Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Beste lurralde senideekin gertatzen den moduan, Gipuzkoa ia ez da aipatzen Erdi Aroko kroniketan. Hala, ez da Gipuzkoarik aipatzen Alfontso III.aren kronikan (ix. mendearen amaieran edota x. mendearen hasieran idatzia da kronika, nahiz eta viii . mendeko Errekonkistaren hasierako garaia jasotzen den), ez arabiarren kroniketan, haien razziak ez baitziren Arabako Yarnik-etik pasa, eta, are gutxiago, merovingioetan edo frankoetan; izan ere, garai hartan baskoien lurraldean zegoen, Baskoniako Dukerrian.

Lurraldeari buruzko lehen erreferentzietan, Gaztelak Nafarroako Erresumatik behin betiko bereganatu zuenekoa aipatzen da. Erreferentzia horiek beti ere kanpoko egileenak dira. Hala, gertakari horren berri jaso zen bai Crónica latina de los Reyes de Castilla lanean, Alfontso VIII.ak Araban eta Gipuzkoan «eskuratutako» lurraldeak aipatzen baitira [castra omnia circum adiacentia acquisivit, scilicet Trivinno, Arganzon, Sancta Cruz, Alchorroza, Victoriam Veterem, Eslucia, terram que dicitur Ipuzcaia, Sanctum Sebastianum insuper, Maranon, Sanctum Vicentium et quedam alia (30. or.)], bai Rodrigo Ximenez Radakoaren Historia de Rebus Hispaniae lanean [Obtinuit itaque Rex nobilis Aldefonsus Victoriam, Ibidam, Alavam, et Trevennium quod fuit postea commutatione Inzurae datum sit. Mirandam etiam dedit commutatione simili pro Portella. Sanctum Sebastianum, Fontem Rapidum, Beloagam, Zeguitagui, Aircorroz, Asluceam, Arzorociam, Victoriam veterem, Maranionem, Aussam, Athavit, Iruritam, et Sanctum Vincentium acquisivit (VII, XXXII)]. Urriago edo laburrago bada ere, Crónica de los Once Reyes lanean ere egiten da Gipuzkoaren aipamena, nahiz eta ez modu esplizituan: Alfontso VIII.a erregeak 25 leku eta gaztelu irabazi zituela esaten da, eta ondoren horietatik hamalau itzuli eta hamaikari eutsi ziela (L. N., 10210 eskbu., 247. fol.). Orobat, Crónica del Príncipe de Viana lanean ere egiten da aipamenik [«como quiere el governador o senescal que hera por tiempo de las dichas tierras e regno, huviese imbiado muchas letras e mensageros al dicho rey de Nabarra, notifficándole cómo el rey de Castilla le corría su tierra e le tomava quanto podía, pero fasta cerqua de hun aynno empues que comencó de correr la tierra el dicho rey de Castilla no hubo el deicho rey de Nabarra letra ninguna ni ningún mensagero de los a él imbiado» (XIII. kap., 48.-54. bertsoak)].

Baina, garaiko kronikarien artean, Guilhem Anelier Tolosakoa izan zen, La Guerra de Navarra lanean, Gipuzkoarekin loturiko gertakarien berri gehien eman zuena. Hain zuzen, Nafarroako Erresumaren zati hori galdu izanaren errua leporatu zien gipuzkoarrei [Seinnor rei de Navarra, be sapchas certament / Que tu perdes ta terra e ton eretament; / Que.l rei Alfons, que tu tens per leial parent, / Es intrat en Navarra ab gladi e ab foc ardent; / Quar tal en cui fidavas, sapchas que o cossent, / E si tu no vens tost, trestot ton regnament / Sapchas qu’auras perdut, que mas a ton vivent / No y albergaras iorn, com te vei a present; / Car perdut as Bitoria e Alava issament, / Ypuzquoa e Amesquoa ab lur pertenement, / E Fonterabia e co que s’i apent, / E San Sebastian, or es la mar batent, / E vilas e castels que eu non ay e ment, / E si laisses Navarra per la paina gent, / Deust’en airara e far t’en a parvent (V. kap., 4r eta 4v folk.)].

Eta Gipuzkoaren aipamen horien ondotik, isiltasuna; izan ere, garai hartan, lurraldearen Ermandadea eratu eta sendotu zen bitartean, liskar eta gorabehera sozio-politiko larriak gertatu ziren. Egile bakan batzuek baino ez zuten urratu isiltasun hori; besteak beste, Lope Gartzia Salazarrek (1399-1476), Buenas andanças e fortunas lanaren egileak. Kronika horretan, oinaztarren eta ganboatarren arteko eta hauen eta hiribilduen arteko bando-gerrak aipatu zituen. Bando-gerra horiei buruzko dokumentazio ugari sortu zen, baina dokumentu horiek apenas piztu zuten bertako eta kanpoko egileen arretarik.

Behe Erdi Aroko egile gipuzkoar benetan nabarmenak bi izan ziren: Martin Azpeitia apaiza (haren Sermón sobre la Passión de Cristo, latinez idatzia, probintziako inkunable antzinakoena da), eta Domenjon Gonzalez Andia, probintziako lehen eskribau fidela, El Libro de los Bollones idazkaritza-lanetan erabiltzeko eskuliburuaren egilea. Hain zuzen, lan horrek hasiera eman zion zuzenbideko dokumentuak biltzeko prozesuari. Bi mende beteko bilketaren ondoren, 1691ko Foru-bilduma lanarekin eman zuten amaitutzat lan hori (bilduma 1696an inprimatu zen).

Bibliografia

Aragón Ruano, A., eta Alberdi Lombide, X., «El control de la producción histórica sobre Gipuzkoa en el siglo xvii. Un instrumento de defensa del régimen foral», in Vasconia: Cuadernos de Historia-Geografía, 25 (1998), 37.-52. or.

Bazán Díaz, I., «La historiografía medieval vasca y su influencia en la obra de Garibay», in El historiador Esteban de Garibay, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2001, 75.-122. or.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A. (argk.), Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 51.-110. or.

Aipamen bibliografikoa

Ayerbe Iribar, R. Mª., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 233-234.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP