buruzko aurkezpen bat egin zuen, eta bereziki aipatu zituen bertako ikasleek bete behar zituzten arau zorrotzak.

Balear Uharteetako Unibertsitateko Rafael Ramis irakasleak berak «beherengo mailako» gisa kalifikatzen dituen unibertsitateen bilakaera nolakoa izan zen erakutsi zuen, eta horien artean Iratxekoa aipatu zuen. Gehiago balio zuen tituluak lortzeko ordaintzeak, monje beneditarrek irakatsitakoak baino. Goizeko jardunaldia amaitzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Roldán Jimeno irakasleak hitz egin zuen. Hitzaldian, Nafarroako Erresuman unibertsitate bat sortzeko huts egindako saioen errepaso bat egin zuen –ikasle nafarrek penintsulako nahiz Frantziako eta Italiako beste unibertsitate batzuetan ikasi behar izan zuten halabeharrez–.

Arratsaldeko jardunaldiari Deustuko Unibertsitateko Gema Tomás irakasleak eman zion hasiera: jesuitek sortutako unibertsitateko lehen ikasketa juridikoen sorrera eta lehen garapena izan zituen hizpide. Carlos Garriaga UPV/EHUko irakaslea magistraturaren antolaketari buruz mintzatu zen. Jarraian, abokatuen elkargoen sorrera eta antolaketa aztertu ziren. Bizkaikoaz, Arabakoaz eta Gipuzkoakoaz Santiago de Pablo UPV/EHUko irakaslea arduratu zen; Iruñekoaz, Lizarrakoaz eta Tuterakoaz, berriz, Mikel Lizarraga, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.

UPV/EHUko Imanol Merinok prokuradoretzaren antolaketari buruz hitz egin zuen, eta, azaldu zuenez, hura auzietan egotea nahitaezkoa zen lurralde batzuetan, eta aukerakoa, beste batzuetan. Eta, azkenik, Andrés Urrutia euskaltzainburu eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak hitz egin zuen. Sinposioa ixteko, notario-elkargoko kide egitearen historia azaldu zuen.

Aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere adituak eta doktoretza egiten ari diren ikasleak bertaratu ziren sinposiora. Lehenengoen artean, Josu Erkoreka zegoen, modu partikularrean. Gaur egun lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua da, eta lehenago Gobernantzakoa eta Iura Vasconiae Fundazioko sortzaileetako bat izan zen.