Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

MARTINEZ ZALDIBIA, Juan (Tolosa, Gipuzkoa, d. g. – Tolosa, Gipuzkoa, 1575).

Karguak eta lanbideak

«Batxiler Zaldibia» goitizenez ezaguna. Historialaria, jurista eta politikoa

Ibilbidea

Ahaide Nagusien leinu oinaztar batean jaio zen, Tolosan, Zaldibiako dorre-etxean. Gurasoak Iñigo Martinez Zaldibia eta Katalina Elduaien zituen. Aita Tolosako alkate eta arma-kapitaina izan zen. Bandoen arteko gatazkaren ondoren, monarkiak nobleziaren gainean eragindako errepresioaren biktimetako bat izan zen Zaldibia, Henrike IV.ak hiru urteko erbesteratze-zigorra eman baitzion, Esteponan (Málaga) bete behar zuena. Batxilerra Maria Juaniz Arteaga Idiakezekin ezkondu zen, alegia, monarkiaren administrazioan kargu garrantzitsuak zituen familia bateko alabarekin. Mailegu-emaile ere aritu zen, eta etekin politak atera zituen jarduera hartatik. Higiezin ugariz osatutako ondare oparo baten jabe zen, tartean zirela Zaldibia dorrea, beste sei etxe eta baserri, beren jabegoekin, eta beste hainbat lur-eremu eta burdinola, osotara, hil zenean, 5.100 dukat inguruko ondarea bildua zuela. Zaldibiak izen bereko seme bat izan zuen, baina semea eta emaztea, biak ere, gazterik hil ziren eta, batxilerra guztiz jota geratu zen. Horregatik, beharbada, oinordekorik ez izanik eta erlijioarengana gero eta bilduago egonik, testamentuan bere ondasun guztiak karitate- eta erlijio-egintzetan uztea erabaki zuen: 1.000 dukat Tolosako parrokiarako, egunero bere arimaren aldeko meza emateko agindua, urteko ehun dukat Gramatikako maisu batentzat; 50 dukateko bi dohaintza, bi neska umezurtz behartsurentzat; eta 4 dukat, herriko hamar behartsurentzat.

1550ean hartu zuen arte eta legeetako batxiler titulua, baina ez dakigu gradu horiek zein Unibertsitatetan lortu zituen. Zuzenbide-ikasketak egin zituela, ordea, argi dago, lan ugari agindu zizkiotelako Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Esaterako, 1551, 1553, 1554, 1562 eta 1574an, Tolosako artxiboan gordeta Probintziak zituen despatxu, pribilegio eta gainerako dokumentu guztiak ordenatzeko agindua eman zioten. Halaber, Probintziaren abokatua izan zen 1558ko auzi batean. Hil zenean, haren liburutegia lege-arloko 46 liburuz osatzen zen, garai hartan ongi hornitua, beraz. Administrazioan eta politikan ere ibilbide luzea egin zuen: Tolosako alkate izan zen 1548, 1550, 1551 eta 1558an (Orellaren arabera, alkate izan zen 1544, 1552 eta 1574an). Hiri horrek berak, 1557an, bere indar armatuen kapitaina izendatu zuen. Batzar Nagusietan ere hainbat kargu bete zituen (prokuradore, errejidore eta idazkari), gutxienez 1550, 1551, 1555 eta 1561ean. Probintziarentzat ere beste hainbat kargu bete zituen: negoziatzaile, dokumentuen idazlari, autoritateen hartzaile, instrukzio-eramaile…

Batxilerrak berak hitz egin zigun bere lanari buruz, 1564an Batzar Nagusiei igorri zien gutunean: «Lo que demas dello por mi industria y flaco yngenyo he hecho en una suma de todo lo que despues del diluvyo y venyda de Túbal a España, es digno de ponerse en memoria de la naçion Vascongada y particularmente desta Provinçia, con las hazañas que los della han hecho en diversos tiempos hasta nuestros dias. Y junto con esto otro tratadillo de Armería trayda y vista la de Navarra. Si Vs. Ms. mandaran servirse de mis vigilias y pequeño trabajo que en esto he pasado, tenerme yo por muy dichoso en que den orden como salga al campo quedando para mi la impresión como suele ser para todos los que escriben y para este effeto lo mostrare a quienes Vs. Ms. mandaren».

Suma izeneko lana 1560 aldera amaitu zen, eta haren hainbat eskuizkribu zabaldu baziren ere, ez zen inprimatu 1945 arte. Hura izan zen Gipuzkoaren lehenengo Historia, eta horren gainean eraiki zituzten beren eredu eta erreferentziak, handik aurrera, Probintziako historialariek. Politikoki Gaztelaren aldekoa da, eta beraz Nafarroaren aurkakoa, eta Gipuzkoaren sorrerako mitoetako bat zabaldu zuen, alegia, Beotibarreko borrokarena. Agerian jarri zituen bandoen arteko istiluek ekarritako gaitzak, eta gipuzkoarren jatortasun eta kaparetasun unibertsalaren oinarrizko egitura ideologikoak ezarri zituen. Bi ideia ziren horien iturriak: Iberiar penintsulako lehenengo biztanleak gipuzkoarrak izan ziren, Tubalen ondorengo zuzenak; eta inoiz ez zituzten azpiratu edo konkistatu atzerritarrek. Lehenengo ideiaren funtsezko froga izango litzateke euskararen iraupena, Zaldibiaren arabera, Tubalek eta bere familiak Kaukasotik ekarritako hizkuntza baita. Bigarrena defendatzeko teoria eusko-kantabrista garatu zuen Zaldibiak, ondoren beste tratadista askok bezala. Haren arabera, antzinako Kantabriaren barnean zeuden euskal lurraldeak, eta beraz, haiena zen erromatarren aurrean erakutsitako erresistentzia heroikoaren ohorea. Gainerakoan, Zaldibiak Gipuzkoarentzat jaso zituen lehenago Bizkaiarentzat garatu ziren teoria itun-zaleak. Funtsean, monarkaren eta herriaren arteko ituna aldarrikatzen zen, herriak berez zuen subiranotasuna erregearen esku uzteko unean. Ideia horien helburua posizio pribilegiatu eta berezia justifikatzea zen, Monarkia hispanikoaren testuinguru politiko-administratiboan.

Dirudienez, Zaldibia, Tolosan ez ezik, Hondarribian ere bizi izan zen, eta han igaro zuen tartea aprobetxatu zuen herri hari buruzko askotariko kronika bat idazteko, 1366 eta 1515 bitarteko berriak jasoz.

Legeen biltzaile-lanari dagokionez, funtsezkoa izan zen Probintziaren 326 Ordenantzen bilketa, Liburu Zaharra deitutako bilduman. Bilduma horrek oinarria eman zion ondoren, 1583an, egin zenari, eta 1696ko behin betiko bildumari, eta badirudi bukatuta zegoela 1562an, baina 1991 arte ez zen inprimatu.

Obrak

Suma de las cosas cantábricas y guipuzcoanas, 1564 aldera. Kopia eskuizkribuan Liburutegi Nazionaleko Eskuizkribuen Katalogoan «Historia de Vizcaya y sus provincias. Descripción de la misma»izenez (sign. 7556, ant. G. 101). Argitaratzailea Arocena, F., Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1945.

Libro Viejo de Guipúzcoa, 1562. jatorrizkoa Real Academia de la Historia Colección  Vargas Ponce, 23. lib. Argitaratzailea Orella Unzué, J. L., «Libro Viejo de Guipúzcoa del bachiller Juan Martínez de Zaldivia», Euskal Herriko Erdi Aroko iturri dokumentalak, 34. zk, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1991.

Hidalguía de los guipuzcoanos, 1545-1552. Ziurrenik lan hau da Zaldibiak berak «un tratadillo de Armería» hitzak erabiliz aipatu zuena.

Historia de los Cántabros, Vizcaynos y Guipuzcoanos, Real Academia de la Historia. Colección Salazar y Castro (9/830, 8.-17.v folk.).

Cronicón de varias noticias pertenecientes a Fuenterrabía, José Vargas Ponceren kopia eskuizkribuan, Real Academia de la Historia. Colección Vargas Ponce, 44. libk.

Bibliografia

Orella Unzué, J. L., «El Iushistoriador guipuzcoano bachiller Zaldivia (hacia 1500-1575)», in Anuario de Historia del Derecho español, 67 (1997), 391.-412. or.

Zubiaur Bilbao, J. R., Las ideas lingüísticas vascas en el siglo xvi (Zaldibia, Garibay, Poza), Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1990.

Aipamen bibliografikoa

Madariaga Orbea, J., “Martínez de Zaldibia, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 440-442.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP