Karguak eta lanbideak
Solasaldi politiko-konstituzional baten egile absolutista
Ibilbidea
«Don Justo Camino» ezizena darabilen egilearen Diálogo político-constitucional izeneko lana onenetakoa da lehenengo konstituzionalismo espainiarrean eman ziren solasaldi politiko-konstituzionalen literatura-generoan. Haren fikziozko inprimategi-oinaren arabera, «Cascante Hiribilduan argitaratu zen, 1813ko martxoaren 19an» «Patriotismoaren inprimategian». Ez dakigu egilea nor izan zen. Ezizenak adierazten du solasaldiak erakusten duen «bide zuzena edo egokia». Izan daiteke gaztelarra, testuan jasotzen diren aipamen historikoak eta legezkoak erresuma horri dagozkiolako, eta inoiz ez Nafarroakoak, salbu eta une bateko foru nafar-aragoiarren aipamen orokor bat. Egilearen jatorri gaztelarra are argiago sumatzen da testua aztertuta agertzen diren hainbat alderdiri erreparatuta, esaterako, Cascante hiribildu bihurtzen baitu, hiriaren kategoria duelarik, eta akats hori ez zukeen eginen egile nafar batek.
Testuak Cadizko Gorteek eta Konstituzioak egindako erreforma liberalei aurre egiteko sortutako tradizionalismoak erabili zuen doktrina islatzen du, eta garai hartako pentsamendu absolutista eta katolikoa jasotzen ditu. Monarkia absolutua, Inkisizioa eta ordena tradizionala defendatzen ditu, eta ez ditu begi onez ikusten, besteak beste, erregearen subiranotasuna mugatzea, ordezkaritzazko gobernua, konstituzio liberala edo Inkisizioaren abolizioa. Testuak erakusten duen absolutismo monarkikoaren defentsa amorratuak aurrez aurre egiten du talka nafar instituzioen doktrina eta praktikekin, eta ez ditu inoiz aintzat hartzen.
Lana osatzen dute zortzi solasaldik, gaiak josten direla solasaldien jarraitasun ideologiko baten inguruan. Solasaldi bakoitzak doktrinen alderdi zehatz bat jasotzen du, eta bereziki azpimarragarriak dira Placido Giba protagonista dutenak. Katekesi moduko solasaldiak dira, alegia, Ciceronen tradizioan oinarrituak, pertsonaia bat maisua dela, kasu honetan Placido Giba, eta hari ezaugarri dialektiko desberdinetako galderak egiten dizkiotela hainbat ikaslek, gai eztabaidagarrien inguruan, Gibaren erantzuna jasoz hitzaldi pedagogiko lu- zeen bidez.
Obrak
Diálogo político-constitucional entre D. Plácido «Giba», D. Tirso «Repesa», Don Esteban «Palenque», corregidor, y Dª «Deogracias» su muger, Villa de Cascante: en la Imprenta del Patriotismo, 1813ko martxoaren 19a.
Bibliografia
JIMENO ARANGUREN, R., «El Diálogo político-constitucional de Justo Camino (1813) y otros diálogos del primer constitucionalismo español», Revista Española de la Función Consultiva, 19 (2013), 279-299. orr.





