Karguak eta lanbideak
Erromatar poeta satirikoa
Ibilbidea
Latindar poeta eta satiragilea. Hainbat obra idatzi zituen; besteak beste, 16 satira. K.o. i. mendean jaio zen, eta ii. mendean hil zen, eta erromatar gizarteari buruz utzi digun erretratua nahiko kritikoa da gizarte horren ezaugarri nabarmenenekin, hala nola militarismoarekin. Bere garaiko giroarekin bat etorriz, gizarte-talde aristokratikoen bizimodua adierazi zuen, eta emakumeen eta atzerritarren erretratu estereotipatuak egin zituen. Atzerritarrei, hain zuzen ere, barre egiten die, eta gehienak barbarotzat jotzen ditu. Hala eta guztiz ere, Juvenal oso iturri erabilgarria da jakiteko nolakoa zen Erromako herri-kultura, bai eta giro kultuenen artean hedatutako zenbait ideiaren berri izateko ere.
Satiretako batean (15.93-99), poetak «fames calagurritana» izeneko gertakaria deskribatu zuen; hau da Calagurris (Calahorra, Errioxa) hiriaren setio ospetsua, Sertorioren Gerren amaieran (K.a. 72). Juvenalek ikuspuntu poetiko batetik egin zuen, eta dramatismo handia gehitu zuen testuan, Calagurriseko biztanleek antropofagiari heldu behar izan ziotela kontatzean, bizirik irauteko ahalegin etsi-etsian. Calahorrako setioa aski ezaguna da beste testu historiko batzuen bidez, Florok, Orosiok eta beste batzuek horri buruz idatzi baitzuten, baina gertaera hori giro poetiko batean irudikatzeak helburu hau zuen: erromatar publikoari Hispaniako gerren basakeriaren eta gogortasunaren irudia helaraztea. Erromako herri-kulturak Numantziako setioaren gogortasuna eta krudelkeria gogoan zuen, setio horrek ere antzeko amaiera izan baitzuen; beraz, leku literario komunak ziren. Agian, horregatik nahasi zen Juvenal, Calahorrako gertaera kantabriarren artean kokatzen baitu. Juvenalen kronologia zela eta (K.o. i. mendearen amaiera), idazlearen eta bere publikoaren oroimenean gertuago zeuden kantabriarren eta asturen aurkako gerrak. Gerra horiekin amaitu zen Hispaniaren konkista, eta Augusto enperadorea eta Agripa jenerala aritu ziren haietan. Eta, horregatik, badirudi satiragileak ez zuela inolako arazorik hiriaren setioaren eta kanibalismoaren pasartea erabiltzeko, erromatarrek barbarotasunari buruz zuten irudia Hispaniako gerren gogortasunarekin eta gerra horietako azkenarekin uztartuko lituzkeen egoera batean, azken gerra hori erromatarren gogoan egongo baitzen oraindik.
Baskoien historiaren ikuspegitik, eusko-kantabrismoaren mitoa elikatu zuten kontakizunetako bat da. Mito horretan, xvi. mendetik aurrera, baskoiak eta antzinako kantabriarrak nahastu zituzten, nahita, erromatarrek ez zutela Baskonia inoiz konkistatu argudiatzeko.
Obrak
Juvenal, Satires, Braund, S. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Loeb Classical Library, Cambridge, MA: Harvard University Press, 1902.
Persio Flaco, Aulo / Juvenal, Decio Junio, Sátiras. Balasch, M., eta Dolç, M. (sarrera), Balasch, M. (sarrera eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, Madrid, 1991.
Bibliografia
Andreu, J.; Jordán, A. A.: «Nuevas reflexiones en torno a las fuentes literarias sobre los vascones en la Antigüedad» in Lucentum, 26 (2007), 233.-252. or.
Castillo, P.: «Las fuentes clásicas» in Pavia, E. et al. (koor.): Así era la vida en una ciudad romana: Calagurris Iulia, Calahorra: Amigos de la Historia de Calahorra, 2002, 7.-16. or.
Espinosa, U.: Calagurris Iulia, Logroño: Colegio Oficial de Aparejadores y Arquitectos Técnicos de La Rioja, Ayuntamiento de Calahorra, 1984.
Torregaray, E.: «Vascones en la Antigüedad: entre la historia y el mito» in Boletín Arkeolan, 15 (2007-2008), 59.-72. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Juvenal”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 56-57.





