Karguak eta lanbideak
Errabinoa eta kodetzaile talmudista
Ibilbidea
Nafarroan jaio zen, seguruenera Lizarran. Aita, errabinoa hura ere, Filipe IV. Ederrak Kreazioaren 5066. urtean —Kristautasunaren 1306an— Frantziatik erbesteratutakoetako bat zen. Ben Zerah familia Lizarran finkatu zen, Donejakue bideko gune garrantzitsua baitzen; aurreko mendeetan halaxe egin zuten franko eta judu askok, Nafarroako hiriak eskaintzen zituen baldintza egokiak zirela eta. Menahem hamasei urte zituela ezkondu zen Benjamin Abitz errabinoaren alaba batekin (errabino horrek Tora irakasten zuen Lizarran). Familiak bizimodu lasaia eta baketsua zeraman, harik eta zorigaiztoko gertaera batek bake hori mila puskatan apurtu zuen arte: 1328an sute batek Lizarrako judutegia suntsitu zuen; juduei dagokienez, Nafarroaren historian inoiz izan den zoritxarrik tristeena izan zen. Menahem berak xehetasunez deskribatu zituen gertaerak: «Kreazioaren 5088. urtean, jauna, amorraturik, bere herriaren aurka sutu zen. Frantziako erregea eta aldi berean Nafarroakoa hilik (Karlos Burusoila, 1328ko otsailaren 1ean), herritarrak, matxinatu egin ziren elkar harturik, erresumako judu guztiak hil eta sarraskitzeko». Ben Zerah familiak bereziki eta larrutik pairatu zituen bandalismo-ekintzak. «Hilen artean, Jainkoaren loriagatik, nire aita jauna eta maisua, ama eta nire lau neba-arreba txikiak zendu ziren» (Menahemek ez du aipatzen emaztea). Familian bera baino ez zen bizirik atera, mirariz. Biluzik geratu behar izan zuen gauerdira arte, eta orduan, aitaren lagun batek, gorpuen artetik atera, etxera eraman eta erruki handiz tratatu zuen. Zauriak sendatu eta suspertu zenean, Toledora joatea erabaki zuen han Torá ikasteko. Alabaina, hori baino lehen, bi urte egin zituen Tuteran ikasten, Yoshuá Shuaib maisu eta errabino entzutetsua tutore zuela. Hogeita bat urte zituela, 1331. urtean, Nafarroatik Gaztelara joan zen, eta han bizi izan zen bere denboran; ez zen inoiz gehiago Nafarroa sorterrira itzuli. Hasierako, urteak Alcalan egin zituen, eta denboraldi luzea egin zuen errabino-ikasketak egiten, Yosef ab-al Aish lagunarekin. Urte batzuen buruan, Toledora jo zuen, ikasketekin jarraitzeko, Yehudá ben Yehielen gidaritzapean. Ab-al Aish hiltzean (1350), haren postua eskaini zioten Torá irakasle Alcalan. Itxuraz, urte asko eta asko egin zituen zeregin horretan, bakean eta lasai. Baina Gaztelako gerra zibilak (1366-1369), Petri I.aren eta haren anaiorde Henrike II.aren artean, berriro zartatu zuen errabino lizarraren bizimodua. Alcalan zegoela, gerraren ondorio larriak nozitu behar izan zituen: «Herriko jendeak Sefaradeko komunitate gehienak erasotu eta arpilatu zituen. Israel erabat pobretuta geratu zen. Ez zen halako garai latzik izan erbesteratuak honaino iritsi zirenetik». Eta maila pertsonalean ere neurri berekoa izan zen zoritxarra: «Niri ere neuzkan jabetza guztiak kendu zizkidaten. Lapurretan egin zidaten, arpilatu, kolpatu, zauritu egin ninduten eta babesten ninduen estalkia bera ere kendu zidaten. Ondasun guztiak kendu zizkidaten, liburuak, etxea eta lurra izan ezik». Egoera horretan, fedekide entzutetsu batek, Manuel Abrabanel jaunak, Toledora joatea eta bere babesean bizitzea proposatu zion ben Zerahi 1369an. Garai hartan, Henrike II.aren gortean goi-kargu bat betetzen zuen Abrabanelek. Hil arteko urteak, beraz, Toledon egin zituen errabino nafarrak, eskola errabiniko bat zuzendu zuen eta Toledoko komunitatearen errabino-zerbitzua bete zuen.
Menahem ben Zerahen biografia aberatsean bi alderdi nabarmentzen dira oroz gain: bokazio intelektuala eta irakasle-jarduna. Torari eta diziplina errabinikoei buruz ikasteko eta gero eta gehiago jakiteko irrika izan zen bere bizitzaren eta izate osoaren ardatza. Deigarria da haren prestakuntza intelektual sakona: Lizarran hasi, Tuteran jarraitu eta Alcalá eta Toledon bukatu, ikasketari emana bizi izan zen. Menahemek xehetasun nabarmenez deskribatzen du bere prestakuntza talmudikoaren curriculuma eta izan zituen irakasleen maila zientifikoa eta humanoa. Ikastun aparta ez ezik irakasle nabarmena ere izan zen. Toledoko haren hilobian, harlauzako idazkunean zerrendatzen diren tituluen artean berariaz aipatzen da maisuarena: «handia, maisua, bikaina». Helduaroan irakaskuntzan jardun zuen buru-belarri. Prestakuntza intelektualeko halako prozesu luzearen ondotik, ezinbestean izan behar maisu. Alcalan, 1351. urtean ekin zion irakaskuntza-jardunari, eta Toledon eman zion jarraipena, 1369tik aurrera, behin gerra zibila amaituta. Toledon yeshiva baten buru izatera iritsi zen, lorpen izugarri handia, kontuan izan behar baita Erdi Aro osoan kultura-tradizio handiko hiria izan zela Toledo, bai eta judaismo unibertsalaren historian ospe handiko irakasleen habia ere.
Alabaina, ben Zerah batez ere idazlea izan zen; idazle-jardunari esker lortu zuen ospea, itzala eta bere memoria betikotzea. Tzeda la-Derek (Biderako hornidura) lana idatzi zuen Toledon bizi zela, aditu gehienen iritziz 1373an; hau da, ordurako adinean aurreratu samar, hirurogeita hiru urterekin. Liburua literatura halajikoaren generokoa da; hain zuzen, juduen tradizio etiko-erlijiosoaren araberako jokabide-arauen kodifikazio bat da. xiv. mendeko espainiar judaismoak aurreko belaunaldietako intelektualek idatzitako genero horretako lanak jasotzeko eta biltzeko kezka izan zuen, eta hortik sortu zen lan hau ere. Zertxobait lehenagokoak dira, hurbilekoak hala ere, bi kodifikazio hauek: Jerohan Meshullam egilearen Toledot Adam we-Hawwah (Adan eta Evaren kronikak) eta Jacob ben Yehiel idazlearen Arbaa Turim (Lau ilarak)
Aipatutako Tzeda la-Derek obraz gain, beste lan txikiago batzuen egile ere izan zen ben Zerah, adituen ustez. Lan horiek, berez, obra klasiko ezagunen bertsio laburtuak dira, eta eskuizkributan baino ez dira gorde. Honako hauek dira: Hobot ha-Lebabot (Bihotzaren betebeharrak), Bahya ibn Pacuda (1040-1111) filosofo eta poetaren titulu bereko obraren laburpena; Hilkot Shebitat u. Bedaqa (Animaliak immolatzeko eta zatikatzeko arauak), Yosef ben Israel lagunaren eskariz osatua; Menahem Avelim (Dolu-aldiaren kontsolamendua), Nahmanidesen (1194-1270) obraren laburpena; eta Torat ha-Adam (Gizonaren legea), heriotzari eta doluari buruz.
Ben Zerahren lanaren hartzaileak, lehen-lehenik eta batez ere gortesau eta goi-funtzionario juduak ziren; izan ere, jauregiko betekizunak zirela edo bidaia sarriak zirela, erlijio-eginbeharrak ez zaintzea leporatzen zien. Era berean, eta, bigarrenik, judu intelektualen zirkuluei zuzendurik zeuden haren lanak; judu tradizioaren irakaspenak gutxiestea eta zientzia greziarraren lilurari men egitea egozten zien haiei.
Tzeda la-Derek lanean bi zati nabarmen bereiziak daude: sarrera, batetik, eta arauen gorputza, obraren muina, bestetik. Ferrararen 1554ko argitalpenaren arabera, hebreerazko jatorrizko lanak dituen 603 orrialdeetatik sarrerak 18 baino ez ditu hartzen. Sarrera horretan, batez ere hiru puntu garatzen dira: a) agerkunde sinaitikotik Menahemen liburua agertu arteko tradizio juduaren katearen azalpena; b) egilearen bizitzaren eta haren denborako gertaeren kontakizuna, eta c) obraren ezaugarrien deskribapena eta garaiko intelektual eta errektore judu-gaztelarren eta bereziki toledotarren artean zeuden arazo eta kezka kontraesankorren azalpena, baita egileak arazo eta kezka horiekiko zuen barne-borroka pertsonalaren azalpena ere. Sarrera da atal pertsonalena eta literatura aldetik onduena, egileak berak onartzen duenez: «Zapore delikatuz idatzi dut sarrerako kapituluetan, eta arauen kapituluen aldean lehentasuna eman diet hasierako horiei». Literatura errabinikoan ohikoa da tratatu halajikoen aurretik horrelako sarrera gutxi-asko landuak egitea. Lan honen berritasuna da egileak datu autobiografikoak eta gertakari politiko garaikideak aipatu eta gehitu zituela. Ben Zerahen bereizgarria izan zen hori.
Sarreraren ondotik, lanaren beraren gorputz nagusia dator; xiv. mendeko Espainiako kodifikazio halajikoetan eredu oso nabarmena da adituen esanetan, mende horretako bigarren erdialdean genero horretako hiru garrantzitsuenen artean katalogatua. Liburuaren muin horretan, etika juduari buruzko bere ideiak garatzen ditu ben Zerahk, historia talmudikoaren tradizio onena oinarritzat harturik. Baina, tradizio juduaren esparruan ez ezik, ben Zerahren jakintza agerian geratzen da zientzia profanoekin loturiko beste esparru batzuetan ere, hala nola medikuntzan, psikologian, astronomian eta astrologian. Mesiasen etorreraren gaineko sinesmenari buruz ere agertu zuen bere iritzia. Historian zehar, kalkulu matematiko konplexuak egin ziren horri buruz, eta Menahem ere ausartu zen bere iragarpena egitera. Egin zituen ikerlan eta kalkuluen arabera, Mesias 1403. urtean iritsiko zen. Gaitzerdi, 1385ean hil zenez, bere kalkulu okerrek sortutako nahigaberik behintzat ez zuen jasan behar izan.
Tzeda la-Derek lanaren iturrien harira, Menahemek ez du ez dagokion meriturik beretzat hartzen. Bere adinean eta hainbesteko jakintza eskuratuta, zentzugabea zatekeen originaltasunaren aldarria egitea, bere aurreko errabino eta maisuekin zuen ahaidetza ezkutaturik. Areago, genero halajikoko lana izanik. Haatik, ez du bere lanaren balioa eta garrantzia gutxiesten, baina zintzo jokatzen du irakurleekin: «Ez nauzue ni goratu behar, nire aurreko jakintsuak eta egileak baizik; izan ere, haien iturritik edaten dut nik, haien ahotsetik hitz egiten dut eta haien liburuetan oinarritu dut nire kontakizuna». Hainbat maisurekin sentitzen zen zorretan, eta izen hauek aipatu zituen: Maimónides, Nahmánides, Abraham ibn Ezra eta bere garaikide Isaac ben Israel. Tradizio errabinikoan sustraiturik jotzen zuen bere burua, eta bi Talmuden, geonim presidenteen, tosafisten eta, bereziki, Aser ben Yehielen urratsen jarraitzaile zela onartzen zuen.
Menahemek berariaz aipatu zuen Tzedah la-Derek lanaren eduki generikoa eta zatiketa ordenatua: «Liburu hau […] bost zatitan (maamarim) banatu dut: Lehen zatian, otoitzak, bedeinkapenak eta haien arrazoiak jorratzen dira, baita Jainkoaren maitasunarekin loturiko legeak eta gaiak ere […]. Bigarren zatian, debekatutakoa eta baimendutakoa aztertzen dira, baita tabernakuluaz arduratzen diren langileen jarduna ere […]. Hirugarren zatian, emakumeei buruzko legeak jasotzen dira… Laugarren zatian, jai-egunak jorratzen dira, besteak beste Hanukka eta Purim […]. Bosgarrenean, baraualdia, erostak eta doluarekin loturiko arauak aztertzen dira». Garaiko pentsalari juduen artean kezka sortzen zuten gai gehienetan, agerian uzten du bere izaera tolerantea eta irekia. Ihes egiten die muturreko konponbideei eta adostasuna bilatzen du beti, garaiko sektore judu zabaletan ohikoak ziren fanatismo eta muturreko doktrinak alde batera utzita. Nabarmentzekoa da bereziki, benetako sinesmen erlijiosoa zehazteko agertzen duen irekitasuna eta ulermen teologikoa; horretan, ez ditu aintzakotzat hartzen muturreko adierazpenak; aitzitik, koherentzia bilatzen du norberaren sinesmenen eta atxikitako eginbeharrak betetzearen artean. «Herri guztiak berdin-berdin sortuak izan dira Jainkoaren irudira». Areago, onartzen du judu ez den bat, bere kultura-ingurumariaren dotrina eta arauak jarraitzen dituena, goragokoa dela juduen irakaspen eta aginduak jarraitzen ez dituen beraietako bat baino.
Obrak
Tzeda la-Derek (= Biderako hornidura), Toledo, ca. 1373. Inprimatutako lehen argit. Ferrara, 1554. Lehen zatiaren gaztelaniazko itzulpena: Rodríguez Ochoa, J. M.ª, Menahem ben Zerah. Rabino estellés (1310-1385). Aproximación a una cultura que floreció en Sefarad, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011.
Bibliografia
Freimann, A., «Menahem ben Zerach», in Annuario di Studi Ebraici, 1 (1934), 147.-167. or.
Goñi Gaztambide, J., «La matanza de judíos en Navarra, en 1328», in Hispania Sacra, 12 (1959), 5.-33. or.
Rodríguez Ochoa, J. M.ª, Menahem ben Zerah. Rabino estellés (1310-1385). Aproximación a una cultura que floreció en Sefarad, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011.
Aipamen bibliografikoa
Rodríguez Ochoa, J.M., “Menahem Ben Aaron Ben Zerah”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 253-256.





