Ostegun honetan, hilak 2, Bergarako Irizar jauregiak, arratsaldeko 7etan, Euskal Herriko pentsamendu politiko guztia, Antzinako Arotik gaur egunera artekoa, biltzen duen argitalpen baten aurkezpena hartuko du. Urteak eman dituen lana da, eta hogeita hamar bat unibertsitatetako 300 akademikok hartu dute parte; paperean zein interneten kontsulta daiteke.
“Notitia Vasconiae hiztegia ezinbesteko tresna da Vasconia osatzen duten lurraldeak juridikoki nola antolatu diren eta Euskal Herrian 2.200 urte baino gehiagotan zehar elkarrekin bizi izan diren edo aurrez aurre jarri diren joera ideologikoak ezagutzeko interesa duen edonorentzat”, adierazi du Juantxo Madariaga irakasleak, Iura Vasconiae fundazioak bultzatu duen argitalpen honen zuzendarietako batek.
Madariagak, ostegunean Bergaran lan hau aurkezteaz arduratuko denak, gogorarazi du, halaber, oso herrialde gutxik egin dutela beren historian zehar historialari, jurista eta politikarien figura eta lana argitalpen bakar batean biltzeko lan hori.
“Iura Vasconiae fundazioak, Petronorren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, ahalegin titanikoa egin du lau liburukitan eta 3.500 orrialde baino gehiagotan biltzeko K.a. 200. urtetik gaur egunera arte gure antolaketa juridiko eta politikoaren inguruan ezagutza ekarri duten 1.199 historialari, jurista eta politikariak. Euskal Herriko bilakaera politikoaren edozein etapatan murgiltzeko interesa duenak, liburukiak kontsultatuz edo Iura Vasconiae webgunean, egileen araberako bilatzaile sinple bat baitu, egin dezake”, adierazi du Juantxo Madariaga irakasleak, eta aurreratu du Bergarako aurkezpenean hiztegian jasotako herriko egileak ere aipatuko dituela.





