Iura Vasconiaeren XXII. sinposioak gehiago hurbildu gaitu emakumeek zuzenbide historikoan bizitako errealitatera

  • Hasiera
  • /
  • Iura Vasconiaeren XXII. sinposioak gehiago hurbildu gaitu emakumeek zuzenbide historikoan bizitako errealitatera
Alt
14 Ots 2024

Urtarrilaren amaieran, Emakumearen egoera juridiko-pribatua Baskoniako zuzenbide historikoan XXII. sinposioa egin zen UPV/EHUren Donostiako Zuzenbide Fakultatean, Iura Vasconiaek antolatuta, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin. Honako honetan, oinordetza eta ezkontza-zuzenbidea izan dira hizpide. Ohiturazko zuzenbideak eta idatzizko lege eta araudiek emakumeei Baskoniako lurraldeetan eta, konparazioz, beste lurralde batzuetan ematen zieten tratamenduaz aritu ziren adituak Clara Campoamor aretoan. Interesdun ugari bildu ziren: aretoa lepo bete zen. Hitzaldiez gain, sei komunikazio egin ziren, gaiak mundu akademikoan piztu duen interesaren erakusle.

Izen berarekin 2023ko abenduan egin zenari jarraipena eman dio XXII. sinposioak. Gaiaren handitasuna ikusita, bi sinposio antolatzea erabaki zuen Iura Vasconiaeren patronatuak. Horrela, euskal emakumeak, gizonekin alderatuta, eskubideei dagokienez nola tratatzen zituzten jakiteko ikuspegi osoago bat eskain zitekeen.

Iura Vasconiaeko presidente Roldán Jimenok egin zuen ekitaldi akademikoaren aurkezpena. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, bere aldetik, hau gogorarazi zuen: «Historian, zuzenbidea ez da neutroa izan. Mendeetan zehar, emakumeak baztertuta egon ziren, eta ez ziren eskubide-subjektu. Denborarekin, espazioak konkistatzen joan dira emakumeak. Dena dela, oraindik ere zenbait rol gailentzen dira eta gaitasun jakin batzuk ukatzen zaizkie».

Ondoren, UPV/EHUko Zuzenbide Erromatarreko katedradun Rosa Mentxakak egin zuen inaugurazio-hitzaldia. Erretiroa hartuta dago jada, eta aitzindaria izan zen emakumeek apaiz-ministerioen jardunean izan zuten rola aztertzen. Gogorarazi zuenez, emakumeek, kristautasunaren hasieran, protagonismo handia zuten gizartean, eta, hala ere, 380. urtetik aurrera, Erromatar Inperioan kristautasuna ofizial egin zenean, rol hori desagertuz joan zen.

Oinordetzaren antolamenduari buruzko mahaia –Maitena Arakistain UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle elkartua izan zen moderatzailea–, Leire Imaz UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle agregatuaren hitzaldiarekin hasi zen. Bizkaiko eta Aiarako egoerari buruz hitz egin zuen, eta zalantzan jarri zuen emakumeek heredatu ahal izatea abantaila handia izatea. «Ez da egia emakumeen estatusa goratu zuenik. Ohorea baino gehiago betebeharra zen, eta, kasu askotan, izugarrizko lanaz gain, maite ez zuten norbaitekin ezkondu beharrean egoten ziren». Leire Imazek euskal matriarkatuaren legenda ukatu zuen, eta honako hau adierazi zuen: «Emakumeek heredatu zezaketen, baina horrek ez du esan nahi emakumeak gizonen pareko zirenik».

Rosa Ayerbe UPV/EHUko Zuzenbidearen Historiako irakasle titularrak gogorarazi zuenez, Gipuzkoan, beste lurralde batzuetan ez bezala, zuzenbidea ohiturazkoa zen, eta Batzar Nagusiek lurraldeko emakumeek heredatzeko zuten gaitasuna Madrilgo Gortearen aurrean arrakastaz defendatu ahal izatea zaildu zuen horrek.

Elsa Sabater NUPeko Zuzenbide Zibileko irakasle titularrak Nafarroako kasua eta haren Foruaren berezitasunak azaldu zituen. Eta Marie-Pierre Arrizabalaga Estatu Batuetako Historia eta Zibilizazioko katedradunak (Cergy-Pontoiseko Unibertsitatean) Ipar Euskal Herriko emakumeek Estatu Batuetara –Kaliforniara, hain zuzen– emigratu zutenean oinordekotza-gaitasunari eusteko izan zuten kemenaz mintzatu zen. Olga Cardona Balear Uharteetako Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko irakasle elkartuak Balearretako egoera azaldu zuen, galdegile gisa.

Arratsaldeko saioa Irantzu Beriain UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle agregatuak moderatu zuen, eta ezkontza-zuzenbidea izan zuen ardatz. Roldan Jimeno NUPeko Zuzenbidearen Historiako katedradunak Nafarroako Foru Berrian ezkontzaren erregimen ekonomikoak nola funtzionatzen zuen azaldu zuen. Aurora López Azcona Zaragozako Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko irakasle titularrak Aragoiko zuzenbidearen foruen eta betetzeen egoera aztertu zuen, galdegile gisa.

Ondoren, Itziar Alkorta sinposioko zuzendari eta UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle titularrak sei komunikazioak aurkeztu zituen. Marta Friera Oviedoko Unibertsitateko Zuzenbidearen Historiako irakasle titularrak Asturiaseko egoera azaldu zuen. Maitena Arakistain UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle elkartua Ingalaterrako kasuan zentratu zen. Leire Gorostiza UPV/EHUko doktoratu aurreko ikertzaileak Bergarako eta Zestoako kasuak aztertu zituen. Elena Llorente UPV/EHUko Historiako doktoreak XVI. eta XVII. mendeen arteko Bizkaiko maiorazkoak eta merkatarien ekonomia izan zituen hizpide. Azken komunikazioa José Miguel Gorostiza Zuzenbidearen Euskal Akademiako abokatu eta liburuzainak egin zuen. Bizkaian zentratu zen, halaber, baina lanbidean aitzindari izan ziren bi emakumezko abokatu gogorarazi zituen.