Karguak eta lanbideak
Apaiza eta kronista
Ibilbidea
Toledoko apaiz ospetsu honek lan ugari egin zituen, batez ere Gaztela eta Leongo etxe eta leinu ospetsuei buruz. Mendoza kardinalaren ondorengoa izanik, erlijio-ikasketak egin eta 1609an amaitu zituen, Toledoko katedraleko kabildoak kalonje penitentziario gisa onartu zuenean. Ofizio Santuaren aholkularia ere izan zen; Taverako ospitaleko diruzaina; bikario nagusia eta erresidentziako epailea. Grecoren adiskidea zen, dirua ere mailegatu zion, eta eragina izan zuen haren koadroetan islatzen ziren ideia erlijiosoetan. Liburutegi handi bat zeukan, 1.600 liburuz osatua, eta genealogista eruditua izan zen, Zuzenbide eta historian aditua, teologoa eta klasikoak ongi ezagutzen zituena. Askotan erabili zuen Esteban Garibai, hurbilekoak izan baitziren, arrasatearrak bere Memorietan kontatzen zuenez. Haren genealogiak gehienbat apologetikoak izan ziren, eta arbaso mitikoak sartzeko joera zuen. Etxe askok haren erudizioa bilatu zuten, argudio eske, beren burua ezbaian jarrita ikusten zutenean. Horregatik, gaurko aditu batzuek ere ezbaian jartzen dute haren genealogien fidagarritasuna.
Gipuzkoari buruz egin zituen lanei dagokienez, Monarquía de España lanean kapitulu pare bat eskaini zizkion, hari buruz esanez: a) lehenengo biztanleen garaitik «Espainiaren harresitzat» jo izan dela; b) haien gainean Plutarkok atenastarren gainean izaten zuen zalantza bera pizten dela, alegia, ea loriatsuagoak ziren armengatik edo letrengatik; eta c) Espainian, Probintzia aipatzen zuena, singularrean esanda, Gipuzkoaz ari zela. Oro har, haren ustez Gipuzkoa eta Arabako jaurerriakhainbat erregerekin konfederatu ziren, baina beti libreak izan ziren, eta haien eredua —beste batzuk bezala, adibidez kanton suitzarrak— erreferentzia baliagarria zitzaion ideia nagusia sostengatzeko, alegia, errepublika gaztelauaren izaera librea. Era horretan bat egiten zuen garai hartan errege-boterea mugatu eta erresumaren eskubideak Koroaren eskubideen gainetik jartzen zituzten ideiekin.
Epítome lanean batez ere Martinez Zaldibiarekin bat egin zuen, eta garai hartako pentsaera politikoaren mito eta argudio klasikoak mantendu zituen: Tubal izan zen Gipuzkoako lehenengo biztanlea —Beuterrekin eztabaida irekiz—, bertako hizkuntza miresten zuen, latina baino zaharragoa baitzen, eta bertako legeak harentzat Tubalen garaitik lurraldea arautu zuten «albedríos y fazañas» direlakoen isla ziren. Historia berez 27 atalek osatzen dute, azken zortzietan jasotzen zela gipuzkoar jauretxe nobleen zerrenda.
Obrak
Monarquía de España. 1597-1599 artean idatzia. Ulloa, B. (arg.), Madrid: Joaquín Ibarra, 1780-1771, 3 liburuki. Gipuzkoari buruzkoa II. libk. XII. eta XIII. ataletan, 148.-152. or.
Epítome de la nobleza guipuzcoana, dedicada al Señor D. Juan de Idiáquez, año 1600. Eskuizkribua. BNE. Sede Recoletos MSS/12594. Signatura zaharra: Z. 108, 1.-99. folk.
Bibliografia
Elías de Tejada, F., eta Percopo, G., La Provincia de Guipúzcoa, Madrid: Minotauro, 1965, 101.-102. eta 130. or.
Floranes, R. de, «Noticias del Dr. Lope Martínez de Isasti autor de esta obra», in Martínez de Isasti, L., Compendio Historial de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa por el Dr. Don Lope de Isasti en el año de 1625, Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972, 2. eta 4. or.
Garibay y Zamalloa, E. de, Los siete libros de la progenie y parentela de los hijos de Estevan de Garibay («Memorias de Garibay» izenez ezagunak), Achón Insausti, J. A. (zuz.), Arrasate: Udala, 2000, 428., 432., 438. eta 488. or.
Gómez Vozmediano, M. F., eta Sánchez González, R., «Pedro Salazar de Mendoza (1549-1629): cronista nobiliario y bruñidor de linajes», in Tiempos Modernos, 31 (2015), 393.-422. or.
Kagan R., «Pedro Salazar de Mendoza as Collector, Scholar and Patron of El Greco», in Studies in the History of Art, 13 (1984), 85.-93. or.
Rodríguez Solís, J. J., «La “Monarquía de España” desde Castilla. Identidad y reinos en la obra de Pedro Salazar de Mendoza», in Espacio, Tiempo y Forma. Serie IV, Historia Moderna, 30 (2017), 335.-360. or.
Soria Mesa, E., «Estudio Introductorio», in Salazar de Mendoza, P., Origen de las dignidades seglares de Castilla y León, Granada: Universidad de Granada, 1998, VII.-XLIV. or.
Aipamen bibliografikoa
Achón Insausti, J. A., “Salazar de Mendoza, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 643-644.





