Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR BEHE-INPERIOAREN GARAIKO EGILEAK ETA OBRAK

SIDONIO APOLINAR (Kaio Solio Modesto Apolinar Sidonio) (Lyon, 430/433 – Clermont-Ferrand, 482/487).

Karguak eta lanbideak

Aristokrata galiar-erromatarra, Clermonteko apezpiku eta zenbait obraren egile

Ibilbidea

Kaio Solio Modesto Apolinar Sidonio Lyonen jaio zen, senatarien ordenako galiar-erromatar handikien familia kristau batean. Lyoneko eta Arléseko eskoletan hezkuntza ona jaso ondoren, Sidonio Papianillarekin ezkondu zen, Avito enperadorea izango zenaren alabarekin, alegia. Ezkonsari moduan, senar-emazteek Avitacum landa-jabegoa jaso zuten, gaur egungo Clermont-Ferrandetik (Auvernia) gertu. Sidonio gaztea laster nabarmendu zen bere -literatura-dohainengatik eta Avito (455-456), Maioriano (457-461) eta Antemio (467-472) enperadoreek saritu zuten, Sidonioren politika-ibilbidea bultzatuz. 469an, Sidoniok patricius izeneko ohorezko dignitate gorena lortu zuen, eta hurrengo urtean, Auverniara joan zen. Han, apezpiku izendatu zuten. Hurrengo hamarkadaren hasieran, eskualde horretan bisigodoen aurka egindako erresistentziaren lider sutsuenetako bat izan zen, Nepote enperadoreak lurralde hori bisigodoei eman zien arte. Espetxean denbora-tarte labur batez egon ondoren, Sidoniok Clermonteko apezpiku izaten jarraitu zuen, hil arte. Handik gutxira, santutu egin zuten.

Sidonio Apolinar 24 poemaren eta 126 epistolaren egilea da, eta, bidali zioten gutun batekin batera, bederatzi liburutan daude bilduta. Sidonioren korrespondentzia gehiena 470. urtearen osteko hamarkadan idatzitakoa da, eta, hor, eguneroko bizitzarekin, gizarte-ekitaldiekin, politikarekin, literaturarekin, artearekin eta erlijioarekin lotutako gai asko eta asko jorratu zituen, eta badaude Novenpopulaniako lurraldeari buruzko erreferentziak ere. Hain zuzen ere, civitas Vasatican (Vasats, Gironda) bizi zen Trygetium izeneko lagun bati bidalitako gutunean, Garona ibaiaren nabigagarritasuna eta Langoneko ibai-portua —portum Alingonis— aipatzen dira, eta Garona ibaiko muskuiluen —Garumnicis mugilibus—, Aturri ibaiko arrain finen —Aturricus piscis— eta Baionako otarrainen —Lapurdensium lucustarum— ospea goraipatzen da (Epist. 8.12). Beste epistola batean —Basiliusi bidalia, 475. urtean—, Euriko errege bisigodoak Akitanian eta Novenpopulanian kristau katolikoen aurka abiatutako jazarpen gogorra deskribatzen du, izu handiz. Besteak beste, Sidoniok adierazten du ecclesiae urbanae eta parochiae rusticae asko abandonatuta eta hondatuta zeudela, leku askotan ez zela jada elizkizunik egiten, eta hiltzen diren apezpikuak ez zituztela ordezten, eta, horren ondorioz, kargu horiek bete gabe geratzen zirela. Hori zenbait apezpikutegitan gertatuko zen. Sidoniok Novenpopulaniako hauek aipatzen ditu: Helusani (Eauze, Gers), Vasates (Vasats, Gironda), Convenae (Saint-Bertrand-de-Comminges, Garona Garaia) eta Auscenses (Auski, Gers). Azkenik, bere lagun Namatiusi 469.-470. urte aldera bidalitako gutun batean, aipatzen du Saintesen amarratutako ontzidia mobilizatu zutela, Akitaniako kostaldean erasoak egiten ari ziren archipirata saxoi batzuk harrapatzeko (Epist. 8.6.13-15). Ikertzaile askok pentsatzen dute piratek horrelako ekintzak Kantauri itsasoan ere egingo zituztela.

Sidonio Apolinarren poemak eta korrespondentzia funtsezko testigantza dira v. mendearen bigarren erdikogaliar-erromatar familia aberatsenen dinamismoaren eta egunerokotasunaren berri izateko. Novenpopulaniako lurraldeari buruzko aipamenetan, apezpikuak adierazten du sare eklesiastiko sendoa zegoela han, eskualdeko hirietan zein landa-ingurunean, ecclesiae urbanaeak eta parochiae rusticaeak bereizten baititu. Garonako muskuiluei, Aturri ibaiko arrainei eta Lapurdumeko otarrainei buruzko aipamena guztiz onartuta dago, azken produktu horien ugaritasuna eta ospea berrets dezake-eta inguruan arrain-gazitegi baten aztarna arkeologikoak aurkitu izanak, Guétary/Getarian (Lapurdi). Akitaniako kostaldeetan pirata saxoiak aritzeari buruzko pasarteari dagokionez, gaineratu egin behar zaie beste pirateria-ekintza batzuk aipatzen dituzten testigantzei. Izan ere, v. mendean, saxoiak, heruloak eta bandaloak ibili ziren Galiako eta Hispaniako Atlantikoko kostaldean.

Obrak

Fernández López, M. C. (arg.): Sidonio Apolinar, humanista de la Antigüedad Tardía, su correspondencia, Murcia: Universidad de Murcia, 1994.

Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.

Sidonio Apolinar, Poemas, López Kindler, A. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 2005.

Bibliografia

.Larrañaga, K.: El hecho colonial romano en el área circumpirenaica occidental, Gasteiz: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.

Mussot-Goulard, R.: Les Goths, Miarritze: Atlantica, 1999.

Rouche, M.: L’Aquitaine: des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une region, Paris: Ecole des Hautes Études en Sciences Sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Sidonio Apolinar”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 93-94.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP