Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

GONZALEZ ANDIA, Domenjon (Domingo Gonzalez Andia, Don Menjon Gonzalez Andia) (Tolosa, Gipuzkoa, a. 1442 – Zumaia, Gipuzkoa, 1489).

Karguak eta lanbideak

Gipuzkoako Batzar eta Diputazioetako lehen eskribau fidela.

Ibilbidea

Catalina Tapiarekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten: Anton (Teresa Ruiz edo Fernandez Irarrazabalekin ezkondu zen, Irarrazabaleko andrearekin, eta Debara joan zen bizitzera; Domenjon hiltzean, eskribautegiaren zerbitzari izan zen), Pedro (Isabel Martin Agirrerekin ezkondu zen, Torrecilla de los Camerosera, Logroño; 1491n hil zen), Beltran Martinez lizentziatua (Maria Lopez Leizaurrekin ezkondu zen, eta horien ondorengoak dira Aramaioko markesak; 1559an hil zen) eta Martina Gonzalez Andia.

Bere bizitzari buruzko argilun asko dago, batez ere 1452. urtearen aurretik. Oso litekeena da zuzenbidea ikasi izana, zeuzkan ezaguerak aintzat hartuta. Itxuraz, erregearen basailu ere izan zen, zenbaitetan lantzak eta baleztari marinelak jarri baitzituen haren zerbitzura.

1447an, «gauza galaraziak» ateratzeko Gipuzkoako alkatetzaren ofizioa eskuratu zuen Domenjonek. Gaztelako beste leku eta alderdi batzuetan, «sacas e cosas vedadas» zelakoa kargu inportantea zen, eta erregearen konfiantza handiaren adierazlea; izan ere, erregearen interesak zaindu eta gorde behar zituen, eta debekatutako produktuak ateratzea edo salerostea galarazi behar zuen. Hala, Quaderno del Alcaldía de Sacas de Domenjón Gonçales lana idatzi zuen, eta Henrike III.ak 1404an emandako ordenantzen koadernoa jaso zuen horretan, Gipuzkoan debekatutako gauzen salerosketa arautzeko (Joan II.ak 1447an berretsi zuen koaderno hori).

Alabaina, Rodrigo Zapatak, Calahorrako eta Burgosko Gotzain-barrutietako gauza debekatuen salerosketako alkateak, aipatutako barruti horietan sartu nahi izan zuen Gipuzkoa, bere ahaldun García Embito burgostarraren bidez. Eta Gipuzkoaren zatirik handiena Iruñeko eta Baionako Gotzain-barrutietako lurraldea zenez, Domenjonek uko egin zion alkatetza horren karguari, eta Probintziaren beraren, bertako udalerrien eta herritarren esku utzi zuen: «e conçejos e veçinos e moradores d’ella para que sean francos e libres del dicho ofiçio, segund que sienpre lo han seydo e son, e les sea goardada su posesión e libertad e esençión». Uko eta eskualdatze hori Errege-erregina Katolikoek 1465eko abenduaren 23an Valladoliden emandako errege-aginduaren bidez gauzatu zen.

Gipuzkoako leinuen arteko borroka odoltsuenen lekuko zuzen izan zen Domenjon. Erregearen ganberako eskribau izanik, modu aktiboan hartu zuen parte garaiko gertaeretan, eta Ahaide Nagusiek 1456an desafiatu zutenetako bat izan zen. Ez da harritzekoa, beraz, Batzar Nagusiek Ermandadearen lehen eskribau fidel izendatu izana, 1457ko urriaren 12an Oñatin eginiko bilkuran. Eskribau fidel zeregin horretan, eskura izan zituen Ermandadearen zigilua eta artxiboa, eta kargua hobeto betetze aldera, Libro de los Bollones eskuliburua landu zuen. Ondorengo urteetan, Anton eta Pedro Gonzalez Andia semeek osatu zuten lan hori.

Liburua Probintziaren idazkaritzan modu praktikoan erabiltzeko eskuliburu moduko bat da. Lan horretan hainbat arau eta ordenantza jaso zituen: Erdi Aroko Ermandadeen ordenantza koadernoak, Errege-erreginek berretsiak (1397, 1453 eta 1457), baita 1481ekoak ere; 1469tik aurrera etxe bakoitzak erretako hiribilduei ordaindutakoaren zerrendak; Batzarretan adostutako probintzia-ordenantzak; Probintziako herrietarako ezarritako etxeen zerrenda; Gipuzkoako dokumentazio ofizialean erabilitako inprimaki askotarikoak; errege-erreginek Probintziaren araubide eta gobernurako emandako gutun eta errege-aginduak, eta horien guztien egile eta pertsona gipuzkoarren zenbait albiste historiko eta pertsonal.

Bere bizitza luze eta bizian, Domenjonek harreman onak izan zituen nazioartean. Egile batzuen arabera, Gipuzkoako koronel izan zen Ingalaterrako Eduardo IV.a sorosteko ahaleginean. Omen, errege horrek Jarretiera Ordenan sartzeko ohorea eskaini zion, 1471ko abuztuaren 20an, Frantziako Luis XI.a erregearen aurka Bi Arrosen Gerran emandako laguntzaren sari. Hainbat historialarik, ordea, auzitan jarri zuten ohore hori eman izana, eta hala, Serapio Mujikak egiaztatu zuen urte horretako abuztuaren 25ean erregeak bestelako saria eman ziola («a Domenjón de Andía, escudero del reino de España, lo que ya de palabra le había prometido, es a saber, 20 libras esterlinas todos los años sobre los pechos y subsidios del puerto de Bristol»), Ingalaterraren eta Espainiako itsasaldeko bost probintzien artean bakeak zirauen bitartean. Domenjonek Bristolgo portu horretara garraiatzen zituen salgaiengatik ordaindu behar zituen zergei kendu beharrekoak ziren 20 libra horiek. Hala ere, itxuraz, Domenjonek ez zuen baliatu eskubide hori, eta ezeztatuta geratu zen 1474ko otsailaren 26an.

Henrike IV.a hiltzean eta Elisabet I.a Katolikoa Gaztelako tronura iristean, Domenjonek berriro ere Probintziaren buruzagitza eskuratu zuen. Horren erakusle, berak jaso zuen errege-komisarioek Gipuzkoara eramandako mandatua, probintziak Koroari aitortu beharreko fideltasun-zina jasotzeko (Basarten, 1475eko urtarrilaren 2an bildutako Batzarrean jaso zuen mandatu hori). Aipatutako fideltasun-zina hilaren 14an egin zen, eta Gaztelako zutoihala goratu zen bertan; hilaren 15ean, berriz, erreginak, bere izenean eta mandatarien eskutik, bere zina helarazi zuen Gipuzkoaren ordenantzak (foruak) eta pribilegioak mantentzeko. Aurrerantzean, Domenjonek zuzenean Elisabet I.a erreginarekin kudeatu zituen probintziako gairik larrienak, Gipuzkoak Koroari ematen zizkion zerbitzu handiak berme zirela.

1481. urtean, Domenjonek zuzenean parte hartu zuen Ingalaterrarekin sinatutako itunean, aurrez urte hartako irailaren 8an Bartzelonan emandako errege–lizentziaren eskutik. Probintzian, Errege-erregina Katolikoei lizentzia hori eska ziezaiekeen arduradunetako bat zen Domenjon. Segurtasuna zen itunaren xedea, «para que los tratantes de cada uno de los dichos nuestros rreynos e del dicho rreyno de Inglaterra puedan andar e anden seguros, e que los dannos que de la una parte a la otra, e de la otra a la otra, se fizieren sean satisfechos e pagados». Ituna hamar urtez egon zen indarrean, eta Errege-erregina Katolikoek urte hartako irailaren 16an berretsi zuten, Domenjonek, Gipuzkoaren izenean berariaz hala erregutu ondoren («en nombre de la sobredicha Provinçia»).

Gaixoturik eta nekatuta, 1485ean, Anton semeren esku utzi zuen eskribautza fidelaren kargua. Bi urteren buruan, 1487an, berreskuratu egin zuen Probintziak horrela eskatuta, baina 1488an berriro ere Antonen esku utzi zuen behin betiko.

Domenjonek 1471ko irailaren 27an egin zuen testamentua Tolosan. Handik zortzi urtera, Martin Otxoa Sasiolaren etxean hil zen, 1489ko azaroaren 18an, Zumaian egitekoa zen Probintziako Batzar Nagusira bidean zela. Gorpua egun berean eraman zuten Tolosara, eta hilaren 19an ehortzi zuten familiaren hobian («fuesa»).

Obrak

Quaderno del Alcaldía de Sacas de Domenjón Gonçales (Errenteriako Udal Artxiboan gordea, B/1/1/18). Crespo Rico, M. A.; Cruz Mundet, J. R., eta Gómez Lago, J. M. (argk.), in Colección documental del Archivo Municipal de Rentería, I, Donostia: Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, 1991, Dok. zk.: 36 eta 26, 161.-163.  eta 106.-121. or.

Zenbaiten artean, El Libro de los Bollones, Tolosa-Oiartzun: Gipuzkoako Foru Aldundia, Artxibo Zerbitzua, 1995, 221.-459. or.

Bibliografia

Díez de Salazar Fernández, L. M., eta Ayerbe Iribar, M.ª R., «Autoría y contenido del Libro de los Bollones», in El Libro de los Bollones, Tolosa-Oiartzun: Gipuzkoako Foru Aldundia, Artxibo Zerbitzua, 1995, 107.-152. or.

López Alén, F., «Figuras guipuzcoanas. Domenjón González de Andía», in Euskal Herria, 44 (1901), 216-218. or.

Múgica, S., «Domenjón González de Andía. Contaduría de bienes»,in Euskal Herria, 46 (1902), 108.-111., 155.-158., 179.-183., 235.-238., 550.-554. or.

— «La Orden de la Jarretiera en Guipúzcoa», in Euskal Herria, 57 (1908), 559.-560. or.

Orella Unzué, J. L., «Instituciones de Gipuzkoa en el Libro de los Bollones», in El Libro de los Bollones, Tolosa-Oiartzun: Gipuzkoako Foru Aldundia, Artxibo Zerbitzua, 1995, 153.-205. or.

Zenbaiten artean, «El Libro de los Bollones y la Escribanía Fiel de la Provincia de Gipuzkoa», in El Libro de los Bollones, Tolosa-Oiartzun: Gipuzkoako Foru Aldundia, Artxibo Zerbitzua, 1995, 21.-105. or.

Aipamen bibliografikoa

Ayerbe Iribar, R. Mª., “Gonzalez Andia, Domenjon”, Jimeno Aranguren, R., Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 234-237.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP