Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELAKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

RODRÍGUEZ CAMPOMANES, Pedro (Campomanesko kondea) (Tineo, Asturias, 1723 – Madrid, 1802).

Karguak eta lanbideak

Abokatua. Gaztelako Kontseiluko fiskala. Gaztelako Ganberako Fiskala. Gaztelako Kontseiluko Gobernadorea. Historialaria

Ibilbidea

Pedro Rodríguez Campomanes, Campomanesko lehenengo kondea, Asturiasko Tineo Kontzejuan jaio zen 1723an, eta Madrilen hil zen 1802an. Madrilera joan zen hamazazpi edo hemezortzi urte zituela; han, Juan José Ortiz de Amaya abokatu eta katedradunaren laguntzaile aritu zen, eta 1745ean Errege Kontseiluetako abokatu gisa hartu zuten. Azpuru abokatuaren bulegoan ere aritu zen lanean. Bere bulegoa ireki zuenean, berehala lortu zuen arrakasta, goi-nobleziako jende anitzen abokatu izan baitzen, tartean zirela Albako dukea eta Toledoko artzapezpikua. Monarkiaren zerbitzura 1755ean hasi zen lanean, erresumako Korreoaren eta Postaren Errentaren Epaitegiko aholkulari nagusi izendatu zutenean. 1757an Korreoaren Errentaren Epaitegiaren ardura hartu zuen, eta 1760an Ogasuneko ministro togadun izendatu zuten. Lortu zituen kargurik altuenak izan ziren Gaztelako Kontseiluko fiskaltza, 1762an lortu zuena, eta Gaztelako Ganberako fiskaltza, handik bost urtera, 1767an, hartu zuena. Urte horretatik 1783 arte, eta Gaztelako Kontseiluko eta Ganberako karguak hartu zituen arte, bi fiskaltza horien zerbitzura aritu zen Campomanes. 1783 eta 1789 bitartean Gaztelako Kontseiluko aldi baterako gobernadore dekano aritu zen, eta ondoren kargu horren titularra izan zen 1791 arte. Urte hartan Kontseiluko gobernadore karguan errelebatu zuten eta Estatu Kontseilura inkorporatu zen. Historiaren Errege Akademiako kide izan zen 1748tik aurrera, eta haren presidente 1764tik 1791ra eta 1798tik 1801era.

Gaztelako Kontseiluaren barnean fiskal kargua garrantzi handikoa zen. Haien statusa kontseilarien hurrengoa izanik, boto eskubiderik gabe baina Kontseiluko kideak ziren fiskalak ere. Fiskalek monarkaren eta publikoaren interesak ordezkatzen zituzten, Kontseilua informatzen zuten gobernuko, legezko eta era askotako auzietan, eta beraiek prestatzen zituzten, Kontseilura iristen ziren auzi eta erreklamazioen analisitik abiatuta, arau-proposamenak, ondoren, organo haren oniritzia eta erregearen baimena jasoz gero, lege bihurtzen ahal zirenak. Halaber, erregeak igorritako lege-proposamenak aztertu eta Kontseiluaren aurrean defendatzen zituzten.

Campomanes izan zen, neurri handi batean, aldi hartan abiarazitako erreformen egilea, batez ere Gaztelako Kontseiluko fiskaltzatik eta, aldi berean, Ganberako fiskaltzatik, berak prestatutako irizpen, alegazio eta idazkien bidez. Gainera, Gaztelako Kontseiluko fiskal eta ondoren gobernadore izanik 1791ra arte, era aktiboan parte hartu zuen Karlos III.aren agintaldiko lege gehienen prestaketan, eta are Karlos IV.aren agintaldiaren hasierakoetan ere, erreformen politika sustatuz, aldeztuz eta orientatuz.

Campomanes langile kementsua eta adimentsua izanik, erraztasun handia zuen ekimen berritzailea aurrera eramateko, haren jakinduria oso gainetik zegoelako beste politiko ilustratu batzuen aldean, batez ere jurisdikzioari, historiari eta ekonomiari zegokienez. Gainera, Historiaren Akademia zuzendu zuen hogeita hamar urtez, eta Jurisprudentziaren Akademiako buru ere izan zen. Herrialdearen Adiskideen Elkarte Ekonomikoen sorrera ere sustatu zuen, eta elkarte nahiz akademia literario eta zientifiko askotan parte hartu zuen.

Bere Fiskaltzatik, modu aktiboan parte hartu zuen Campomanesek auzi mota anitzetan. Ekonomiari zegokionez, garrantzitsua izan zen haren parte-hartzea kolonietako merkataritzaren liberalizazioan, alekien merkataritzaren askatasunean, Sierra Morenaren birpopulatzean eta nekazaritzaren Legearen prozesuan, gremioen eta lanbideen berrikuntzan, ogasun-auzietan etab. Monarkiaren eskubideen defendatzaile garrantzitsua izan zen, Elizaren eta ordena erlijiosoen aurka. Izan ere, Campomanes izan zen Jesusen Konpainiaren aurkako auzia bultzatu zuena, Esquilacheren kontrako matxinada sustatzea leporatuta: hark garatu zuen gero Espainiako Gorteak Erromaren aurrean eta mundu guztiaren aurrean bere egin zuen arrazoibidea, Campomanesen erantzun fiskalean inspiratu baitzen. Gainera, haren itzala antzematen zen jesuitak Espainiako erresumatik 1676an kanporatzeko ekimenean, eta ondoren ordenaren ondasun guztiak konfiskatzeko agindu zuen. Haren erreforma-grina tokiko administraziora ere iritsi zen, ikastetxeetara eta unibertsitateetara, politika kulturalera eta liburuen merkatura, dibertimendu publikoetara, ongintzazko jardueretara, Elkarte Ekonomikoen sorrerara, kintetara eta jaurerrien koroarako inkorporazio-auzietara.

Campomanesen pentsaera politikoaren ezaugarri nagusia haren erregalismo erradikala zen, alegia, haren politikaren azken helburua zen Estatu borboitarra, monarkaren boterea, indartzea elizaren gainetik. Haren idearioa eta jardunbide politikoak absolutismo zorrotzaren markoan garatzen ziren, harengan inolako eraginik ez zutela teoria liberal berriek, iusnaturalistek edo itun sozialaren aldekoek. Subiranotasunari zegokionez, monarkaren erabateko boterea defendatu zuen Campomanesek. Zuzenbide naturalaren tratadista handiak, absolutismo monarkikoa sustatu zutenak (Grocio, Hobbes, Pufendorf, Wolf e Heinecio), defendatu zituen, baina, batez ere, Zuzenbide naturala errege-boterearen jatorri teologikoarekin bateratzen ahalegindu ziren egileak zituen begiko. Bide beretik, gai horiek landu zituzten egile espainiarrekin bat eginez, Heinecio miretsi zuen Campomanesek, absolutismo politikoari egokiena zitzaion egilea.

Erregeak arlo guztien gainean zuen subiranotasuna defendatzeko, oinarrizko legeak eta konstituzio historiko espainola argudio gisa baliatzen zituen Campomanesek. Espainiako monarkia absolutu katolikoa legitimatzeko argudio historizista hori mendearen hasieratik harilkatu zuten hainbat egilek, baina indar bereziz sustatu zen mendearen erditik aurrera. Posizio horiek finkatu nahian, eginahalak egin zituen Campomanesek xviii. mendeko seigarren hamarkadatik aurrera, Zuzenbide espainiarraren jatorrizko iturrien bilduma osoa egiteko, haren helburu nagusia zelako politika erregalista eremu guztietan finkatzea.

1766 aldera, Monarkiaren funtsezko legeen auzian garrantzi handiko eraldaketa terminologikoa ekarri zuen Campomanesek, konstituzionalismo historizistaren terminoetan interpretatu zituenean. Esquilacheren aurkako matxinadarekin lotuta urte hartan egin zuen arrazoibide fiskal batean, testu juridiko espainiar batean lehenbiziko aldiz aipatu zuen Campomanesek «Constitución del Estado» adierazpidea, kontzeptu hori eta Konstituzio historikoa baliokidetzat aurkeztuz. Hala eta guztiz ere, jurisprudentziaren arloan lehenbiziko aldiz erabiltzen bazen ere, gogoratu behar dugu arestian aipatu dugun eskutitz batean, Burrielek Amayari idatzi zion gutunean, hain zuzen ere, jadanik parekatzen zituela Monarkiaren funtsezko legeak eta konstituzio esentziala.

Kontzepzio historizista hori erabiliz Campomanesek bilatzen zuen helburua zen bere berrikuntzak eta lege-proiektuak Erresumaren funtsezko legeen bilakaera normala izanen balira bezala aurkeztea, bere erreformak legitimatzeko. Monarkiaren erregalismoaren defentsa eremu guztietara eramaten zuen, Coronasek adierazi zuen bezala, «erlijio eta monarkiaren tradiziozko bideetatik», gogoan zuela «a España y no a sus reinos, identificándose con Castilla, el reino más proclive por su indefensión institucional al absolutismo regio», eta horrenbestez sortuz «una constitución unitaria, nacida como la misma monarquía en la época goda».

Behin baino gehiagotan oinarritu zuen Campomanesek erregearen subiranotasuna oinarrizko legeetan. Discurso sobre la autoridad de los Fueros Municipales de España lanean, garai hartako Zuzenbidearen iturrien lehentasunen hurrenkera aztertu zuen, eta orobat hor foruek zuten lekua. Azpimarratu zuenez, Alcaláko 1348ko Ordenamendutik ondorioztatzen zen aintzat hartzen zela erregearen borondatearen lehentasun subiranoa Zuzenbidea eratzerakoan. Lan horretan berean, teoria horrek Gipuzkoa edo Bizkaia bezalako lurraldeetako foruetan zuen eraginari buruz ari zela esan zuenez, nahiz eta erregea «esté obligado a la observanzia de los Fueros, como soberano que es sobre ellos, i puede corregirlos o aniquilarlos. Por consecuencia los Fueros de Vizcaya están sujetos a la dezisión de la Lei del Ordenamiento de Alcalá, i obran para con ellos las mismas reglas que para con los demás Fueros Municipales del Reino». Campomanesen gogo uniformatzaile eta zentralizatzailea nabarmen ageri da foru-lurraldeetan erregeak zuen subiranotasunari buruz eman zituen beste irizpen batzuetan ere. Esate baterako, 1765eko irizpen fiskal batean, Arabako Aldundiak uko egin ziolarik alekien merkataritza askearen gaineko arautegia aplikatzeari, Campomanesek kritikatu egin zuen herrialde horrek ukatzea «las leyes reales que, sin ofenderle sus fueros o franquezas particulares, tiran a la pública felicidad». Era berean, 1766an Gipuzkoako Aldundiak Gaztelan egindako urre nahiz zilarrezko oihalak debekatu izanari buruzko beste irizpen batean, esan zuen ezen «entre los privilegios de la provincia no hay alguno que le dé facultad de establecer leyes», eta errege-legeak egikaritzeko ahalmena ere ukatzen zion probintziari.

1772tik 1777ra bitartean, Nafarroako Diputazioarekin kintak zirela-eta izandako eztabaidaren testuinguruan, foru-lurraldeetan erregearen subiranotasuna ezartzearen alde Campomanesek agertu zituen jarreren froga gehiago aurkitzen dira. González de Mena fiskalarekin 1772an sinatu zuen txostenean, esaterako, fiskalen abiapuntua ziren Alfontso Jakintsuaren Partidetako bi esaera, erregearen subiranotasunari eta armada antolatzeko eraren gainean zuen ahalmenari buruzkoak. Fiskalek ohartarazten zuten Nafarroako Foru Nagusiak berak behartzen zituela nafarrak men egitera, Monarkiak zerbitzu militarra betetzeko deialdia egiten zuenean, izan ere, «el derecho de levantar tropas es el más alto y eminente de la soberanía, y por lo mismo imprescriptible». Diputazioak erabili zuen argudio historiografikoari erantzunez, (alegia, Gartzea Semenez 716. urtean errege hautatu zenetik 1515 arte, errespetatu izan zirela «literalmente al Reyno de Navarra sus peculiares fueros, leyes, usos y costumbres»), fiskalek esan zuten Monarkia nafarra hasieratik Asturiaskoaren menpekoa zela eta «las leyes de Navarra eran las mismas entonces que las generales de España». Era berean, Diputazioaren iritzia zen Nafarroaren inkorporazioa Gaztelara «principal y no accesoria» izan zela, baina fiskalen iritziz, berriz, auziak bazuen «más visos de ser accesoria». Hala ere, haiek ez zuten gaian sartu nahi, haien iritziz elkarrekiko interes komunak zituztelako, alegia, «entrar en esta questión odiosa, por ser recíprocos los intereses de ambos Reynos».

Beste gai batzuen inguruan Diputazioak aipatu zituen kontraforu-adibideak ez ziren aintzakotzat hartzekoak fiskalen iritziz, eta era guztietara, kasu horretan ezinezkoa zen kontraforua izatea, alistatutako soldaduen gastuak Errege Ogasunaren kargu baziren eta gaia Errege Zedula baten bidez tramitatzen bazen. Errege-erreginek forua errespetatzeko egiten zuten zina ere ez zen hausten, lehen aipatu den bezala haien iritziz Foru Nagusiak nafarrak behartzen zituelako beren erregeari men egitera. Diputazioak zioen 1770eko Erregearen Ordenantza zela «una novedad sin exemplar en Navarra», eta «como dispuesta para Castilla no debe tener allí vigor». Fiskalek esan zutenez, berriz, foruak errespetatzen zirela iritzita, horrek lege-agintaritzaren kargugabetzea ekarriko zuen, Martinez Olano jurista aipatuz esateko ezen «faltando Ley en Navarra se debe recurrir al Derecho común de Castilla». Bestalde, Nafarroatik Gaztelari leporatu zitzaion 1641eko Errege Zedula bat hautsi izana, haren arabera «ni por establecimiento general ni orden particular se imponga contribución en Navarra, sino a concesión de los tres estados juntos en Cortes». Fiskalen erantzuna izan zen zergek ez zutela deus ikustekorik «de común con el servicio militar». Nolanahi ere, haien ikuspegitik, «las Leyes y constituciones de los estados deven atemperarse al sentido natural, y propio, así de los tiempos como de la unión de los Reynos y Provincias que oy constituien esta gloriosa Monarquía».

Handik urte batzuetara, 1777ko otsailean, Campomanes fiskalak berriz ukatu zituen Diputazioaren beste ordezkaritza baten argudioak, aurreko txostenean adierazitako arrazoibide berak erabiliz. Campomanesen ustez, soldadutza egiteko deialdiak ez zuen hausten Nafarroako Forua, jendeak zerbitzu militarrerako alistatzeko eskubidea erregearena ez beste inorena zelako, eta itunaren zina egiten zutenean, nafarrek Koroaren eta haren lurraldearen defentsa egiteko konpromisoa hartzen zutelako. Gaztelarako inkorporazioaren inguruan, berriz, «la unión eqüe principal del Reyno de Navarra a los de Castilla», Campomanesek ebazten zuen adieraziz ezen, «prescindiendo de que es inconducente para el asunto principal del día, y odioso también entrar en semejante disputa, no cabe duda en que siendo ya en el día recíprocos los intereses de ambos Reynos, y comunes las ventajas y adversidades, ha de ser igual la obligación a la Corona, defensa y reemplazo del ejercito según la diversa forma que ha ido tomando la Disciplina Militar en España y demás Naciones de Europa». Ez zuen onartzen Diputazioaren argudioa esaten zuelarik defentsa mendeetan zehar bermatu zela «sin necesitar de una nobedad como la Quinta anual», Diputazioari ez omen zegokiolako «examinar los justos motibos que haya para una providencia general tomada por el príncipe en sus dominios, ni es de su inspección tampoco una materia de las más importantes y esenciales al govierno del estado», batez ere kontuan izanik ezen «varían mucho con el tiempo las circunstancias que persuaden a dar nueba forma en la dirección de los negocios, disposiciones de la tropa y de la Disciplina Militar». Soldadutzaren ezarpenak ondorio ekonomiko eta demografiko kaltegarriak ekarriko zituela ohartarazten zuen Diputazioak,  baina Campomanesek gehiegikeriatzat jo zuen argudioa, esanez berdin gertatuko zela jendeak alistatzekoan Gorteek esku hartuta ere, eta hori zela benetan «principal intento del mismo Reyno». Nolanahi ere, Nafarroako Gorteen oniritzia behar zen edo ez «para el alistamiento, y sorteo anual a semejanza de los servicios pecuniarios que presta a la Corona» ebazterakoan, haren iritziz gauza hagitz desberdinak ziren, alegia, «notable la diferencia de una a otra contribución», izan ere, «la forma de exigir la pecuniaria se halla expresamente prevenido en los fueros de Navarra que se practique con intervención de los tres Brazos del Reyno, y al servicio militar están obligados los Navarros en la forma que los demás vasallos de S. M. acudiendo por su parte a la defensa de la Real Persona, y de sus dominios». Azkenik, Diputazioak gogora ekartzen zuen orduko monarkaren aitak atzera egin zuela aduanak ezartzeko asmoa izan zuenean, foruekiko errespetua adieraziz, baina Campomanesen ustez horrek erakusten zuen «la benigna condescendencia de aquel Soberano para con los Navarros en esta parte». Hori esan ondoren azpimarratzen zuen eskuzabaltasun hark ez zuela inolaz ere gutxitzen erregeak, bere menpeko erresumei derrigor bete beharreko zerbitzu militarra eskatzerakoan, zuen subiranotasuna eta ahalmena «y especialmente los Navarros en virtud de juramento que hacen de defender la Real Persona, y su tierra, y de serbir como buenos vasallos a su Señor».

Amaitzeko, bidezkoa da susmatzea Campomanesen eskua zegoela Riscok eta Traggiak Nafarroako egile foruzaleen arrazoibide historiografikoak eta juridikoak suntsitzeko egin zituzten eginahalen atzean. Campomanesek bere ideien oinordekoa ere izan zuen, Zuaznávar, Nafarroako foru erregimenaren aurkari nagusia.

Obrak

Ynforme de los fiscales Don Pedro Rodríguez Campomanes y Don Pedro González de Mena acerca de la Representación de la Diputación de Navarra sobre la suspensión del establecimiento de la ordenanza del reemplazo del ejército. Rebaten las razones de la Diputación examinando y analizando la antigua soberanía de los Reyes de Navarra, la institución de la monarquía, los fueros y las condiciones y circunstancias con que se unió a Castilla (1772). Nafarroako Artxibo Orokorra (AGN), 30.683. kutxa, Reino, Sección de Quintas y Levas, Legajo 1, Carpeta 18.

Ynforme o censura dada a la Cámara de Castilla por el fiscal Don Pedro Rodríguez de Campomanes acerca de la representación de la Diputación del reino de 6 de septiembre de 1776 sobre el reemplazo del ejército (1777). AGN, 30.683. kutxa, Reino, Quintas y levas, legajo 1, carpeta 36.

Bibliografia

Coronas González, S. M., «Estudio Preliminar. P. Rodríguez Campomanes», in Inéditos políticos, Oviedo: Junta General del Principado de Asturias, 2002.

— «En torno al concepto de Constitución Histórica española», in Notitia Vasconiae, 2 (2003), 481.-500. or.

— «España: Nación y Constitución», in Anuario de Historia del Derecho español, 75 (2005), 181.-212. or.

De Castro, C., Campomanes. Estado y reformismo ilustrado, Madrid: Alianza, 1996, 15.-16. or.

Leoné Puncel, S., Los fueros de Navarra como lugar de la memoria, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.

Llombart, V., Campomanes, Economista y político de Carlos III, Madrid: Alianza Universidad, 1992.

Mikelarena, F., «Discursos en torno a la Constitución Histórica de Navarra hasta 1813. Origen del concepto y adaptaciones a un contexto cambiante», in Iura Vasconiae, 8 (2011), 66.-116. or.

Sánchez-Blanco, F., El Absolutismo y las Luces en el reinado de Carlos III, Madrid: Marcial Pons, 2002,

Vallejo García-Hevia, J. M., La monarquía y un ministro, Campomanes, Madrid: Centro de Estudios Políticos y Constitucionales, 1997.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP