Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR BEHE-INPERIOAREN GARAIKO EGILEAK ETA OBRAK

SALVIANO MARSEILLAKOA(V. mendea). Marseillako presbiteroa eta prosan idatzitako zenbait obraren egile

Karguak eta lanbideak

Testua gaztelaniaz

Presbítero de Marsella y autor de varias obras escritas en prosa.

Ibilbidea

Gutxi dakigu Salviano Marseillakoari buruz. Bere idatzietan bere bizitzari buruz dauden albiste sakabanatuez gain, Salvianori buruz daukagun informazio gehiena beste egile batzuen bidez dakigu, Genadioren bidez, batez ere. Izan ere, Genadiok, De viris illustribus lanean, Marseillakoaren biografia labur bat idatzi zuen. Salviano 390. urtearen eta v. mendearen hasieraren artean jaio zen, iturriek aipatzen ez duten leku bateko familia aberats batean, baina ikertzaileek ia ziurtzat jotzen dute Treveris edo Kolonia zela. Kultura-maila handiko gizona zen, eta bere obretan, hautematen da noble-jatorriko gazteei ematen zieten hezkuntza jaso zuela. Ezagutzen ez dugun data batean, Palladia izeneko emakume batekin ezkondu zen, eta alaba bat izan zuten, Auspiziola. Hirurak Galiako hego-ekialdean kokatu ziren. Palladia kristau bihurtu ondoren, senar-emazteak erlijiora emanda bizi ziren aurrerantzean. Denbora-tarte batez, Salviano Lérinseko monasterioan bizi zen, eta, 430. urtearen inguruan, Marseillara joan zen, eta, han, presbitero ordenatu zuten eta kargu horretan jardun zuen hil arte. Badakigu Genadiok Salvianori buruz idatzi zuenean —468.-470. urteen inguruan — apaizak Marseillan bizitzen jarraitu zuela, emaztearekin eta alabarekin; horregatik, uste da handik nahiko gutxira hilko zela.

Salviano Marseillakoaren lanetako batzuk galdu egin dira, eta ez genuke haiei buruz ezer jakingo, Genadioren aipamenengatik izan ez balitz. Presbiteroaren idatzien artean, zenbait epistola daude, Adversus avaritiam izeneko bilduma, lau liburukoa, eta De gubernatione Deidelakoa, Salvianoren lanik bikainena, 440. eta 450. urteen artean idatzia. Lan horretan, Salvianok erromatar gizartearen bizimodua kritikatzen du, eta, oro har, moral bikoitza duten kristauen aurka egiten du eta bere iritzi-ematearen zati handi bat aberatsen eta pertsona boteretsuen jokabideari buruzkoa da. Presbiteroak pobreen eta egoera ahulenean daudenen alde egiten du, eta kolektibo horiek latifundista handien eta funtzionarioen esku pairatzen dituzten esplotazio-moduak salatzen ditu, eta aberatsen, zerga-biltzaileen, epaileen eta armadako kideen artean ere orokortutako ustelkeria, diru-gosea eta parasitismoa azpimarratzen ditu. Pasarte batzuetan, ikuskizun publikoen aurka egiten du, gladiadoreen borroken eta pertsonen eta piztien arteko borroken aurka, batez ere, arrazoi moralak, ekonomikoak eta erlijiosoak argudiatuta. Erromatarren sexu-lasaikeria da Salvianok desagerrarazteko zailtzat jotzen duen beste arazo larrietako bat. Zenbait kapitulutan, kritikatzen da burdel ugari daudela nonahi, ezkondutako gizonek prostitutak kontratatzen dituztela, eta latifundisten artean emakumezko esklaboak ohelagun bihurtzeko joera orokorra dagoela. Eliza ere kondenatzen du, erakunde gisa, aberatsek eta funtzionarioek biztanle gehienei jasanarazten dizkieten gehiegikerien aurrean isilik geratzen delako, eta egitura eklesiastikoko kide asko, ikuspegi etiko batetik, ez direlako gai erlijio-karguak egoki betetzeko. Egoera hori dela eta —funtzionarioen eta latifundisten gehiegikeriengatik eta harrapakeriarengatik okertua—, egoera ahulenean dauden taldeen babesgabetasuna salatzen du, aberatsenek behartu egiten baitituzte mendekotasun-egoerak onartzera —bezero edo kolono gisa—, barbaroek menderatuko lurraldera ihes egitera, edo erresistentziara jotzea, bagaudekin batera.

Presbiteroak, bere diskurtsoa sendotze aldera, pars occidentaliseko zenbait eskualde aipatzen ditu adibide gisa, hala nola Akitania eta Novempopulania. Salvianoren esanetan, Akitaniako eta Novenpopulaniako lurraldeak Galiako muinak dira, lur emankorrenak direlako eta mahasti, larredi, laborantza-lur, fruta-arbola, baso eta iturri ugari daudelako, baina, aldi berean, Galiako probintzia guztietatik, nagusi dira bizioan eta ustelkerian:

8: Nemini dubim est Aquitanos ac Novempopulos medullam fere omnium Galliarum et uber totius fecundatis habuisse, nec solum fecundatis, sed, quae praeponi interdum fecunditati solent, iucunditatis, pulchritudinis, voluptatis. Adeo illic omnis admodum regio aut intertexta vineis aut florulenta pratis aut distincta culturis aut condita pomis aut amoenata lucis aut inrigua fontibus aut interfusa fluminibus aut crinita meesibus fuit, ut vere possessores ac domini terrae illius non tam sli istius portionem quam paradisi imaginem possedisse videantur. 11: […] tales igitur etiam omnes absque dubio Aquitani esse debuerant, et quidem, ut diximus specialius tales, quia specialia dei munera possidebant. 12: Et quid post haec omnia? Quid secundum est? Quid nisi cuncta quae e diverso sunt? In omnibus quippe Gallia sicut divitiis primi fuere sic vitiis; nusquam enim improbior voluptas nusquam inquinatior vita nusquam corruptior disciplina (De gubernatione Dei, 7.2.8 y 11-12).

Ikusi dugunez, Salviano Marseillakoaren De gubernatione Dei lanean, v. mendekomendebaldeko gizarte probintzialaren kritika xehatua transmititzen da. Bere garaiko beste egile batzuek bezala, Salvianok ez du inolako itxaropenik, ez baitu uste Erromatar Inperioa berrindartuko denik. Halaber, barbaro kristauen etorrerari dagokionez, Salvianok pentsatzen du hori dela erromatarren boterea ahuldu duten bidegabekeriak eta bizioak gutxitzeko modu bakarra, barbaroen morala erromatarrena baino «puruagoa» delako. Salvianoren lanak hedapen handia izan zuen bere garaikideen artean, eta, beste iturri batzuekin batera, balio handiko testigantza da Mendebaldeko Erromatar Inperioa (pars occidentalis) desagertu zeneko mende gorabeheratsuari buruz.

Obrak

Salviano presbítero de Marsella, «De gubernatione Dei»,de Marseille, Salvien Œuvres. II. Du Gouvernement de Dieu, G. Lagarrigue-ren arg., Paris: Du Cerf, 1975.

Bibliografia

Blázquez, J. M.: «La crisis del Bajo Imperio en Occidente en la obra de Salviano de Marsella: problemas económicos y sociales» in Gerión, 3 (1985), 175.- 182. or.

Bravo, G.: «Salviano de Marsella. Presbítero y “maestro de obispos”» in Salvador, F. J.; Castillo, P.; Ubric, P.;  Quiroga, A. J. (argk.): Autoridad y autoridades de la iglesia antigua: Homenaje al profesor José Fernández Ubiña, Granada: Universidad de Granada, 2017, 403.-414. or.

San Martín, L.: «Salviano de Marsella», Saitabi, 50 (2000), 191.-212. or.

Sánchez León, J. C.: Los bagaudas: rebeldes, demonios, mártires. Revueltas campensinas en Galia e Hispania durante el Bajo Imperio, Jaén: Universidad de Jaén, 1996.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J., “Silvano Marseillekoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 96-98.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP