Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

LAFFITTE OBINETA, Vicente (Donostia, 1859 – Astigarraga, Gipuzkoa, 1944).

Karguak eta lanbideak

 Politikaria, zientzialaria eta nekazaritza-buruzagi sindikala

Ibilbidea

Bere anaiekin, ahaideekin eta lagunekin batera, Laffitte ideia erregezale liberaleko politikari eta gizon publiko donostiarren belaunaldi bateko kidea izan zen. Jende hura bigarren gerra zibiletik garaile atera eta Berrezarkuntzan aritu zen politikagintzan.

Gizon haietako gehienak Alderdi Kontserbadorean sartu eta zatiketa mauristari jarraiki zitzaizkion. Nabarmenenen artean, Wenceslao Orbea, Severo Agirre Miramon eta beste batzuk daude. Laffittek, bere irizkide gehienek bezala, Primo de Riveraren diktadura, Errepublikaren aurkako monarkismoa eta frankismoa babestu zituen. Antolakuntza sendorik gabeko handiki gutxi batzuk baziren ere, protagonismo handiagoa izan zuten Gipuzkoako bizitzan haien ahulezia elitistatik espero zitekeena baino.

Laffitte familia, jatorriz, Baionako alde gaskoikoa zen. XIX. mendearen hasieratik zeramaten kokatuak Donostian, merkataritzari eta finantzei lotuak. Gurasoak Donostiako jabe aberatsak ziren eta landa-eremuan jabetza batzuk zituzten. Vicente laugarren semea izan zen eta, bai berak, bai Alfredo eta Juan anaia zaharragoek, unibertsitate-prestakuntza sendoa izan zuten.

Vicentek Zientzia Fisikoak eta Kimikoak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Zentralean eta hantxe doktoratu zen. Gero, Sorbonan, Kimikako ikasketa osagarriak egin zituen eta, praktikak, Pasteur Institutuan. Kimikaren eta higienearen inguruko nazioarteko hainbat biltzarretan parte hartu zuen eta Frantziako zenbait zientzia elkartetako kidea izan zen.

Bizitza pribatuari dagokionez, Laffitte Mercedes de Urruela Lararekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: M.ª de los Dolores (beste patrizio batekin ezkondua, Zaragueta batekin), Vicente eta Maria Luisa.

Politikan berandu hasi bazen ere, ibilbide luzea egin zuen. 1907an hautatu zuten lehen aldiz probintziako diputatu, jada 48 urte zituela. Irungo barrutiko diputatua izan zen 1931ra arte, 1927tik 1930era izan ezik. 1923an, Primo de Riveraren Diktaduraren alde egin zuen eta Unión Patrióticako kidea izan zen. Era berean, Kontsultarako Asanblea Nazional labur hartako batzarkidea izan zen (1927-1929). Primo de Riveraren aldeko abentura hark huts egin eta gero, bere «etxera» itzuli zen, hots, Errepublika aurreko Diputaziora (1930-1931), jada hirurogeita hamar urte zituela.

1924tik 1926ra, Probintziako Diputazioko presidentea izan zen. Haren agintaldian, hainbat gauza nabarmendu genitzake, hala nola Kontzertu Ekonomikoaren azken berrikuntza, teorian 1951n amaitzekoa zena, Pasaiako portua Estatura itzuli izana (gai polemikoa) eta Urolako Trenbidearen inaugurazioa.

Bigarren Errepublikan, Gipuzkoako landa-finken jabeen Elkarteko burua izan zen, Azañaren Gobernuaren Nekazaritza Erreformatzeko Legeari aurre eginik. Erregezale fidela zenez, Unión Regionalista Guipuzcoana taldeari atxikita egon zen, baina protagonismo berezirik gabe. Talde hura Renovación Española alderdi alfontsotarrari lotuta egon zen.

Laffitte, bestalde, Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoko burua izan zen (presidentea zelarik, Aquariuma inauguratu zen, 1928an). Esan daiteke, landa zalea zen bezala, itsasoa eta itsas espezieak ere maite zituela. Arlo horretan aditua, ordezkaritza-kargua betetzeaz gain, era askotako gaiez idatzi zuen, hala nola itsas iodoaz, angulez, xabiroiaz, arrainaren elikadura-balioaz, etab. Halaber, Albaitarien Elkargoko ohorezko presidentea izan zen. Ohorezko Legioko zalduna izan zen eta Nekazaritza Merezimenduaren Gurutzea zuen.

Laffittengan nabarmendu behar da Gipuzkoako nekazaritza-sindikatuetako burua izan zela, luze eta buru-belarri jardun baitzuen postu hartan, eta horrek, ordainez, gauza asko eman zizkion politikari begira. Sindikatuak Gipuzkoako Nekazaritza Federazio Katolikoan sartuta zeuden. 1905eko abenduaren 30ean, bai Vicente Laffittek, bai diputatu kontserbadorez eta nekazari ospetsuz osaturiko talde batek, Donostiako Alkartasuna sindikatua sortu zuten Diputazioko jauregian bertan. Hori dela eta, mota eta estatutu bereko sindikatu guztiei alkartasunak esan zitzaien. Sindikatuok Gipuzkoako Nekazaritza Sindikatuen Federazioan elkartu ziren, 1909an. Guztiak ere Elizaren doktrina sozialean egon ziren inspiraturik, eta Diputazioak eta elizjendeak babesturik. Gehienbat, tankera ekonomikoa izan zuten: ongarriak, bazkak, haziak… erostea; hazitarako zezenen paradak; landa-kutxak… Oso zabalduak egon ziren, Gipuzkoako etxejabe erdien ordezkariak izan baitziren.

Laffitte nekazaritza arloko gai askotarikoen publizista nekagaitza izan zen. Trebea zen idazten eta, bere garaikide asko ez bezala, testu korapilatsurik gabea. Gehienbat, honako gai hauek jorratu zituen: laboreak, sagastiak, azienda, erleak, landa-industriak, gaitzak, ongarriak eta beste. Ez zen teknikari handia izan, dibulgatzailea baizik. Horretarako, genero gisa, eskuorria, liburuxka eta hitzaldia erabili zituen. Obra eta distantzia hurbila. Inork baino hobeki zekien ez zela aditu handia. Horrexegatik izan zen gauza berak baino gehiago zekiten teknikarien ondoan idazteko. Guztiak ere Diputazioko teknikariak. Adibidez, ongarriei buruzko eskuliburu edo kartilla bat idatzi zuen, hogei urteko Ignacio Camarero Nuñez nekazaritza-perituarekin batera; bestalde, Luis Saiz Saldain albaitari eta Gipuzkoako abeltzaintza-buruarekin batera, behi-arrazei buruzko liburu luzeago bat ondu zuen; eta Fraisoroko zuzendari Ignacio Gallastegi Artiz nekazaritza-ingeniariarekin batera, sagardogintzari buruzko liburuxka bat.

Baserriaren egoera ikusirik, eta landa-exodoaren nahiz despopulazioaren aurrean, Laffittek irtenbide probetxugarri bakarra ikusten zuen, hots, ekoizpena handitzea, hau da, Gipuzkoako baserri molde intentsiboa areagotzea. Horra hor haren lan guztiaren ideia nagusia. Pentsamoldez kontserbadorea zenez, egiturazko erreformen kontrakoa zen, bai eta aurrekontuen gehiegizko gastuen kontrakoa ere.

Behi-azienda hobetzearen aldeko bultzatzaile irmoa izan zen, Pirinioetako arraza Suitzako Schwitz arrazarekin gurutzatuz, herd-bookaren bidez eta Suitzako hazitarako zezenak inportatuz. Sutsu defenditu zuen basoberritzea, irizpide ekologista kontserbatzaileekin bat: hau da, haritzaren nagusitasuna behealdeetan, eta pagoarena, goialdeetan.

Eusko Ikaskuntzaren biltzarretan ere parte hartu zuen, bai eta nekazaritza-biltzar orotan eta Carreras Candiren Entziklopedian ere. XIX. mendeko gizonaren itxura bazuen ere, esan behar da etorri handiko plaza gizona zela, hizketan sutsua, timing modernoa zerabilena.

Obrak

Estudio sobre la enfermedad de los castaños, Donostia: Imp. de la Provincia, 1898.

La enfermedad del maíz. Medios de combatirla. Memoria presentada a la Excma. Diputación Provincial de Guipúzcoa, Donostia: Imp. de la Provincia, 1901.

La electricidad en la agricultura vascongada, Donostia: Imp. de la Provincia, 1905.

NUÑEZ, I.-rekin, Guía práctica para el empleo de los abonos químicos en los cultivos del país, Donostia: Establecimiento Tip. de Martín, Mena y Cía., 1908.

«Agricultura y ganaderías vascongadas», Provincias Vascongadas. Geografía general del País Vasco-Navarro, Barcelona: Ed. de Alberto Martín, d.g.

La repoblación forestal en Guipúzcoa, Donostia: Imp. de la Provincia, 1919.

«Explotación del suelo. El caserío», I Congreso de Estudios Vascos, Bilbo: Bilbaína de Artes Gráficas Juan J. Rochelt, 1919.

«Arboricultura frutal», I Congreso de Estudios Vascos, Bilbo: Bilbaína de Artes Gráficas Juan J. Rochelt, 1919.

«El problema de la ganadería en el País vasco», II Congreso de Estudios Vascos, Editorial y Prensa, S. A, 1920.

Las manzanas de cuchillo y sus aplicaciones, Donostia: Imp. de la Provincia, 1921.

Las pequeñas industrias rurales. I: Consideraciones generales. Industrias lácteas, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1924.

SAIZ, L.-rekin, Las pequeñas industrias rurales. II: Industrias del corral, Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1925.

GALLASTEGUI, I.-rekin, Las pequeñas industrias rurales. III: La industria sidrícola, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1925.

Las pequeñas industrias rurales. IV: La industria apícola, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1925.

Memoria sobre el Régimen de la Propiedad y arrendamientos de fincas rústicas, que eleva este Consejo a la información abierta en el Ministerio de Trabajo, Donostia: Imp. Martín y Mena, 1926.

Bibliografia

BERRIOCHOA AZCÁRATE, P., «Vicente Laffitte Obineta (1859-1944): una mirada agraria», Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 47 (2014), 359-410. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP