Karguak eta lanbideak
Idazlea, kazetaria eta historialaria
Ibilbidea
Dirudienez, Baionan jaio zen, 1830eko hamarkadaren erdialdera. Egiaztatuta dago 1869ko apirilaren 28an Etienne Leonard Laborde Baionan ezkondu zela Marie Bernardine Camescasserekin
Lehenik kazetaritzan hasi zen, Courrier de Bayonne egunkarian, eta aldi berean hainbat antzezlan eta poesia argitaratu zituen. Ondoren Benoît-Martin Sourigues Landetako diputatu baionarraren idazkaria izan zen, eta azkenik zerga-biltzailea Nantesen.
Euskal kulturako pertsonaien hainbat biografia interesgarri argitaratu zituen: Manuel Santa Cruz apaiz karlista, Joseph Augustin Chaho saiakeragile, politikari eta hizkuntzalaria, Jean Isidore Harizpe mariskala, Jacques Lafitte bankari eta politikaria eta Arnaut Oihenart historialaria, eta Bernard Dubourdieu itsas gizon gaskoia ere bai.
Baina, zalantzarik gabe, historialari gisa duen interesik handiena haren lan mardul batek eragin zuen, Histoire de Bayonne et du Pays Basque, avec apperçu historique sur la Gascogne (1878) lanak, hain zuzen ere. Obra bukatu gabea da, atalka argitaratu zen, lehen zatia bakarrik, 1657ra artekoa, eta ondoren bildu zen liburuki batean, aurkibiderik eta azalik gabe. Lan horretan haren asmoa ez zen izan datu eruditu berriak aurkeztea, iturriak aztertu ondoren, baizik eta: «nire asmoa beste bat da: gogoeta egitea, sakontzea, aztertzea hainbat egintza eta ezaugarri, sobera ezezagunak, edo erudizioak haien azaletik arinegi irrist eginez pasa dituenak».
Antzinako garai urrunenak aztertzeko, XIII. mendera arte, erreferentzia bibliografikoak bakarrik erabiltzen ditu, ez oso araztuak, beste alde batetik, baina hortik goiti, XVII. mendera arte, artxiboetan bilatzen du iturria, batez ere Baionako Udal Artxiboetan, Paueko Departamentuko artxiboetan eta, batzuetan, beste hainbatetan, esaterako, Baionako monja urtsulatarren konbentuko artxiboan; horien osagarri, bibliografia seguruago bat erabiltzen du. Esaterako, beste egile anitzen artean, aipatzen ditu: Augustin Chaho, Jules Michelet, Wilhem von Humboldt, Menjoulet abadea, Jules Balasque, Edouard Dulaurens, Henri Poydenot, Constant Leber, Barthelemy, Elisee Reclus, Bertrand Compaigne, Felix Morel, Maximien Menjoulet, Henry Leon, Henry Maret, Poeydavant abadea, Cenac Moncaut, Abel Jouan, Jean Joseph Ader, L. T. d’Asfeld, Henri Martin, Francisque-Michel, etab.
Hasieran, jakina, euskaldunen jatorria eta antzinatasuna aztertzen ditu, eta horren ondoren, beste gai hauek: errege-erregina frankoekiko euskaldunek izan zuten harremana; normandiar paganismoa Baionan; kristautze-prozesua eta San Leon; kristautasunaren ezarpena Erdi Aroan: Baionako katedralaren eraikuntza; Baiona Lapurdiko bizkonderriaren aroan; Baionako udal-instituzioak; euskaldunen foruak eta frankiziak; Baiona ingelesen okupazioaren eta administrazioaren garaian; Pès de Puyanne itsas gizona; Pedro Krudela Baionan; Gaston Beltzuntze; Baiona hiri frantziarra; Luis XI.aren bidaia Baionara; matxinada soziala Baionan 1488an; Baiona Karlos VIII.aren mende; legelariak eta ordena erlijiosoak; Aturri ibaiaren antzinako ahoak; Baiona espainiarrek setiatua 1523an; Frantzisko I.a eta Nafarroako erregina; Ignazio Loiolakoa eta jesuitak; Jean Desmoustiers apezpikua; Karlos X.aren armada Bearnon; Baionako protestanteak; Adrien d’Aspremont; juduen ezarpena Baionan; Baionako Ikastetxea eta jansenismoa; Château-Martin konspirazioa; sistema judiziala; Gramont familia; Pedro Mantillaren konplota eta jesuitak Baionan.
Esan bezala, Antzinako garaiko eta goi Erdi Aroko gaiak lantzeko erreferentziak, batzuetan legendarioak dira, historikoak baino gehiago. Kasu paradigmatiko bat da Altabizkarreko Kantuaren bertsio frantsesa («Altabiçaren Cantua» «Le Chant d’Altabiçar») iturri gisa hartzea, izan ere, gauza jakina baita, frantsesez sortutako poema zela, James Mephersonen estiloan Francisque-Eugène Garai de Monglave baionarrak egina 1834an, eta ondoren Louis Duhalde d´Espelette euskarara itzulia, eta jadanik Jean-François Bladek, 1869an, eta Wentworth Websterrek, 1883an, faltsutzat salatua. Labordek, berriz, 1878an, bat egin zuen poema egiaz antzinakotzat jo zuten Hermilio Oloritz, Francisque-Michel, Joseph Augustin Chaho, Jose Manterola eta beste hainbesterekin.
Beste alde batetik, Labordek garrantzia handia eman zien bere lanetan gai erlijiosoei, batez ere jansenismoari, jesuitismoari eta protestantismoari. Haren epaiak ez dira bereziki epelak, horiei dagokienez; esaterako, Jesusen Konpainiari buruz ari zela, arazorik gabe erabili zituen era honetako hitzak: «Gaztelarren fanatismoak, Inkisizioaren aberrian XVI. mendean existitzen zen bezala, hor aurkitzen du bere forma naturala» (241. or.).
Obrak
Odes à un poète solitaire, Baiona: Lespès inp., 1855, 8. or.
Lorenzio ou le peintre de Naples, Baiona: Tip. et Lit. Lespès, 1857, 228. or. (2. arg. Paris: Hachette/BNF, 2018).
Souvenirs de jeunesse suivi de Helene: etudes politiques et littéraires, Baiona: Lamaignère, 1875, 456. or. («Portraits littéraires et politiques. Augustin Chaho», 161-166. or.).
Histoire de Bayonne et du Pays Basque avec aperçu historique sur la Gascogne, Baiona: Ch. Loustau, 1878, 400 or.
«Harispe», Revue des Basses Pyrénèes et des Landes, I (1884), 457-461. or.
Les débuts de Santa Cruz, Paris [s.n.], 1885.
«Un marin gascon. Dubourdieu», Revue des Basses Pyrénèes et des Landes, II (1885), 225-230. or.
«Oihenart», Revue des Basses Pyrénèes et des Landes, II (1885), 268-274. or.
Portraits politiques. Jacques Laffitte, Baiona: Imp. Nouvelle, 1887, 53. or.
Bibliografia
BARBE, F., Essai d’une bibliographie de Bayonne et de ses environs (1530-1920): à l’exclusion des textes basques et des ouvrages traitant spécialement de la langue et de la literature basques: accompagné de quelques extraits, Baiona: Arts Graphiques, 1935, 349. or. On-line arg.: http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DBKVisorBibliotecaWEB/visorDocumentos.do?siguiente (2021eko martxoak 18).





