Karguak eta lanbideak
Hagiografoa
Ibilbidea
Ursino Passio Leudegarii episcopi augustodunensis hagiografia-lanaren egilea izan zen, viii.-ix. mendeetan idatzia. Leodegarioren bizitza eta martirioa kontatzen ditu. Leodegario Autungo (Saône-et-Loire) apezpikua izan zen, vii. mendearen bigarren erdian.
Passio Leudegarii lanaren hainbat bertsio dira, esku ezberdinek idatziak daude eta informazio ezberdina ematen dute, bai eta kontraesankorra ere, bai santuaren bizitzaz, bai martirioaz. Informazio guztiek esaten dute apezpikuak jazarpen politikoa pairatu zuela, beste aristokrata anitzek bezalaxe, Ebroinoren bigarren agintaldian (675-681). Ebroino Neustriako Erresumako jauregiko maiordomoa izan zen. Leodegario torturatuta hil zen, baina hainbat handikik ihes egitea lortu zuten. Passioren bigarren bertsioa Ursinok idatzia da eta hartan esaten da ihesi joandako noble franko askok baskoien artean —vaccaeorum— bilatu zutela babesa. Hagiografoak noble haietako bakar baten izena aipatzen du, Gaerenus, Leodegario zenduaren anaia (Passio Leudeg. II, 12). Gaerenok, hala ere, ez zuen luzaz babestua egoterik izan, maiordomoak agindurik erail baitzuten 678 aldean, Fredegario delakoaren jarraitzaileetako batek emaniko lekukotasunarekin bat (Fred. Contin. 2). Hona hemen Gaerenusen ihesaren berri ematen duen Passioko pasartearen zati bat:
Eodem tempore eiusdem germanus suus Gaerenus nomine, qui ob metum supradicti Ebroini cum aliis quos fugaverat ex Francorum procerebus Vaccaeorum lustraverat partibus, iusso regis gloriosi Theuderici ac principes Ebroini decretum est ad platium reverti. Tunc etenim beatum Leudegarium ex monasterio, in quo tenebatur absconditus, egredi et in praesentia regis iussus est arcessere (Passio Leudeg. II, 12).
Guztiz sinesgarria da Leodegarioren hagiografoak baskoien lurraldeaz dakarren informazioa, hau da, lurralde hura iheslarien nahiz erbesteratuen babeslekua zelako informazioa, beste iturri historiko fidagarriago batzuek bermatua baitago. Iturrion artean, Fredegario delakoaren jarraitzaileen kronika aipatu behar da, Ursinok ezagutzen zuena. Halaber, Isidororen nolabaiteko eragina sumatzen dugu Passio lanean; izan ere, beste egile garaikide batzuek bezala, Ursinok baskoiei bakzeo deritze; beraz, erkidego baskoi berantiarra erromatarren aurreko herri bakzeoa zelako identifikazio okerra jasoa du bere testuan (Etym. 9.107-108).
Obrak
Passio Leudegarii, Krusch, B., eta Levison, W. (argk.), in Monumenta Germaniae Historica,Scriptores rerum Merovingicarum, 5, Hannover-Leipzig: Impensis Bibliopolii Hahniani, 1910, 249.-362. or.
Bibliografia
Fouracre, P., «France in the seventh century», in Fouracre, P., eta McKitterick, R. (argk.), The new Cambridge Medieval History: Volume 1, ca. 500-ca. 700, Cambridge: Cambridge University Press, 2004, 371.-396. or.
Lanz, J., «Prófugos y exiliados en la región circumpirenaica occidental en los siglos vi-vii d. C.», Antesteria, 7 (2018), 263.-281. or.
Rouche, M., L’Aquitaine: des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une région, inParis: Ecole des hautes études en sciences sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.
Torregaray, E., «Vascones y vacceos: una historia de confusión», in Santos Yanguas, J., eta Cruz Andreoti, G. (argk.), Revisiones de Historia Antigua VII. Romanización, fronteras y etnias en la Roma Antigua: el caso hispano, Gasteiz: UPV/EHU, 2012, 457.-475. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Ursino”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 192-193.





