Karguak eta lanbideak
Historialaria
Ibilbidea
Paduan jaiotako historialari latindarra. Bere lan nagusia, Ab urbe condita, Augusto enperadorearen agintaldian idatzi zuen. Historia-lan erraldoia zen, Erromaren sorreratik (K.a. 753) Augustoren garaira arte hartzen baitzuen. 142 liburuk osatzen zuten obra, baina lehenbiziko 35ak soilik iritsi dira gurera, Pertseo Mazedoniakoaren aurkako gerraren (K.a. 171-168) amaierara arteko gertaerak jasotzen dituztenak. Gainerako liburuen edukiari dagokionez, Periochae izeneko K.o. iv. mendeko aurkibide bati esker daukagu horren berri. Batzuetan lanaren objektibotasun falta nabarmena kritikatu den arren, erromatarren aldekoa baita argi eta garbi, Livioren obra funtsezkoa da Erromako Monarkiaren eta Errepublika Arkaikoaren eta Erdiko Errepublikaren aldien berri izateko. Historialariak informazio ugari ematen du gertaera militar, politiko eta diplomatikoei buruz, baina baita erakunde erlijioso eta juridikoei buruz ere, eta erromatarren ohiturei eta tradizioei buruz. Zenbait iturri erabili zituen, eta, Inperioaren garaian arrakasta handia izan zuenez, ondorengo latindar historialari askoren eredu bihurtu zen.
Iritsi zaizkigun iturri literarioetatik, Tito Livio da baskoiak aipatzen dituen lehenengoa, eta Sertorioren Gerraren testuinguruan egiten du hori (K.a. 76). Latindar historialariak (Per. 91) kontatzen digu Sertoriok, bursaondarren, cascantearren eta graccurritarren laborantza-lurrak suntsitu ondoren, Calagurrisera (Calahorra) iritsi zela eta baskoien lurraldean zehar joan zela —per vasconum agrum ducto exercitu— beroien lurraldearekiko mugarantz. Testuak zenbait -interpretazio-arazo sortu ditu historialari modernoen artean. Esate baterako: zein zen baskoien lurraldearen hedadura Errepublikaren garaiaren amaieran; Calagurris hiriaren atxikipena, garai horretan baskoien hiria zen ala ez, alegia; eta horrekin batera, baskoiek Sertorioren kausari erabateko babesa edo babes partziala eman zioten. Nolanahi ere, nabarmentzekoa da ager vasconum delakoa aipatzen dela; hau da, baskoiekin lotutako lurralde bat, eta horrek bi interpretazio izan ditzake: batetik, Livioren aipamena deskribapen hutsa izatea, tradizioz herri horrekin lotutako lurralde bat adierazteko; edo, bestetik, harago joanda, zenbait egile modernok egin duten moduan, ager hori aipatzeak adieraziko lukeela civitas baskoi baten edo batzuen inguruan antolatutako lurraldea egongo zela, eta horrek baskoien eremuko politika- eta administrazio-garapena maila handiagokoa izango zela frogatuko luke. Eskura ditugun datuen arabera, badirudi lehenbizikoak duela aukera gehien, aipamen deskribatzailea dela, alegia.
Obrak
Gaztelaniazko itzulpena: Tito Livio, Periocas y fragmentos, VillarVidal, J. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 1995.
Ingelesezko itzulpena: Livy, Summaries, fragments and obsequens. Schlesinger, A. C. (itzulpena), XIV. liburukia, Cambridge MA-London: Harvard University Press, 1959.
Bibliografia
Olcoz, S.; Medrano, M.: «Tito Livio: Castra Aelia y el límite meridional del ager Vasconum, antes y después de Sertorio» in Navarra: Memoria e imagen. VI Congreso General de Historia de Navarra, Iruñea: Eunate, 2008, 55.-77. or.
Salinas, M.: «Geografía real y ficticia de la epopeya sertoriana» in Cruz Andreotti, G.; Le Roux, P.; Moret, P. (argk.): La invención de una geografía de la península ibérica I. La época republicana, Málaga; Madrid: Casa de Velázquez, 2006, 153.-174. or.
Sayas, J. J.: «El poblamiento rural en el área de los vascones» in Veleia, 1 (1984), 289.-310. or.
Torregaray Pagola, E.: «Embajadas y embajadores entre Hispania y Roma en la obra de Tito Livio» in Torregaray Pagola, E.; Santos Yanguas, J. (argk.): Diplomacia y autorrepresentación en la Roma Antigua, Bilbo: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2006, 25.-62. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Tito Livio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 45-46.





