Karguak eta lanbideak
Kleriko eta historialaria
Ibilbidea
Diakonoa zela idatzi zuen lehen obra, De altera vita fideique controversiis adverus Albigensium errores libri III (ca. 1234-1235), heresia albitarraren kondenari buruz. Ondoren, Leongo San Isidoro kolegiatako kanonigo erregularra izan zen, eta orduan idatzi zuen De Miraculis Sancti Isidori obra; 1223tik 1236ra bitartean jardun zuen zeregin horretan. Haren obra nabarmenena Chronicon mundi izan zen, 1238. urtearen inguruan idatzia, Berengela erreginak enkargatuta. Garaiko kronikagintzan ohikoa zenez, munduaren sorrera hartu zuen historiaren abiapuntu, eta, bere kasuan, Fernando III.ak Kordoba konkistatu zuen urtea (1236) amaierako mugarri. San Isidororen obra hartu zuen oinarri, eta, era berean, beste kronika batzuk ere baliatu zituen, hala nola Biklarorena, Hidaziorena, Orosiorena, Alfontso II.arena, Siloskoa, Sampirorena, Naiarakoa eta gesta-kantak. Tuiko kronikariak, Rodrigo Ximenez Radakoa garaikidearen antzera, uste zuen erresuma kristauak bisigodoen erresumetatik zetozela.
Chronicon mundi lanean ez zion arreta handirik jarri Baskoniari; nafarrak Asturias eta Leongo historiarekin lotzen zituen gertakari historikoei buruzko informazio jakin batzuk baino ez zituen jaso. Adibidez, Fruela I.a emakume nafarraren aipamena. Bildu zuen pasarterik bereziena Karlomagnok Orreagan jasan zuen porrota eta Bernardo del Carpiok gudu horretan izan zuen esku-hartzea izan zen. Zehazki, azaldu zuen Karlomagnok, zahartuta jada, musulmanak Borgoinan, Pictavian eta Galian garaitu ondoren, Pirinioak zeharkatu zituela, eta lur horiek konkistatu zituela kristauentzat. Orreaga igaro ondoren, mendean hartu zituen Kataluniako, Nafarroako eta Baskoniako eskualdeak. Orduan, Alfontso II.ari idatzi zion, bere basailu izan zedin, baina Bernardok, hori entzutean, frankoen kontra borrokatzea erabaki zuen, musulmanekin elkar harturik. Karlomagnok, orduan, Tutera setiatu zuen, baina ezin izan zuen mendean hartu Ganelonen traizioagatik. Ondoren, Naiara eta Monjardingo plazak konkistatu zituen, eta Frantziarako itzulera bidea hartu zuen. Baina Marsilek, Zaragozako erregeak, gerlari ugariz osatutako armada bildu zuen, eta, besteak beste, Bernardok eta hainbat nafarrek osatutako gudaroste horrek frankoen armadaren atzealdeari aurre egin zion Orreagan, eta garaitu egin zuen. Karlomagnoren zaldun garrantzitsuak hil zituzten, hala nola Erroldan, Bretainiako prefektua, Anselmo kondea eta Eggihardo erregearen mahaizaina. Karlomagnok, itzuli eta mendekua hartu zuen, sarrazeno ugari garaituz. Ondoren, Done Jakueren hilobia bisitatu zuen.
Obrak
Argitalpenak: Valdés García, O. (arg.), El Chronicon Mundi de Lucas de Tuy: edición crítica y estudio, Doktore-tesia, Salamanca: Universidad de Salamanca, 1999. Falque, E. (arg.), «Lucas Tudensis», Chronicon mundi. Colecc. Corpus Christianorum. Instrumenta Lexicologica Latina, 143. fasz. (CM 74). Series A. Formae, Brepols: Turnhout, 2003.
Bibliografia
Bautista, F., «Bernardo del Carpio y Roncesvalles en el Chronicon mundi de Lucas de Tuy», in Conde, J. C., eta Saguar, A. (arg.), El Poema de Mío Cid y la épica medieval castellana: nuevas aproximaciones críticas, London: University of London, 2015.
Falque, E., «Hacia una organización textual de los manuscritos del Chronicon mundi de Lucas de Tuy», in Cahiers de Linguistique Hispanique Médievale, 23 (2000), 8.-99. or.
Fernández Conde, F. J., «El biógrafo contemporáneo de Santo Martino: Lucas de Tuy», in Santo Martino de León. Ponencias del I Congreso Internacional sobre santo Martino en el VII centenario de su obra literaria, 1185-1985, León: Editorial Isidoriana, 1987, 303.-335. or.
Jerez Cabrero, E., El Chronicon Mundi de Lucas de Tuy (ca. 1238): Técnicas compositivas y motivaciones ideológicas, Doktore-tesia, Madrid: Universidad Autónoma de Madrid, 2006.
Valdés García, O. (arg.), El Chronicon Mundi de Lucas de Tuy: edición crítica y estudio, Doktore-tesia, Salamanca: Universidad de Salamanca, 1999.
Aipamen bibliografikoa
Lizarraga Rada, M., “Tuy, Lucas”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 309-311.





