Karguak eta lanbideak
Calahorrako poeta kristaua
Ibilbidea
Beste egile askoren kasuan bezala, Aurelio Prudentzio Klementeri buruz dakigunetik zati handiena bere obretan bere buruari buruz idatzi zuen gutxia da. 348. urte aldera jaio zen, kristau-ingurune bateko familia dirudun batean. Hazi zen lekuari buruzko eztabaida izan da sarritan, aukera nagusiak Caesaraugusta eta Calagurris (Calahorra, Errioxa) izanda. Ikertzaile gehienak Calagurris aukeraren aldekoak dira. Prudentziok gizarte-talde aberatsenetako kideen hezkuntza jaso zuen eta zenbait kargu publiko bete zituen. Enperadorearengandik gertuko kargu bat betetzeko izendatu zutenean izan zen Prudentzioren politika-ibilbidearen goren unea —baliteke kargua comes primi ordinis izatea, eta Milanen bete behar izatea—. iv. mendearen amaieran, jaio zen civitasera itzuli zen, eta han, erlijio-gaiei buruzko poemak idazten hasi zen. Badakigu 401.-402. urteen inguruan Erromara joan zela, eta Prudentziori buruz daukagun azken erreferentzia berak 404.-405. urteen inguruan idatzitako praefatio bat dela. Hor, berrogeita hamazazpi urte zituela aipatzen du.
Prudentzio benetan kontuan hartzeko poema-bilduma baten egile da, eta, hor zenbait kristau-gairi heltzen die. Prudentzioren idazkien artean, Liber Peristephanom (hau da, Koroen liburua) nabarmendu daiteke. 398.-400. urteen inguruan idatzi zuen, Teodosio enperadorearen eta haren erlijio-politikaren omenez, eta iraganeko kristau batzuek jasandako martirioak biltzen ditu hamalau konposiziotan. Lehenbiziko eta zortzigarren kapituluetan, Emeterio eta Zeledonio anaiek Calagurris hirian 300. urte aldera pairatutako martirioa deskribatzen du —sanctorum martyrum Emeteri et Chelidoni Calagurritanorum—. Emeterio eta Zeledonio bi erromatar soldadu ziren, Inperioko ekialdekoak segur aski, greziar izenak zituzten-eta, eta Diokleziano enperadoreak kristauen aurka martxan jarritako jazarpenen biktima izan ziren. Prudentziok onartzen du ez dituela bi anaien martiritza-aktak aurkitu eta ahozko tradizioarekin fidatzen dela konposizioa osatzeko. Hala, aipatzen du, borreroa bi anaiak hiltzear zegoela, baten eraztuna eta bestearen zapia zerurantz igo zirela, bien arimen igokundea simulatuz. Gero, poetak baskoien paganismoari —bruta Vasconum gentilitas—leporatzen dio krimen hori, baina poema idazten duen unean, ezaugarri hori iraganeko ezaugarritzat hartzen du (Perist. 1.85-97). Aurrerago, adierazten du martirioaren lekuan bataiotegi bat eraiki zutela, eta fededunak hara joaten zirela, mirarizko sendaketak eskatzera (Perist. 8). Halaber, Valerianusi eskainitako kapitulu batean, data horietan ustez Calahorrako apezpikua denak Zeledonio martiria zaindaritzat duen jai bat aipatzen du (Perist. 11.239). Azkenik, Prudentius, Ebro ibaia aipatzean, «gure Ebro baskoia» —nos Vasco Hiberus— esaten du, Lorentzo Huescakoa martiriaren omenezko ereserkiaren pasarte batean (Perist. 2.537).
Prudentzio Erromatar Inperio Berantiarreko kristau-poeta onenetakotzat hartzen da. Calahorrakoaren estiloak egile klasikoen (Virgilio, Horazio, Juvenal, Seneka, Ovidio…) eta kristauen (Ausonio, Paulino Nolakoa, Klaudiano…) eragina du, bere literatura-lanak hedapen handia lortu zuten, eta asko preziatu zituzten Erdi Aroan ere. Emeterio eta Zeledonio martiriei buruzko kontakizuna eta baskoiei buruz egiten dituen aipamenak balio handiko testigantzak dira, Calagurrisen kristau-komunitate goiztiar eta sendoa zegoela aldarrikatzeko. Halaber, ikuspegi poetiko eta erretoriko batetik, ikuspegi historikotik baino gehiago, poetak Inperio Berantiarreko iturrietan ageri ohi den baskoi paganoaren topiko literarioa erabiltzen du, erromatar agintariak zuzenean kritikatu behar ez izateko, bi soldaduen hilketagatik. Nolanahi ere, paganotasun hori aspaldiko garaietakoa dela dio, eta idazten duen unean lurralde horrek kristautze-maila handia duela, eta nolabait erreproduzitzen ditu erromatarren pentsamoldean kristautasuna dogma ofizialtzat onartzetik aurrera ageri diren binomioak: «paganoa=barbaroa» eta «erromatarra/zibilizatua=kristaua». Azkenik, aipatu behar da Prudentzio dela baskoiak hiri-ingurune batean kokatzen dituen egile gutxietako bat, Calahorra hiria eta Ebro ibaiaren erdiko haranaren zati bat baskoien lurraldera atxikitzen baititu, horrekin zehatz-mehatz zer esan nahi duen jakin ezin dugun arren.
Obrak
. Prudencio, Obras, Rivero, L. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, 1997, 2 libk.
Larrañaga, K. (arg.): Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta Agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.
Bibliografia
Espinosa, U.: Calagurris Iulia, Logroño: Colegio Oficial de Aparejadores y Arquitectos Técnicos de La Rioja; Ayuntamiento de Calahorra, 1984.
Larrea, J. J.: «Aux origines littéraires d’un mythe historiographique: l’identité basque au Haut Moyen Âge» in Banniard, H. (arg.): Langues et peuples d’Europe. Cristallisation des identités romaines et germaniques, Toulouse: Université de Toulouse-Le Mirail, 2002, 129.-156. or.
Mañaricúa, A. E. de: «Introducción del Cristianismo en el País Vasco» in I Semana de Estudios de Historia Eclesiástica del País Vasco, Gasteiz: Facultad de Teología, 1981, 27.-41. or.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Torregaray, E.: «Vascones en la Antigüedad: entre la historia y el mito» in Boletín Arkeolan, 15 (2007-2008), 59.-72. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Prudentzio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 75-76.





