Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

GASCUE MURGA [GASKUE MURGA], Francisco (Donostia, 1848ko urriak 4 – Donostia, 1920ko martxoak 11).

Karguak eta lanbideak

GMeatze ingeniaria, politikaria eta musika kritikaria

Ibilbidea

Angel Maria Gascue Miguelperizena eta Melchora Murga Diegoren semea, Donostiako merkataritza eta politika munduarekin loturak zituen familia bateko kide izan zen. Profesionalki, meatze ingeniaritzan nabarmendu zen, baina ikusgarritasun publiko aipagarria lortu zuen XX. mende hasieran bai politika alorrean, Aldundiko diputatu izendatu zutenean, zein eremu artistikoan, musika kritikari entzutetsu eta euskal operaren ideologo nagusi izan baitzen.

Madrileko Meatze Ingeniaritzako Eskolan ikasi zuen eta 1871an graduatu zen. 1872 eta 1873 artean Almadenen egonaldi laburra egin zuen, bertako Meatze Ingeniaritzako Eskolako zuzendari izan zen bitartean. 1882etik aurrera Asturiasko Langreo eta Mieres herrietako ikatz eta merkurio meatzeetan egin zuen lan, Duro y Compañía eta El Porvenir enpresetan, hurrenez hurren. Asturiasen eginiko egonaldian zehar, Mieresko meatze eskolan irakasle lanetan ibili zen eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko hainbat neurri bultzatu zituen. Revista Minera eta Revista de Asturias aldizkarietan meatzetako langileen higiene sozial eta pribaturen mesedetan proposatutako erreformen inguruko xehetasunak argitaratu zituen. 1889an Gipuzkoara itzuli bazen ere, Real Compañía Asturiana de Minas-eko zuzendaritza lortu zuen, enpresak Errenterian zuen egoitzan.

XX. mende hasieran, bereziki 1906ko Kontzertu Ekonomikoa berritzeko testuinguruan, Gipuzkoako errepublikazaleen buruzagi gisa nabarmendu zen. Alderdiaren sektore euskaltzale edo erregionalistarekin bat egin zuen eta euskal kulturgile ugarik estimuan izan zuten Gascue, nahiz eta Euskal Probintziak beti Espainiaren baitakotzat hartu. Aldundiko diputatu izan zen bitartean (1904-1906), Liga Foral Autonomista alderdi koalizioaren bultzatzaile nagusienetako bat izan zen, Kataluniako Solidaritat Catalana (1906-1909) eredu hartuta, probintziaren eta Estatuaren arteko itun autonomikoa defendatu eta eguneratzeko asmoarekin sortutakoa. Era berean, Ligaren helburuak zabaltzeko sortu zen La Región Vasca (1906ko apiril-abendua) egunkariko sustatzaile garrantzitsuena izan zen. Garai bertsukoak dira ere Gascueren ideologia erakusten duten idazlan edo saiakera politikoak. 1904 eta 1909 urte bitartean argitaratu zituen, esaterako, El bizcaitarrismo, Libertad y Fueros, eta El fuerismo histórico y el fuerismo progresivo.

Foruaren interpretazio laiko, demokratiko eta progresista batetik abiatuz («foruzale ezkertiar» bezala hartzen zuen bere burua), euskal Foruek askatasun zibil eta politikoak bermatzen zituztela pentsatzen zuen. Euskaldunen izaera kolektiboarekin eta historikoarekin bat egin zutela ulertzen zuen eta gobernu tresna eraginkorrak eta emantzipatzaileak zirela defendatu zuen maiz. Sistema forala babestu beharreko ondarea zela uste zuen, betiere garai berrietako testuinguru sozial, ekonomiko eta politikora egokituta. Hala, nahiz eta 1876ko egoerara itzultzea positibotzat jo, praktikan jarrera pragmatiko eta posibilista bat erakutsi zuen, indarrean zegoen autonomia sistematik abiatuta eskumenak indartu eta hedatzeko aukera ikusten baitzuen. Hala, Sabino Arana eta bere jarraitzaileen ikuspegi intrantsigente eta elizkoiaren kontra egin zuen sarritan. Era berean, Berrezarkuntzako politika sistema ere bere kritiken jomugan eduki zuen.

1898ko Hondamendiaren harira ugaritu zen korronte erregenerazionistatik oso hurbil, Madrileko politikarien zentralismoa eta ustelkeria salatu zituen. Gainera, euskal gizartea kaltetu zezaketen ohitura eta jarrera exotikoen ugaltzearen berri eman zuen, flamenquismo kontzeptuaren baitan sartzen zituenak.

Politikaz gain, bizitzako azken urteetan ikerketa musikalean murgilduta ibili zen, baita euskal operaren sustapenean ere. Euskal mundu musikaleko pertsonaia esanguratsuenetako bat izan zen eta harreman estua izan zuen mende hasierako hainbat kulturgilerekin, horien artean, Arturo Campion idazle eta historialaria (La Bella Easo nobelaren hitzaurrea idatzi zion Gascuek), Ignacio de Zubialde (Juan Carlos Gortazar y Manso de Velascoren goitizena) eta Jose Maria Agesta Lushe Mendi musika kritikariak eta Jose Maria Usandizaga konpositorea. 1906tik, La ópera vascongada eta Música popular vascongada idatzi zituenetik, 1920an hil zen arte, Materiales para el estudio del folk-lore músico vasco (Campionen sarrera batekin) azaldu zen urtea, musikologian jardun zuen buru-belarri. Gai askotariko hitzaldiak emateaz aparte, artikulu ugari plazaratu zituen Euskal-Erria eta Euskalerriaren Alde bezalako aldizkari euskaltzaleetan, baita musika alorrean erreferente ziren Revista Musical (Ignacio de Zubialde lagunak Bilbon sortutakoa) edota Madrilgo Revista Musical Hispano-Americana aldizkarietan ere. Garaiko errealitate musikalaren ezagutza zabala zuen (Felipe Pedrell konpositorearekin harremana izan zuen) eta, bereziki, nazionalismo musikalen bilakaerarena. Bayreutheko Jaialdira sarritan joan izan zen (Campionekin batera), Richard Wagner konpositorearen miresle handia izan baitzen. Orobat, alemaniarraren Gesamtkunstwerk paradigma euskal opera sortzeko eredu ideala zela pentsatzen zuen.

Nazionalismo eta erregionalismoek indar handia zuten testuinguru historiko batean, ezbaian jarri zituen hainbat uste eta ideia. Hasteko, espainiar operarik egon ez zegoela defendatu zuen. Nazionalismo musikalaren logikan oinarrituta, ezinezkotzat jo zuen Espainiako musika erregional guztiak egoki fusionatuko zituen modelo estetiko (beraren hitzetan: «adierazpen fonetiko-artistiko») ordezkagarri bat. Era berean, espainiar musika soilik andaluziar musikarekin identifikatzeko joeraren aurka egin zuen, gainontzeko musika nazionalak bigarren maila batetan uzten zituelakoan. Halaber, polemika eragin zuten ere zortzikoaren eta euskal musikaren jatorriaren inguruan argitaratutako lanek. Bere obra eta artikuluetan zortzikoaren antzinatasuna zalantzan jarri zuen, modernoa zelakoan, eta ondorioz, euskal musikaren eredu jatorra ez zela, euskaltzaleek uste zutenaren kontra. Gainera, euskal musikaren ustezko izaera isolatuaren aurka egin zuen, jatorri zeltikodun eskualdetako musika folklorikoarekin zituen antzekotasun melodikoak zirela eta. 1920ko martxoan hil zen, 71 urte zituela.

Obrak

Colección de artículos industriales acerca de las minas de carbón de Asturias, Gijón: Imprenta del Comercio, 1888.

El bizcaitarrismo, Donostia: Imprenta y Encuadernación de Francisco Jornet, 1904.

La ópera vascongada, Donostia: Imp. Lib. y Encuadernación de F. Ferreirós, 1906.

Música popular vascongada, Donostia: Establecimiento Tipográfico de Martín, Mena y Cía., 1906.

El concierto económico con el Estado, Donostia: Establecimiento Tipográfico de Martín, Mena y Cía., 1907.

El fuerismo histórico y el fuerismo progresivo, Donostia: Tipografía de La Voz de Guipúzoa, 1909.

Maitena. Ensayo de crítica musical, Donostia: Imprenta y Encuadernación de J. Baroja e Hijos, 1909.

Libertad y Fueros, Donostia: Imprenta y Enc. de La Voz de Guipúzcoa, 1909.

Historia de la sonata: conferencias musicales dadas en el Palacio de Bellas Artes de San Sebastián durante el invierno de 1909 a 1910, Donostia: Establecimiento Tipográfico de Martín, Mena y Cía., 1910.

Ensayo de crítica musical. Mendi-Mendiyan. Mirenchu. Lide ta Ixidor, Donostia: Imprenta y Encuadernación de J. Baroja e Hijos, 1910.

Origen de la música popular vascongada: boceto de estudio, Paris: Honoré Champion, 1913.

El aurresku en Guipúzcoa a fines del siglo XVIII según Iztueta, Donostia: Imprenta de Martín, Mena y Cía., 1916.

Influencia de la música árabe en la música castellana: conferencia dada en el Círculo de Bellas Artes y Ateneo de Bilbao, el XV de Abril de MCMXVI, Bilbo: Garmendia y Compañía, 1917.

Homero y la música: conferencia leída en el Ateneo de San Sebastián, Madrid: Imp. de Tejada y Martín, 1917.

El concierto económico y las haciendas municipales vascas: conferencia dada en el Instituto de 2ª enseñanza de Guipúzcoa, con motivo de la Semana Municipal Vasca, Donostia: Imprenta de la Provincia, 1919.

Materiales para el estudio del folk-lore músico vasco, Donostia: Imprenta de Martín, Mena y Cía., 1920.

Bibliografia

AIZPURU MURUA, M., El Partido Nacionalista Vasco en Guipúzcoa (1893-1923). Orígenes, organización y actuación política, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2000.

BELAUSTEGI, U., Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2014.

CASTELLS, L., Fueros y Conciertos Económicos. La Liga Foral Autonomista de Guipúzcoa (1904-1906), Donostia: L. Haranburu, 1980.

MOREL BOROTRA, N., La ópera vasca, 1884-1937, Bilbo: Ikeder, 2006.

MUÑIZ, J., «Administrar minas, cuerpos y mentes. Los ingenieros del siglo XIX, una fuente fundamental para la historia social de Asturias», Historia, trabajo y sociedad, 2 (2011), 11-32. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP