Karguak eta lanbideak
Filologoa, historialaria, arkeologoa eta epigrafista
Ibilbidea
Louis Camille Jullian Marseillan jaio zen, Nîmesko familia protestante batean. École Normale Supérieurera joan ondoren, Erromako Arkeologia Eskola Frantsesean ikasten jarraitu zuen, eta T. Mommsen filologo eta historialari alemaniarrak zuzendutako hainbat ikastarotan parte hartu zuen Berlinen. 1884an doktoretza lortu ondoren, irakasle aritu zen Bordeleko Letren Fakultatean. Harrezkero, hainbat aldiz joan zen Ziburura, Euskal Herriari lotutako hainbat gairi buruz interesatuta. 1899an, Georges Radetekin batera, bere gain hartu zuen Annales des Universités du Midi-ren atal baten zuzendaritza, eta Revue des Études Anciennes entzutetsu bihurtu zuen. 1905ean, Frantziako Ikastetxera aldatu zen, eta hiru urte geroago Inskripzioen Akademian sartu zen. 1924an Frantziako Akademiako kide izendatu zuten. Erromatarren garaiko Bordeleko hainbat aztarnategitan eta Frantziako beste herri batzuetan egin indusketa arkeologikoetan parte hartu zuen. Parisen hil zen 1933ko abenduaren 12an.
Jullian doktorearen argitalpen ugariak (ehun eta erdi baino gehiago) bizitzaren joanean egin zuen ikerketa-lan handiaren lekuko dira, eta hainbat diziplina jorratu zituen, hala nola historia, hagiografia, arkeologia, apigrafia, paleografia, etnografia, filologia, geografia, kartografia, topografia, toponimia, hirigintza edo astrologia. Haren lanen artean, nabarmentzekoa da Histoire de la Gaule erraldoia, zortzi liburuki zabalez osatua, hura ontzen bi hamarkada iraun ondoren. Azken bi liburukiek 1926ra arte ez zuten argirik ikusi. Hala ere, 1908an, Camille Jullianek Gobert Sari Handia lortu zuen bildumaren lehen aleengatik. Frantziako Akademiak 1834tik urtero ematen die sari hori Frantziako historiaren edozein alderdi jorratzen duten ikerketa-lan garrantzitsuenei. Bigarren aldia zen Marseillako ikertzaileak sari hori jaso zuela, 1902an sari berdina eman baitzioten Vercingétorix lanagatik. Histoire de la Gaule liburuaren lehen liburukiko zazpigarren kapituluan, Jullianek euskaldunen jatorriari buruzko eztabaida historiografiko eta filologikoa landu zuen, euskararen lurraldeari (eskuara deitzen dio) eta bertako biztanleen bizimoduari buruzko zenbait ezagutza zituela erakutsiz. Halaber, La tombe basque. Recueil d’inscriptions funéraires et domestiques du Pays Basque français lanaren aitzinsolasa idatzi zuen, Louis Colas autoreak (Paris, 1923) idatzia, eta Euskal Herriaren historiaren hainbat alderdiri lotutako lan txiki batzuk argitaratu zituen, hala nola Questions historiques. Les Basques (Paris, 1893), eta aldizkari akademikoetan jasotako beste artikulu asko, Euskal Herriari buruzkoak nabarmenen.
1955ean, Bordeleko Mondenard lizeoa, jatorriz Barada deitua, Camille-Jullian berrizendatu zuten, ikertzaile eruditu horren omenez. Izen hori hainbat hiri eta herritako hiri-nomenklaturan ageri da, hala nola Bordelekoan, Parisekoan eta Ziburukoan. 1994an, Giza Zientzien Etxe Mediterraneoarekin (MMSH) harremandua, Camille Jullian Zentroa sortu zen Aix-en-Provencen. Laborategi hori CNRSri eta Provenzako Unibertsitateari atxikirik dago, eta ikerketa arkeologikoak eta historikoak egiten dira bertan. Ikerketa horietan, Frantziako hego-ekialde, Mediterraneo mendebalde eta Afrikako iparraldeko Antzinaroari buruzko azterlanak egiten dira.
Obrak
Questions historiques. Les Basques, Paris: Libª. Hachette et Cie, 1893.
«L’inscription d’Hasparren (Planche II)», Revue des Études Anciennes, 4, 1 (1902), 46. or.
«L’origine de Bayonne», Revue des Études Anciennes, 7, 2 (1905), 147-154. or.
«Oyarzun», Bulletin Hispanique, 7, 3 (1905), 221-234. or.
Histoire de la Gaule. I. Les invasions gauloises et la colonisation grecque, Paris: Libª. Hachette et Cie, 1908.
«Épopée et folk-lore dans La Chanson de Roland», Revue des Études Anciennes, 18, 1 (1916), 31-51. or.
«Création à Bayonne d’un Musée Basque», Comptes rendus des séances de l’Académie des inscriptions et Belles-Lettres, 66, 5 (1922), 324-325. or.
«L’antiquité du siège episcopal de Bayonne», Gure Herria, 2, 5 (1922), 241-249. or.
COLAS, L.-ren prefazioa, La tombe basque. Recueil d’inscriptions funéraires et domestiques du Pays Basque français, Bayona: Foltzer Editeur, 1924.
«Calagurris», Revue des Études Anciennes, 27, 4 (1925), 307-311. or.
DARANATZ, J.-P., «Lettres de Camille Jullian sur l’antiquité du siège épiscopal de Bayonne», BSSLAB, 28 (1938), 74-81. or.





