Karguak eta lanbideak
Politikaria eta literatoa
Ibilbidea
Gendulaingo Kondea Estatu liberalaren sorreraren ondoren bizirik iraun zuten Nafarroako noblezia zaharreko familia bakarrenetakoa zen, eta XIX. mendean garrantzi handia izan zuen nola politika nazionalean hala lokalean. Horren harira, arbasoak ahaidetu egin ziren euskal lurraldeetako eta Errioxako eliteetako talde bikainenekin. Aitaren aldetik Mencos (Gendulaineko kondea eta Biguezaleko baroia), Ayanz eta Eslava (Fresno Fuente kondea eta Defentsa Errealeko markesa) familietan zuen jatorria. Amaren alde- tik, berriz, Manso-Zuñiga (Herviasko kondea, Neguerelako bizkondea) eta Villarreal de Berriz (Monterrongo kondea) familietan, eta bi adarren aldetik, binakako parekatzeen ondorioz, Areizaga (Areizagako baroia) familian. Izeba bat Lozoiako Markesarekin zegoen ezkonduta. Bi aldiz ezkondu zen, eta bere lehen emaztearen aldetik, Maria Concepcion de Elio y Leizaur, Eliorekin (Leialtasunaren Markesa) zegoen lotuta. Era berean, bere ahizpetako bat beste Elio batekin zegoen ezkonduta, eta koinatua zuen Vesollako Markesa. Bigarren emaztearen aldetik, Maria Pilar de Ezpeleta Aguirre y Zuazo, Vadoko kondesa eta Monte hermosoko markesaren alaba, Mencos Ezpeleta- rrekin (Veireko Ezpeletako kondea) zegoen lotuta. Azkenik, Pedro Agustin de Girón de Las Casas, Amarillaseko Markesa eta Ahumadako dukea arrebaren koinatua zen.
Aita, Manuela Maria Manso de Zuñiga y Areizagarekin ezkondua, Joaquin María de Mencos y Eslava zen (Iruñea 1771-Iruñea 1852). Napoleonen okupazioan Nafarroako hiriburuko alkate izatera iritsi zen. Hala ere, Jose I.aren administrazioan aktiboki parte hartzeak ez zion ondorio larririk ekarri; izan ere, absolutismoa ezarri ondoren, Nafarroako Gorteetan parte hartzen segitu zuen, eta Fernando VII.a bere ganberako kide izendatu zuen jardunean. Erregea hil ondoren, Maria Kristina erregeordeak erreinuko pertsonaia itzaltsu izendatu zuen. Bere aitaren osaba-izeben artean militar ugari zeuden,
XVIII. mendearen amaieran errege-gudarosteetan zaildu zirenak, Espainiako armadako talderik ospetsuena. Besteak beste, Jose Maria de Mencos y Eslava (Iruñea 1773-Madril 1833) absolutista, landa-mariskala eta Francisco de Asis y Borbon eta Enrique de Borbonen kamera-gizon jentila. Era berean, amaren aldeko osaba-izeben artean ere militar nabarmenak zeuden, karrera Errege- Guardietan egin zutenak, hala nola, Manuel Maria de Manso Zuñiga eta Areizaga (Santo Domingo de la Calzada, 1783-1840) infanteriako brigadierra. Armen zerbitzuan parte hartzeko tradizioari Gendulaingo kondearen bi anaiek eutsi zioten: Manuel de Mencos y Manso de Zuñiga, Babesaren Markesa eta Lucio de Mencos y Manso de Zuñiga.
Joaquín Ignaciok Alberto Lista ilustratua izan zuen irakasle gaztetan. Ho- nek, berari ez ezik, bere lehengusuei ere eman zien klase, eta matematika, historia, hizkuntzak eta literatura ikasi zituzten. Listaren bitartez Manuel Quintana ezagutu zuen, urte haietan Iruñeko gotorlekuan gordeta zegoena. Bere bi maisuen eraginari esker, poesiarekiko zaletasunean sakondu zen. Handik gutxira, 1817-1818 bitartean, Nafarroako Gorte Nagusietan parte hartuko zuen beso militarraren ordezkari gisa. Bertan, Ebroko aduanak kostara eramateko aukerarekin zuen desadostasuna adierazi zuen.
Iraultza liberala iritsi ondoren, 1820an, jarrera oso kritikoa izan zuen 1812ko Konstituzioa berrezartzearekin. Horregatik, Milizia Nazionalean sartu zen, eta Nafarroan Espoz y Mina gerrillariak zuzendutako liberalismo goraipatuenaren aurka jardun zuen. Bestalde, erreinuan eta euskal probintzietan partida errealistei segika ibili ondoren, 1821. urtearen amaieran, une hartako tentsio politikoak zirela eta, aitak eta osaba-izebek Madrilera joateko gomendatu zioten, eta, bide batez, Alberto Listarekin ikasten jarraitzeko. Gortean bizi izan zen 1825. urtera arte, eta Madrilgo Hirurteko Liberalaren politikaren lekuko izan zen bertatik bertara. Esperientzia konstituzionalak bere postulatu moderatuak berretsi egin zituen, eta, neurri batean, 1822ko uztaileko altxamendu errealista justifikatu egin zuen. Bere kasuan, 1828an bere lehen emaztea izanen zenaren aita Valentzian fusilatu zuten urte horretan bertan, gobernu liberalaren aurka konspiratzea leporatuta. Francisco Javier de Elio y Olondriz teniente jenerala zen.
Konstituzio-erregimena kendu ondoren, Nafarroara itzuli zen, baina Aragoi, Andaluzia, Madril eta Katalunian zehar bidaiak egiten ibili zen. 1833ko gerra zibilaren bezperan gehiengo karlista zuen Iruñeko Udalaren erregidore hautatu zuten. Hori ez zen oztopo izan Joaquin Ignacio Maria Kristina erregina erregenteari erabat atxikitzeko. Urtebete geroago Udalak berak aukeratu zuen Nafarroako Erresumako Diputazioan Udala ordezkatzeko. Gerora, Zumalakarregi jeneralak heriotzara kondenatu zituen Diputazioko kideak. Mencosen protagonismo politikoa handituz joan zen, Isabelen gobernuarekin leial izan ziren familia handietako baten burua izan baitzen. 1834an, Diputazioaren ordezkari aritu zen Gortean, Nafarroako gaiak aztertzeko eta gerraren egoeraren berri emateko. 1835ean kargua utzi zuen. Hurrengo urteko hauteskundeetan, ordea, Gorteetako diputatu hautatu zuten. 1836ko abuztuan La Granjako jaikialdi militarraren ondoren, Mencosek, bere aurkari politikoek boterea hartu zutela eta sorterrian gerra egoerak okerrera egin zuela jakinda, Frantziarantz abiatzea erabaki zuen. Pautik, herrialde hartan errefuxiatuta zeuden euskal eliteen beste ordezkari batzuekin lankidetzan aritu zen Paz y Fueros enpresan, baina gero ez zen tartean sartu. 1838ko urrian Madrilera itzuli zen, baina edozein lan politikotatik urrundu egin zen, hurrengo urtean Nafarroako Gorteetako diputatu hautatu zuten arte.
Karlistaldia bukatuta, Madril, Iruñea eta Donostia artean ibili zen. Udalen Legea egiteko Batzordeko idazkari izendatu zuten. Espartero jenerala Erregeordetzara igo ondoren (1840), Mencos Nafarroara itzuli zen, eta han konspirazio bat prestatzen ari zen, moderatuek boterea berreskura zezaten. Hain zuzen ere, bere etxean bildu ziren konspiratzaileak, besteak beste, O’Donnell jenerala, Nafarroan esparterismoaren aurkako altxamenduaren arduradun nagusia. Bere memorietan gertaeretan zuzenean parte hartu ez izana ziurtatu bazuen ere, plan guztien berri izan zuen, eta O’Donnellekin eta haren Estatu Nagusi osoarekin harreman handia izan zuen. Matxinatuek Foru Diputazioaren lehendakaritza eta guzti eskaini zioten, horrela erresu- mako agintari politiko gorena bihurtuz. Hala ere, matxinadak porrot egin ondoren, Frantziara arrapaldan ihes egin behar izan zuen, bere familia eta Vesollako markesekin batera. Atzerrian zegoela, hiltzera kondenatu zuen gerra-kontseilu batek, gertaeretan izan zuen zeregin nabarmenagatik. 1843an erregeordetza bota ondoren, penintsulara itzuli ahal izan zen.
Kristinaren aldeko leialtasuna zela eta, erregina amak errege-ganberako gizon adeitsu izendatu zuen jardunean. Halaber, tokiko eta probintzia mailako lanpostuetara itzuli zen: Iruñeko alkatea (1844) eta Nafarroan Gorteetako diputatua (1844). Izaera moderatuko konstituzio berria egiteko eztabaidan, Nafarroako salbuespen fiskala defendatu zuen. 1849an, Isabel II.ak biziarteko senatari izendatu zuen. Kabinete moderatuetan sortzen ari zen ezegonkortasunak 1854ko Iraultza ekarri zuen gerora, eta hori aurreikusita, Iruñera itzultzea eta bere jarduera publikoa uztea erabaki zuen.
1858an, Isturiz Ministroen Kontseiluko lehendakaria zela, ordura arte izan zuen erantzukizun handieneko postua hartu zuen, Sustapen ministro izendatu zutenean, gainera, Fermin de Ezpeleta senideak gerra-ministerioa hartu zuen. Hala ere, bere ibilera ministerioan laster iragan zen. Handik hilabete gutxira, gobernuaren barne-tentsioak eta O’Donnell eta haren jarraitzaileen presioak eraginda, Isturizen kabinetea erori eta Batasun Liberalak boterea hartu zuen. O’Donnell aspaldiko laguna lehendakaritzan zela, Mencos Senatuko ordezkaritza lanetara mugatu zen. 1866an, Narvaez buru zela, Gendulaingo Kondea Instrukzio Publikoaren Kontseiluko batzordekide izendatu zuten. Hala ere, sistema politikoaren eta alderdi moderatuaren beraren krisia gero eta nabarmenagoa zen. Iraultza Loriatsuaren ondoren, 1868an, Isabel II.ari zion leialtasunari eutsi zion, eta erbesteko kontseilarietako bat izan zen.
Arteari dagokionez, Joaquin Ignacio poeta gisa nabarmendu zen, txikitatik landutako zaletasuna, baina inoiz ez zuen bere lanak prentsan argitaratzeko asmorik izan. Hala ere, hil ondoren argitaratutako Memorias horiek XIX. mendearen lehen bi herenetako bizitza politikoari eta gertakizunei buruzko testigantza baliotsua dira.
1831n, Real Academia de la Lenguak antolatutako lehiaketa irabazi zuen, gaia Antso II.ak Zamorari egindako setioa izan zen. Zortzidun errealetan idatzitako poema hogeita hamahiru lehiakideri gailendu zitzaien, besteak beste, Donoso Cortesi. 1836an ohorezko gisa sartu ahal izan zen Hizkuntzaren era- kundean, 1840an eskubide osoko kide izatea lortu zuen arte. 403 saiotara joan zen. Bertsoz idatzitako beste lan ospetsuetako bat bere lagun Campo Alangeko Kondeari eskainia izan zen, 1837an Akademiaren saioan irakurri zutena.
Lehen idazkietan klasizismoaren eragina ikus dakioke, nabaria baita Lista eta Quintana, bere irakasle ilustratuen eragina. Gero, erromantizismoranzko bilakaera izan zuen. Zehazki, Gaztelako poema epikoen erromantizismoa aztertu zuen.
Haren heriotzaren ostean, Molinako Markesak bere nekrologikoa irakurri zuen Hizkuntzaren Akademian, eta bertan kondearen pentsamendu politikoa laburbildu zuen: «monarkia eta parlamentua; haren norabidea, lerro estu eta zaila, gizabanakoaren izaeran dagoen askatasunaren, eta Estatuak behar duen ordenaren arteko muga». Estatuan proiekzio handia izan arren eta alderdi moderatuaren barnean egon arren, Gendulainek beti defendatu zuen Nafarroarako foruen berezitasunaren iraupena. Besteak beste, Carlos III.aren Ordenaren Gurutze Handia (1852) eta Lehen Mailako Espainiako Handita- suna (1864) jaso zituen.
Obrak
Memorias de don Joaquín Ignacio Mencos, Conde de Guenduláin, 1799-1882: del manuscrito original que se conserva en el Archivo de los Condes de Guenduláin en Pamplona. Iribarren, J. M. (arg.), Iruñea: Aramburu, 1952.
El cerco de Zamora por el Rey D. Sancho II de Castilla. Poema premiado por la Real Academia Española, Madril: Errege Inprimategia, 1833.
Poema a la muerte del Conde de Campo-Alange, 1837.
«Inés o guerras civiles de Navarra en 1452», Revista de Madrid, 1 (1841), 413-435. orr.
Discurso que con ocasión de la apertura del curso escolástico de 1848 a 1849 en el Instituto provincial de 2.ª Enseñanza y de 1.ª clase de Pamplona leyó el M. I. Sr. D., Iru- ñea: F. Erasun y Rada, 1848.
«Memoria leída por el Sr. Presidente [de la Asociación Euskara] el Excmo. Barón de Bigüezal en el Batzarre de 11 de julio de 1880», Revista Euskara, 2 (1880), 212-216. orr.
«Romances históricos. El príncipe de Viana, octubre del año de 1452», Revista Euskara, 3 (1880), 289-298. orr. Baita Euskal Errian ere, 17 (1887), 333-336, 364-369. orr.; eta zati bat Boletín de la Comisión de Monumentos históricos y artísticos de Navarra, 11 (1920), 33-36. orr.
A la que vi en el templo (frantsesera itzulia, argitaragabeko lana).
El trono y el pueblo (argitaragabeko lana).
El guerrillero (argitaragabeko lana).
Reseña histórica del estamento de próceres.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 615-621. orr.
ARGAMASILLA DE LA CERDA Y BAYONA, J., Nobiliario y armería general de Nabarra, Madril: Jaime Ratésen saltoki tipografikoa, 1906, 3. bol., 6-60. orr.
CADENAS Y VICENT, V., Caballeros de la orden de Alcántara que efectuaron sus pruebas de ingreso durante el siglo XIX, Madril: Hidalguía, 1956, 61, 114. orr.
GRAN ENCICLOPEDIA DE NAVARRA, «Mencos y Manso de Zúñiga, Joaquín Ignacio», Gran Enciclopedia de Navarra. Online edizioa: http://www.enciclopedianavarra. com/?page_id=14216 (2019ko uztailaren 21ean kontsultatua).
URQUIJO GOITIA, J. R., «Joaquín Ignacio Mencos y Manso de Zúñiga», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiako Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/20415/joaquin-ignacio-mencos-y-manso-de-zuniga (2019ko uztailaren 21ean kontsultatua).





