Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

JUVENAL (Dezimo Junio Juvenal) (Akino, K.o. I. mendearen amaiera – Erroma, K.o. II. mendea).

Karguak eta lanbideak

Erromatar poeta satirikoa

Ibilbidea

Latindar poeta eta satiragilea. Hainbat obra idatzi zituen; besteak beste, 16 satira. K.o. i. mendean jaio zen, eta ii. mendean hil zen, eta erromatar gizarteari buruz utzi digun erretratua nahiko kritikoa da gizarte horren ezaugarri nabarmenenekin, hala nola militarismoarekin. Bere garaiko giroarekin bat etorriz, gizarte-talde aristokratikoen bizimodua adierazi zuen, eta emakumeen eta atzerritarren erretratu estereotipatuak egin zituen. Atzerritarrei, hain zuzen ere, barre egiten die, eta gehienak barbarotzat jotzen ditu. Hala eta guztiz ere, Juvenal oso iturri erabilgarria da jakiteko nolakoa zen Erromako herri-kultura, bai eta giro kultuenen artean hedatutako zenbait ideiaren berri izateko ere.

Satiretako batean (15.93-99), poetak «fames calagurritana» izeneko gertakaria deskribatu zuen; hau da Calagurris (Calahorra, Errioxa) hiriaren setio ospetsua, Sertorioren Gerren amaieran (K.a. 72). Juvenalek ikuspuntu poetiko batetik egin zuen, eta dramatismo handia gehitu zuen testuan, Calagurriseko biztanleek antropofagiari heldu behar izan ziotela kontatzean, bizirik irauteko ahalegin etsi-etsian. Calahorrako setioa aski ezaguna da beste testu historiko batzuen bidez, Florok, Orosiok eta beste batzuek horri buruz idatzi baitzuten, baina gertaera hori giro poetiko batean irudikatzeak helburu hau zuen: erromatar publikoari Hispaniako gerren basakeriaren eta gogortasunaren irudia helaraztea. Erromako herri-kulturak Numantziako setioaren gogortasuna eta krudelkeria gogoan zuen, setio horrek ere antzeko amaiera izan baitzuen; beraz, leku literario komunak ziren. Agian, horregatik nahasi zen Juvenal, Calahorrako gertaera kantabriarren artean kokatzen baitu. Juvenalen kronologia zela eta (K.o. i. mendearen amaiera), idazlearen eta bere publikoaren oroimenean gertuago zeuden kantabriarren eta asturen aurkako gerrak. Gerra horiekin amaitu zen Hispaniaren konkista, eta Augusto enperadorea eta Agripa jenerala aritu ziren haietan. Eta, horregatik, badirudi satiragileak ez zuela inolako arazorik hiriaren setioaren eta kanibalismoaren pasartea erabiltzeko, erromatarrek barbarotasunari buruz zuten irudia Hispaniako gerren gogortasunarekin eta gerra horietako azkenarekin uztartuko lituzkeen egoera batean, azken gerra hori erromatarren gogoan egongo baitzen oraindik.

Baskoien historiaren ikuspegitik, eusko-kantabrismoaren mitoa elikatu zuten kontakizunetako bat da. Mito horretan, xvi. mendetik aurrera, baskoiak eta antzinako kantabriarrak nahastu zituzten, nahita, erromatarrek ez zutela Baskonia inoiz konkistatu argudiatzeko.

Obrak

Juvenal, Satires, Braund, S. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Loeb Classical Library, Cambridge, MA: Harvard University Press, 1902.

Persio Flaco, Aulo / Juvenal, Decio Junio, Sátiras. Balasch, M., eta Dolç, M. (sarrera), Balasch,  M. (sarrera eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, Madrid, 1991.

Bibliografia

Andreu, J.; Jordán, A. A.: «Nuevas reflexiones en torno a las fuentes literarias sobre los vascones en la Antigüedad» in Lucentum, 26 (2007), 233.-252. or.

Castillo, P.: «Las fuentes clásicas» in Pavia, E. et al. (koor.): Así era la vida en una ciudad romana: Calagurris Iulia, Calahorra: Amigos de la Historia de Calahorra, 2002, 7.-16. or.

Espinosa, U.: Calagurris Iulia, Logroño: Colegio Oficial de Aparejadores y Arquitectos Técnicos de La Rioja, Ayuntamiento de Calahorra, 1984.

Torregaray, E.: «Vascones en la Antigüedad: entre la historia y el mito» in Boletín Arkeolan, 15 (2007-2008), 59.-72. or.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Juvenal”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 56-57.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP