Karguak eta lanbideak
Historialaria
Ibilbidea
Megalopoli hirian jaiotako (K.a. 200) historialari greziarra. K.a. 167an iritsi zen Erromara, erromatarrek Liga Akeoari eskatutako mila bahituetako bat izan baitzen, Liga horrek Grezian erromatarren aurkako jarrera sortzen ari zela susmatzean. 17 urtez geratu zen Erroman, eta, noble-jatorrikoa zenez eta kultura–prestakuntza eta esperientzia militar handiak zituenez, eragin handieneko hiriko familiek beren ateak ireki zizkioten, hala nola Luzio Emilio Paulo Mazedoniarraren eta Kornelio Eszipionen familiek. Hain zuzen ere, Eszipion Emiliano gaztearen — gerora Bigarren Afrikarra izango zena— irakasle izan zen, eta harekin batera joan zen Kartagora, Hirugarren Gerra Punikoko kanpainetara, eta, agian, Iberiara ere. Erroman egindako egonaldian, Erromaren historia bat idazten jardun zuen, Historiak izenekoa. Ez da osorik iritsi gurera, eta Erromako Errepublikaren K.a. 264tik K.a. 146ra bitarteko aldia hartzen du, Mediterraneoko lurraldeetan izandako hedapenaren garaia, hain zuzen ere, hedapen horren lekuko pribilegiatua izan baitzen. Erromaren Erdiko Errepublikaren garaiko politikari eta militar nagusietako batetik gertu egoteak aukera eman zion Erromako politika- eta -erakunde-sistema sakon ezagutzeko, eta sistema hori mirestera ere iritsi zen. Polibiok berak azaltzen duenez, Historiak lanaren helburua da greziarrei ezagutaraztea zergatik lortu zuten arrakasta erromatarrek greziarrek porrot izandako ahaleginean, lurralde-inperio egonkor eta iraunkor bat lortzeko ahaleginean, alegia.
Polibioren obra 40 liburuk osatzen zuten. Horietatik, lehenbiziko bostak soilik iritsi zaizkigu osorik, eta gainerakoak Bizantzioren garaiko laburpenen eta bildumen bidez iritsi zaizkigu. Transmisio-modu horrek Historiak lanak duen informazio historikoaren erabilera baldintzatu du. Informazio hori politikoa, militarra eta diplomatikoa da, batez ere. Horrez gain, informazio horren osagarri eta egileak arlo militarrean zuen esperientzia handiaren adierazle, Erromak K.a. 220tik aurrera konkistatutako lurraldeen geografiari eta biztanleei buruzko deskribapenak idatzi zituen.
Informazioko eta deskripzioko testuinguru horretan kokatu dezakegu III.37 (9) liburuan ageri den berria. Hor, galiarren lurraldea deskribatzen da, Narbonatik Pirinioetaraino, eta, Polibioren arabera, lerro jarraitu bat osatuz hedatzen da Mediterraneotik Kanpoko Itsasoraino (Mare Externum; hala esaten zioten Ozeano Atlantikoari Antzinaroan). Eremu horri buruz, Megalopolikoak dio duela gutxi esploratu dela eta tribu barbaro ugari bizi direla hor. Informazio horren arabera, K.a. ii. mendean, Bigarren Gerra Punikoaren ondoren (K.a. 218-202), erromatarrek Kanpoko Itsasoaren edo Ozeano Atlantikoaren inguruko Hispaniako lurraldea ezagutzera iritsi ziren. Testutik ondoriozta daitekeenaren arabera, esplorazio hori Galiako lurraldetik egin zen; hau da, Pirinioen beste aldetik. Eta Polibiok idazten duen garaian (K.a. ii. mendea), jada badakite eremu horretan zibilizazio klasikoaren kanonen arabera bizitzen ez den biztanle-kopuru handia dagoela; hau da, ez dituztela zibilizazio klasikoaren hizkuntza eta ohitura sozial eta militarrak ezagutzen, barbarotzat jotzen baitira testuan. Aldi horretan, badirudi Erromak oraindik ez dituela Ozeano Atlantikoaren inguruko —hor sartuko litzateke Antzinaroko Baskonia— geografiari eta biztanleriari buruzko ezagutza zehatzak.
Obrak
Argitalpena:Polybius, The Histories, Paton, W. R. (arg.), Cambridge MA; London: Clarendon Press, 1922.
Gaztelaniazko itzulpena:Polibio, Historias,Balasch, M. (itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 1981.
Bibliografia
Marina, A.: «Los itinerarios de Polibio en Hispania y su visión de la actividad guerrera de los pueblos peninsulares» in Bravo, G.; González
Salinero, R.: Ver, viajar y hospedarse en el mundo romano, Madrid: Signifer Libros, 2012, 447.-462. or.
Santos, J.; Torregaray, E.: Polibio y la península ibérica, Gasteiz: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2005.
Urteaga, M.; Noain, M. J.: MarExterior, el Occidente atlántico en época romana, Madrid: CSIC, 2006.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Polibio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 39-40.





