Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

PONPONIO MELA(Algeciras, K.o. 15 – Erroma, K.o. 45).

Karguak eta lanbideak

 Geografoa

Ibilbidea

Hispaniar jatorriko geografoa. Julio-klaudiotar enperadoreen garaian bizi izan zen eta K.o. 45. urtearen inguruan hil zen. De Chorographia lana idatzi zuen, hiru liburukikoa, eta, hor, K.o. i. mendearen hasierako mundua deskribatu zuen, julio-klaudiotar printzealdiaren garaian. Melak Hispaniako, Galiako, Germaniako, Afrikako, Asiako, Britaniako eta Arabiako leku asko aipatzen ditu, eta haien ekonomiari, kulturari, paisaiari eta etnografiari buruzko datuak ematen ditu. Melak aurreko egile greko-latindarrak erabili zituen informazio-iturritzat, eta berak ere eragina izan zuen ondorengo egileetan, Plinio Zaharrean, besteak beste.

Historiografia modernoaren ustetan, erromatarren garaian Hispania eta euskal lurraldeak deskribatu zituzten egile greko-latindar guztietatik —Melaren aurretik, Estrabonek, eta Melaren ondoren, berriz, Plinio Zaharrak eta Ptolomeok—, hispaniar geografoak du sinesgarritasun gutxien, Kantauri itsasoaren kostaldea deskribatzean beste idazle batzuek aipatzen ez dituzten toponimoak erabiltzen dituelako. Hori ez zuela ezagutzen honela interpretatu da: Melak Hispaniako iparraldea ezagutzen ez zuela, edo, bestela, lanaren transmisioan zailtasunak izan direla, eta Melaren lana mendeetan zehar zuzendu egin dela, Klaudio Ptolomeoren Geographia erabilita, obra hori fidagarriagotzat jotzen delako. Horregatik, Melaren testuek Baskoniako geografiaren ezagutzarako duten balioa zalantzan jarri da sarritan.

Melak, bere testuan, barduliarrak Kantauri itsasoaren kostaldean kokatzen ditu, kantabriarren ondoan, eta, mendebalde-ekialdeko noranzkoan, Pirinioen mendi-adarretaraino heltzen zirela dio (3.15). Ez ditu autrigoiak eta karistiarrak aipatzen, baina ondorengo beste egile batzuen idatzietan ageri dira eremu horretako biztanle gisa. Ponponio Melak bere lana Klaudio enperadorearen garaian (K.o. 41-54) idatzi zuela egia bada, deigarria da ez gehitzea garai horretan lurraldeari buruzko ezagutzan izandako aurrerapenak, eta badirudi eremu horiekin lotutako herri ezagunenak aipatzera mugatzen dela; hau da, barduliarrak eta baskoiak. Bestalde, Melak, Plinio Zaharrak ez bezala, barduliarrek nazio bakarra osatzen zutela aldarrikatzen du, eta adierazpen horrek Melak herri horren inguruan zuen ezagutzaren zehaztasunari buruzko zalantzak sortu ditu ikertzaileen artean, ezagutza horiek idazten duen garaikoak baino lehenagokoak direla dirudi-eta.

Obrak

De chorographia,Berry, P. (edizioa eta itzulpena), Lewiston: Edwin Mellen Press, 1997.

Guzmán, C. (itzulpena eta oharrak): Pomponio Mela, Corografia. Traducción y Notas, Murcia: Universidad de Murcia, 1989.

Bibliografia

Esteban, M.: «La Vardulia costera: la franja litoral guipuzcoana entre los ríos “Divae” y “Melasci”» in Fernández Ochoa, C. (arg.): Gijón, puerto romano: navegación y comercio en el Cantábrico durante la antigüedad, Gijón: Autoridad Portuaria de Gijón, 2003, 178.-191. or.

Fernández Palacios, F.: «De situ morogiae: una investigación parcialmente fallida y nuevas propuestas» in Hispania Antiqua, 25 (2001), 35.-46. or.

Gurruchaga, I.: «Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo» in VII Congreso de Estudios Vascos(1948. Biarritz), Donostia: Eusko Ikaskuntza 2003, 217.-221. or.

Santos, J.; Emborujo, A.;  Ortiz de Urbina, E.: «Reconstrucción paleogeográfíca de autrigones, caristios y várdulos» in Ruiz Zapatero, G.; Almagro Gorbea, M.: Paleoetnología de la península ibérica. Actas de la Reunión celebrada en la Facultad de Geografía e Historia de la Universidad Complutense. Madrid, 13-15 diciembre de 1989, Madrid: Universidad Complutense, 1992, 2. libk., 449.-468. or.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Ponponio Mela”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 46-47.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP