Karguak eta lanbideak
Lezoko parrokiako apaiz onuraduna, abade, aitorle, ganberako fiskala, Lezoko ontzigintzaren hornitzailea, historialaria
Ibilbidea
Aitak Onofre zuen, eta Koroaren zerbitzu ugaritan ibilitako irundar bat zen; Salamancan ikasi zuen, Kanonen eta Teologia Moralen Fakultatean doktoratu zen eta apaiz sartu zen. Erlijio ohore eta karguak bete zituen, bai Gipuzkoan bai Tuyko Gotzaindegian, Avilakoan, Iruñekoan (Lezo haren menpekoa zen), Toledokoan eta Gortean ere bai. Haren anaia 1612an hil ondoren Lezoko errege-ontzigintzaren hornitzaile-kargua heredatu zuen. Ontzigintzako ardura zuelarik, 1618an Madrilera joan zen kontuak ematera, eta gauza luzatu zen, uste baino gehiago, zazpi urtez, hain zuzen ere. Madrilgo egonaldi horretan osatu zuen bere historiaren Compendioa eta lehenago Tratadillo bat, Gipuzkoako arkitektoei buruzkoa. Egilearen esanetan, ez zuen zentsura gainditu, baina Arozenak zalantza du horren inguruan.
Compendio izeneko lanak Gipuzkoako Probintziaren irizpen gaitzeslea jaso zuen, eta ez zen argitaratu. Hala ere, jatorrizko eskuizkribuaren hainbat kopia hedatu ziren eta oso erabilia izan zen, xix. mendean oraindik eskuz esku zebiltzan kopien kopuruak erakusten duenez. Probintziak jatorrizkoa berreskuratu zuen Rafael de Floranesen bitartez 1781ean, eta haren bi kopia egin zituen, baina ez zuen inprimatu eta jatorrizkoa berriz ere galdu zen. 1850 arte ez zen erabaki lana argitaratzea, Antonio Maria Zabalaren eskuetan zegoen kopia bat erabilita. Gorabehera horien ondorioz, argitara eman baino lehen materialak antolamendu-aldaketa bat baino gehiago izango zituen eta, Madariagak ohartarazten duenez, beharbada ez dira Martinez Isastirenak lanean antzematen diren akats guztiak.
Lezoarraren garaian gertakizun ugarik zeharkatzen zuten Europa osoko hiriak eta eskualdeak, eta orduko kultura politikoaren adierazgarri ona da haren lana, bistan denez, munduaren ikuskera katolikoan kokatuta. Horren arabera, Gipuzkoa bezalako lurralde baten existentzia diskurtso biblikoan kokatzen zen neurrian justifikatzen zen. Tema gogorra hartu zuen Isastik, esaterako, Tubal Gipuzkoara iritsi zeneko egunari data jartzen. Isastik bere aurrekoen ildotik jarraitu zuen (Martinez Zaldibia, Garibai, Poza edo Etxabe) oinarrizko arrazoibidean, eta haien obsesioa ere bere egiten du, alegia, gipuzkoarren kaparetasun unibertsala justifikatzea.
Osatu zuen oinetxeen zerrenda zehatzak zerikusia du hark —-beren herritik kanpo bizi ziren gipuzkoar askok bezala— bere sortetxea ezagutzeko zuen beharrarekin. Auzia ez zen hutsala, kaparetasuna frogatu behar zen garai batean. Nobleziaz zuen ulerkerak Pozaren eta Gutiérrezen argudioak jasotzen zituen, eta ez dira falta Tiraqueau, Artze Otalora eta hainbat klasikoren aipamenak. Haren idatzietan azaldu zuen kapare ez ziren atzerritarrei ezarritako herritartzeko debekua, 1527an Gipuzkoan ezarritakoa, eta Filipe III.ak 1608an eta 1610ean lurraldearen kaparetasuna berretsi zuenekoa ere bai.
Gipuzkoarren kaparetasuna lurralde osoari zegokiola argudiatzeko hainbat ideia erabiltzen ziren: erkidego gipuzkoarraren sorreraren antzinatasuna —euskararen iraupena lekuko—, gainerako herriekiko independentzia, denboran zehar erakutsitako santutasuna —irudi gorena san Ignazio zela—, Monarkia Katolikoari emandako zerbitzuak, eta bere gogoz inkorporatu izana Gaztelako Koroari. Arrazoibide horiek gehienbat lehenengo bi liburuetan garatu zituen, eta gainerakoetan, gipuzkoar ospetsuak aipatu zituen, haien karguengatik, monarkiari emandako zerbitzuengatik, prestutasunagatik, Ordenetan sartu izanagatik, etab. nabarmendu zirenak, eta Probintziako hiribildu eta herrien inguruko askotariko berriak bildu zituen.
Probintziak ez zion oniritzirik eman Compendioa publikatzeari, batez ere, Ahaide Nagusien gorespenengatik, egiak izan nahi ez izan, hori ezin baitzuten onartu patrizio gipuzkoarrek. Telletxearen arabera, bestalde, Isastik jokabide arraroa erakutsi zuen, Donostiari buruzko notiziarik ez baitzuen eman. Notizia horiek ondoren sartu zituen Gorteko eragile Martin Amezketak. Argudio historikoek ere ez dirudi oso harrera ona izan zutenik Probintziaren partetik, lehen Martinez Zaldibiak, Garibaik edo Etxabek proposatutakoak ere ukatu edo kasurik ez zielako egin. Hala ere, handik gutxira, 1200eko inkorporazioa —boluntarioa edo ez— ezbaian jartzen zuten eztabaiden haritik, Probintzia ohartu zen argudio horiek garrantzitsuak zirela, eta agindu ere egin zuen lurraldearen historiak idazteko, eta zorrotz begiratu zuen ekoizpen historiografikoa.
Sorginkeriaren inguruan egin zuen lanari buruz, Madariagak dio Isastiren ustez deabruarekiko ituna egia zela, eta sorginek itxuraldatzeko ahala bazutela ere bai, eta horren ondorioz, haren iritziz, gogor erreprimitu behar zirela.
Obrak
Relación que hizo el Doctor Don Lope de Ysasti presbítero y beneficiado de Leço que es en Guipúzcoa de las maléficas de Cantabria por mandado del Señor Inquisidor Campofrío, Madrid, 1618. Berrarg. Caro Baroja, J., «Cuatro relaciones sobre la hechicería vasca», Anuario Sociedad Eusko Folklore, XIII, (1933), 131.-145. or. Berrarg. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1984.
Compendio Historial de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa por el Dr. Don Lope de Isasti en el año de 1625, Donostia: Ignacio Ramón Baroja, 1850; edizioa osatzen dute R. de Guereca-ren sarrerak eta R. de Floranes-en «Noticias del Dr. Lope Martínez de Isasti autor de esta obra», osatugabeak, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972. Edizio honetan erantsi da F. Arocena-ren beste hitzaurre bat: «Observaciones críticas a los textos de Lope Martínez de Isasti y de sus colaboradores», VII.-XII. or.
Bibliografia
Aragón Ruano, A., eta Alberdi Lonbide, X., «El control de la producción histórica sobre Gipuzkoa en el siglo xvii. Un instrumento de defensa del régimen foral», in Vasconia, 25 (1998), 37.-52. or.
Caro Baroja, J., Los Vascos y la historia a través de Garibay (Ensayo de biografía antropológica), Donostia: Txertoa, 1971. Berrarg. Rubio de Urquía, G. (arg. sar. hitzaurrea eta eranskinak), Madrid: Caro Raggio, 2002, 53., 64., 68., 74., 76., 79., 81., 82., 84., 108., 197., 225., 341., 348. eta 403. or.
Elías de Tejada, F., eta Percopo, G., La Provincia de Guipúzcoa, Madrid: Minotauro, 1965, 102.-107.; 130.-131. or.
Estévez Rodríguez, X., «La historiografía guipuzcoana desde Zaldivia a Gorosábel sobre la adhesión de Gipuzkoa a Castilla», in Orella, J. L. (koord.), Gipuzkoa versus Castilla. Conquista, pacto y derechos históricos, 1200-2000, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2000, 59.-62. or.
Fernández Albaladejo, P., La crisis del Antiguo Régimen en Guipúzcoa, 1766-1833: cambio económico e historia, Madrid: Akal, 1975, 33., 54., 56., 60., 65., 67., 86., 88., 125.-126., 136., 158.-159. eta 165.-166. or.
Madariaga Orbea, J., Apologistas y detractores de la lengua vasca, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2008, 242.-252. or.
Olarán Múgica, M. I., «Las casas solariegas y de apellido en Guipúzcoa según Lope Martínez de Isasti», in Cuadernos de Genealogía,12 (2012), 28.-49. or.
Tellechea Idígoras, J. I., «Noticias sobre el Dr. Isasti, sobre su “Compendio Historial” y sobre los astilleros de Lezo», in Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 7 (1973), 243.-290. or.
Truchuelo García, S., Gipuzkoa y el poder real en la Alta Edad Moderna, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004, 605., 608., 616. eta 617. or.
Aipamen bibliografikoa
Achón Insausti, J. A., “Martinez de Isasti, Lope”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 467-463.





