Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

LASALA COLLADO, Fermin, Mandasko dukea (Donostia, 1832ko uztailak 17 – Madril, 1917ko abenduak 17).

Karguak eta lanbideak

Politikaria, diplomazialaria, negozio-gizona eta Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kidea

Ibilbidea

Fermin Lasala Collado 1832an jaio zen, Fernando VII.aren erregealdiaren amaierako Donostia hartan eta negozioen munduan arrakasta izaniko familia baten baitan. Gurasoak, gainera, ederki kokatuak zeuden politika arloan, hurrengo urtean erregearen heriotza gertatu zenerako. Izan ere, hala aita bera, Fermin Lasala Urbieta, nola Rita Collado amaren familia (jatorriz Santanderkoa), postu pribilegiatuetan zeuden kokatuak Donostiako merkatarien artean. Garai hartan, hiriak berriz ere aurrera egin zuen, Gerra Napoleonikoetan suntsiturik gelditu eta gero eta, 1823an, Hirurteko Liberalari amaiera emaniko gerra zibil laburreko istiluen ondoren. Maila ekonomiko horri loturik, aitaren eragina handia izan zen politikagintzan. Izan ere, Fermin Lasala Urbieta eta haren koinatua Isabel II.a erregina gaztea gidatu zuen kontseilu ekonomikoarekin egon ziren lotuta, noiz eta Lehen Karlistaldiko urte gorabeheratsu haietan, bai eta Espainia liberala 1839tik aurrera berreraikitzeko bide nekoso hartan ere.

Urte haiek guztiak, bada, Fermin Lasala Colladoren ikasketa-urteak izan ziren. Bere bizitzako lehen etapak Baionan eman zituen, Lesseps familiaren arrimuan. Aitak, izan ere, familia haren babespean utzi zituen bai Fermin, bai ama (Rita Collado), bai eta arreba bat ere. Arreba, ordea, ez zen bizirik atera Donostiako beste setio hark eragindako erbestealdi behartu hartatik. Harako hartan, setiatzaileak erregegai karlistaren tropak izan ziren.

Aitaren maila ekonomiko erosoari esker, beraz, Fermin gaztea ongi kokatua zegoen. Aitak, gainera, dirua ere irabazi zuen gerra garaian Isabelen aldeko armadak hornitzen. Semeak, beraz, heziketa zaindua jaso zuen Baionako Saint Léon Instituzioan. Aita adi-adi egon zitzaien beti semearen aurrerapenei, familia barneko gutunetan ikusten denez (gutunen jabea, egun, Gipuzkoako Foru Aldundiko Artxibo Orokorra da), eta oinordekoari lehen mailako prestakuntza eman nahi izan zion. Horrela, Saint Léon-en, semeak Geografia eta Historiako oinarrizko ikastaroak egin zituen, bai eta Erlijioa eta Morala, Latina, Erretorika eta Matematika ere, 1840tik 1843ra.

Gutun horien bidez ere agerian dago zer-nolako aurrerapenak egin zituen oinarrizko hezkuntza hartatik unibertsitate mailako prestakuntzaraino, bi lizentzia eskuratuta: batetik, Jurisprudentzia eta, bestetik, egungo Filosofia eta Letren baliokidetzat jo dezakeguna, Historiaren adarrean. Gutunetan ere ageri da frantsesez eta ingelesez mintzatzen ikasi zuela. Bi hizkuntza horiek arras baliagarriak gertatu zitzaizkion bai historialari lanetan, bai Parisen eta Londresen bete zuen enbaxadore eginkizunetan ere. Horrela, aitak 1842an Madrildik bidalitako gutunean emazteari gomendatu zion, ez zezala seme eta oinordekoak (une hartan 10 urteko mutikoa) ingelesa bazterrean utzi eta, era berean, jokamoldea eta marrazkiaren artea landu zitzala.

Aitaren negozioak eta karrera politikoa zirela-eta familia Madrilen kokatu zenean, oinordeko gazteak hiri horretan jarraitu zuen ikasten, harik eta 1859an —hau da, Maria Cristina de Brunettirekin ezkondu zen urtean bertan— Jurisprudentziako lizentziatura eskuratu zuen arte Madrilgo Unibertsitate Zentrala izenekoan (egun, Konplutentsea). Aldi berean, Filosofiako batxiler gradua lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Literarioan.

Filosofia ikasketa horiek (egungo Historia lizentziaren oso antzekoak) baliagarriak izan zitzaizkion, handik urte gutxira, historialari karrera nabarmenari ekiteko. Are gehiago, kontuan hartzen badugu, karrera hura ez zuela garatu era guztiz profesionalean, bere irabazpide nagusiarekin batera landu behar izan zuelako. Fermin, izan ere, sekulako aberastasuna kudeatu —eta are, handitu— behar izan zuen negozio-gizona zen. Aberastasun hura enpresa ugaritan banatuta zegoen eta mundu mailako sarean antolatua. Denetarik zegoen, hots, ontziola txikiak Pasaiako portuan (Gipuzkoa), errotak, ontzigintza- eta trenbide-interesak Frantzian nahiz Estatu Batuetan, nekazaritza-finka handiak eta altzairu-olak. Arlo horri hemeretzigarren mendeko negozio-gizonen ohiko gauza bat erantsi behar zaio, hots, agertoki politikoan zenbait kargu betetzea. Ferminen kasuan, adibidez, foru diputatua, Gipuzkoako ordezkaria Kongresuan eta Senatuan, eta, gutxienez, ministerio bat bere gain hartuta Canovasen Berrezarkuntzaren Espainian hartan; eta halaber, goi-mailako eginkizun diplomatikoak, 1900etik 1905era Londresen betetakoak, adibidez.

1865ean ekin zion historialari bide neketsuari, beste jarduera sorta handi horrekin txandakatuta: hau da, negozio-gizona, politikaria, diplomazialaria, Estatu Kontseiluko kidea, eta senataria, bai biziartekoa bai berezko eskubidez. Hasieran, ez zuen egile gisa jardun, baizik eta Gipuzkoako probintziak Ingalaterraren aurka XIV. eta XV. mendeetan izaniko borrokei buruzko historia-lanen lehiaketako epaimahaikide gisa. Gipuzkoako probintziako erakundeek, izan ere, Fermin jo zuten lehiaketan aurkeztutako lanen kalitatea ebazteko epailerik onentzat, Joaquin de Barroeta-Aldamar eta Modesto Lafuenterekin batera. Lehiaketa Ferminek berak eratua zuen, probintziako diputatu nagusia izan zenean, 1862-1863ko epealdi foralean.

Historialari gisa ondutako lehen lana 1872tik 1878ra bitarte landu zuen, garai hartan puri-purian zegoen gai bat jorratuta, Frantziako Bigarren Inperioa erori izanaren ondorioz, hots, zantzu guztien arabera, Frantziako gobernu molde monarkikoa behin betiko desagertua zela. Alde horretatik, liburuaren izenburua guztiz adierazgarria da: Vicisitudes de la monarquía constitucional en Francia. Instituzio horrek 1789tik aurrera izaniko gorabeherak jorratu zituen. Izan ere, urte hartako uztailaren 14ko gertakarien ondorioz, errepublikarako lehen saiakera egin zen Frantzian, eta, bereziki, 1830eko iraultzaren garapenaren ondorioz. Iraultzak, izan ere, lehenik Frantziako Bigarren Errepublika ekarri zuen 1848an; gero, Bigarren Inperioa eta, azkenean, Inperioaren 1870eko kolapso militarraren ondorioz, Frantziako Hirugarren Errepublika etorri zen, hots, 1940ra arte iraun zuen huraxe.

Lan horretan, Fermin Lasala Colladok metodo historikoa ongi menderatzen zuela erakutsi zuen, eta liburuan sartutako gai eta ikuspegi batzuk handik urte batzuetara zabaldu ziren ikerlan historikoan, «Historia Berria» esaten zaionaren bitartez, XX. mendean zehar. Adibidez, ondoren «herri kultura» esan zaionaren garrantzia aipatzen duenean (kasu horretan, panfletoak, koplak eta gisakoak sortzea), Karlos X.aren erregealdi atzerakoia erori zenean.

Izan ere, Fermin Lasala Collado, data hartatik aurrera, ez zen mugatu gertakari historiko zehatzen gainean idaztera. Aitzitik, Historiari berari buruz ere teorizatu zuen inoiz. Horri gagozkionez, adierazgarria da Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademian sartzeko hitzaldia, 1882an. Honatx izenburua: «¿Cuáles son la ley histórica y el principio filosófico a que pueden obedecer las revoluciones?». Diskurtso horren ardatzak, dena den, funtsean tankera teleologikoa dauka, Historiaren eta Teologiaren arteko elkargune bitxia planteatuta. Lasalaren iritziz, izan ere, giza gertakari batzuk, hala nola iraultzak, plan teleologiko baten baitan txertaturik egon daitezke, hau da, plan hori ez da soilik gizakiak egindakoa.

Fermin Lasala Colladok historialari gisa ondutako gainerako obra, berriz, irrika historiko haietatik urrun ibili zen, eta batzuetan bera protagonista izan zen edo, gutxienez, protagonistetako batzuk hurbiletik ezagutu zituen gertaera historikoetan pausatu zuen begirada.

Horixe da hurrengo lanaren kasua, 1884an argitaratua, Una agrupación Bascongada de 1820 a 1850 izenburukoa, bolumenez apala. Izan ere, lanean bertan kontatzen diren gertakarien protagonisten lehen eskuko testigantzetan dago oinarritua. Nagusiki, Euskal Herriko eta Donostiako liberalismoaren funtsezko figurak dira, guztiak ere Fermin Lasala Colladok berak bere gurasoen etxean ezagututakoak, han hainbat alditan bildu baitziren gai politikoak eta bestelakoak aztertzeko.

Una agrupación Bascongada de 1820 a 1850 plazaratu ondoren, historialari lana moteldu zen. Ez da batere harritzekoa, kontuan hartzen badugu urte haietan jo zuela goia negozio-gizon gisa zerabilen jarduerak eta, batez ere, Lasalak Canovasen Berrezarkuntzaren Espainian egindako ibilbide politikoak, administrazio hartako goi-postuak eskuratu baitzituen; adibidez, Sustapen Ministerioan (labur) edota enbaxadore gisako lehen lanpostua Parisen, 1890etik 1892ra.

Lehen enbaxada hartatik itzultzean eta bigarrena hasi arte —hots, 1895etik 1897ra— gertakari historiko eztabaidagarri baten lehen mendeurrena bete zen: Frantziako Konbentzioko tropek Gipuzkoako lurralde gehienak 1794an armaz hartu izana eta probintzia hori Espainiako Koroatik bereizteko saialdia Frantziako Errepublikaren mendeko errepublika bat osatze aldera, iraultzaile gipuzkoar batzuen ekimenez, hala nola Etxabe-Asu Romero getariarraren ekimenez.

Gertakari hain eztabaidagarri haren mendeurrenaren karira, Fermin Lasala Colladok gutun luze bat idazteari heldu zion, Donostiako alkateari bidaltzeko, gertaera historiko horiek Lasalak berak egokitzat jotzen zuen testuinguruan jartze aldera.

Gutun hori, azkenean, taxuzko azterlan historiko bat izan zen eta, hartan, Fermin Lasala Colladok beste behin ere arlo hartan zituen ezagutza historiko sendoak erakutsi zituen. Bai eta garai hartarako metatua zuen erudizio historiko itzela ere.

Lan hori 1895ean argitaratu zen Madrilen La separación de Guipúzcoa y la Paz de Basilea izenburuarekin. Lanari, dena den, lerratze politiko argia dario, Frantziako ideia iraultzaileak euskal gizartera lehen aldiz nola iritsi ziren deskribatzen duten gertakarien interpretazioan. Lanean, izan ere, Lasala gehiago mintzo da Canovasen kontserbadurismoari atxikitako politikari gisa historialari gisa baino. Izan ere, gertakari historiko haiek deskribatu eta azaltzeko tesiaren ardatza da —ebidentzia historiko askoren kontra— ideia iraultzaileak nekez sartuko zirela garai hartako euskaldunen artean, euskaldunak katoliko irmoak zirelako. Fermin Lasala Colladoren iritziz, horrek apeta iraultzaile oro baztertzen zuen inolako zalantzarik gabe, salbuespenak salbuespen. Adibidez, Etxabe-Asu Romero eta gutxi batzuk alde batera utzita.

Tesi horrek ez du funts historiografiko handirik, 1794az geroztiko euskal esperientzia politikoak erakutsi bezala. Lasala bera izan zen esperientzia horietako baten lekuko bere haur eta gazte garaian, noiz eta frantses erroko liberalismoa Euskal Herrian indarrez sustraitu zenean, bi gerra zibil eraginda eta euskal alderdi liberal sendo bat sortuta, Lasala bera alderdi hartako kide izanda, gainera. Horrek guztiak agerian uzten du zeinen ibilbide laburra duen tesi horrek, babes historiografikorik gabea, inguruabar horiek berak direla eta. Horrek, hala ere, ez du inola ere iluntzen Lasalaren lan horren erudizio historikoa, egun oraindik ere funtsezko erreferentziazko dokumentua baita Euskal Herriari eta Frantziako Iraultzari buruzko lanetarako.

Historialari gisa ondutako azken lana, esku artean darabiltzagun zantzu dokumentalen arabera, Última etapa de la unidad nacional. Los fueros vascongados en 1876 izenburukoa da. XX. mendearen hasieran argitaratu zen eta eduardotar Aroaren hasierako Londres hartan enbaxadore guztiahalduna zelarik hasi omen zen idazten, 1903. urtean.

Una agrupación Bascongada de 1820 a 1850 eta La separación de Guipúzcoa y la Paz de Basilea lanetan eta Vicisitudes de la monarquía constitucional en Francia izenburukoan bezala, bi liburukiz osatutako azken liburu horretan ere, Fermin Lasala Colladok (Mandas y Villanuevako duke bihurtua) bi gauza tartekatu zituen: hots, batetik, bere esperientzia pertsonalak, gertakarien lekuko eta protagonista izan baitzen, armada liberaleko boluntario eta Madrilgo Kongresuko diputatu gisa, eta bestetik, urteen joan-etorrian bildutako datu kopuru izugarria. Datuak oraindik ere bere artxibo pertsonaleko paper-sortatan daude gordeak.

Horrenbestez, obrak euskal Historiari buruzko tratatu izaera dauka —euskal historialari eta politikari batek idatzia— 1876. urteari jarraiki zitzaion foru abolizioari buruz, eta bere burua zuritzeko tonuan dago ondua, Las Casesko kondeak eta Napoleon enperadore uzkailiak elkarrekin idatzitako Santa Elenako memoriala idazlanaren antzera.

Erraz antzematen zaio bere burua errugabetzeko tankera hura erudizio handiko lan horri. Izan ere, Lasalak foru abolizioaren auzia historialari gisa aztertzeaz gain, foru abolizioaren arduradun politiko gisa ere landu zuen.

Auzi hori, izan ere, hari dagokio, batetik, euskal ordezkaria izan zelako gai larri horretaz erabaki behar izan zuen Espainiako Gorteetan, eta, bestetik, Antonio Canovas del Castilloren adiskidea izan zelako. Canovas, gainera, euskal foruak ezabatzeko erabakia hartu behar izan zuen gobernuko presidentea zen une hartan. Horrek egoera gatazkatsua eragin zuen eta, paradoxikoki, karlistak (1873an matxinatutakoak ustez foruen sistema hura gobernu iraultzaile guztien aurka defenditzegatik) eta liberal-foruzale direlakoak batu egin zituen. Euskal liberalak foru-antolamendua mantentzearen aldekoak ziren, Lehen Karlistaldia amaitu zuen Bergarako Besarkadaren ondorioz hitzartu zen bezala. Haietako asko Lasalaren kide izanak ziren Donostia defenditu zuen milizia liberalean, tropa karlistek 1875ean ezarritako setioan. Bada, haietako askok adierazi zuten une hartan borrokan aritu zirela bai sistema liberalaren alde, bai 1840tik aurrera erreformaturiko foru-antolamenduaren alde.

Kexa politiko horiek, jakina, eragina izan zuten bai Fermin Lasala politikariarengan, bai 1876ko garaipen liberalaren ondoko foru ezabaketa eragin zuen bilakaera historikoa —eta gertakari historikoak ere, jada 1903an— zehatz-mehatz deskribatutako Lasala historialariarengan.

Horrela, Última etapa de la unidad nacional lanean, euskaldunek —1876an ezabatutako foru pribilegio haiei esker— Historian zehar arlo militarrean izandako zerbitzu bereizgarriak azaldu zituen edota, baita erregalia ekonomikoak ere, azkenean Canovas del Castillorengandik «Kontzertu Ekonomikoa» delakoa lortzea eragin zutenak, liberal-foruzaleak konpentsatu zituena 1873tik 1876ra egindako ahaleginagatik.

Historialari gisa ondutako azken lan horretan, 1877tik gaur egunera bitarteko euskal Ekonomia, Politika eta Soziologia bera ulertzeko funtsezko gertaera historikoen akta jaso zuen. Ondotik, ez zuen deus idatzi historiaz. Haren gutunek eta beste paper pertsonal batzuek, dena den, erakusten dute Lasala Colladok (Mandas y Villanuevako kondea, jada) artean ere interes handia izan zuela halako une jakin batean Historia bihurtu zitezkeen gertakarietan. Horietako bat, esaterako, egun Lehen Mundu Gerra esaten zaion gertakari hura izan zitekeen. Gerraren hasiera ikusi zuen 1914an. Ez, ordea, bukaera, 1917an zendu baitzen. Hau da, beste gertakari historiko handi baten garaipenetik (Errusiako iraultza boltxebikea) hilabete gutxira. Gertakari hori agerian uzten hasi zen amaitua zela Fermin Lasala Colladok negozio-gizon, politikari, diplomazialari eta historialari gisa arrakastaz bizi izandako garaia.

Última etapa de la unidad nacional hilondoko lan horrek ongi islatzen du nola aldatzen ari ziren inguruabarrak eta, hain zuzen ere, aldaketa horien erdian etorri zitzaion heriotza. Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademia arduratu zen edizioaz, baina ez zuen argitaratzerik izan 1924ra arte, mundu gerrak berarekin ekarri zituen nahasmendu politiko eta, batez ere, ekonomiko guztiek eragindako zailtasunen ondorioz, hura bezalako lan bat editatzeko kostuak garestitu baitziren.

Obrak

Vicisitudes de la monarquía constitucional en Francia, Madrid: Imp. de Fortanet, 1878, 2 libk.

Una agrupación Bascongada de 1820 a 1850, Tolosa: Imp. de Eusebio López, 1884.

Cuales son la ley histórica y el principio filosófico a que pueden obedecer las revoluciones, Madrid: [s.n.], 1884.

La separación de Guipúzcoa y la Paz de Basilea, Madrid: Establecimiento Tip. de Fortanet, 1895.

Última etapa de la unidad nacional. Los fueros vascongados en 1876, Madrid: Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, 1924, 2 libk.

Bibliografia

AROZAMENA AYALA, A., «Lasala y Collado, Fermín», Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Donostia: Auñamendi, 1987, XXIII. libk., 399-400. or.

BENGOECHEA, J., «Don Fermín de Lasala. Duque de Mandas», Euskal-Erria, XXVIII (1918), 23-32. or.

BLASCO OLAETXEA, C., Los liberales fueristas guipuzcoanos, Donostia: CAP. 1982.

RILOVA JERICÓ, C., Vida del duque de Mandas (1832-1917), Donostia: Dr. Camino Institutua – Kutxa Fundazioa, 2008.

URQUIJO GOITIA, M., «Lasala y Collado, Fermín», in AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, J., SERRANO ABAD, S., URQUIJO GOITIA, J. R. eta URQUIJO GOITIA, M., Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 527-532. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP