Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

GAYTAN DE AYALA ARTAZCOZ [GAYTAN DE AIALA ARTAZKOTZ], Antonio, Tola de Gaytango I. pontifize-markesa (Bergara, Gipuzkoa, 1878ko abuztuak 24 – Donostia, 1960ko abenduak 30).

Karguak eta lanbideak

Genealogista eta abokatua 

Ibilbidea

Antonio Gaytan de Ayala Bergarako Errekalde jauregian jaio zen. Aita Iñigo Gaytan de Ayala Jusue (1845-1917) izan zen, Villafranca de Gaytango XI. kondea (1883), filiazio karlistako senataria Gipuzkoan (1891-93). Ama, berriz, Clara de Artazkoz Urdinola andrea (1846-1916), Oñatiko Plaza-Lazarraga jauregikoa. Clararen aita Gipuzkoako aristokrazia tituludunaren familia ospetsuenetako baten oinordekoa zen. Aristokrazia hura, betidanik, leinu kopuru txiki batek osatu ohi zuen, eta, hain zuzen ere, leinu haiek hartua zuten Gipuzkoako piramide sozialaren goialdea, bai beren errentei esker, bai lurralde barnean zein kanpoan zituzten harreman sozial eta pertsonalei esker. Antonio, zehazki, senar-emazteen laugarren semea izan zen.

Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Gero, 25 urte zituela (1903/10/15), Jesusa de Garmendia Larrañagarekin (1882/06/08-1942) ezkondu zen. Emaztearen familiak eginkizun garrantzitsua bete zuen Antonioren bizitzan. Jesusa, izan ere, Martin de Garmendia Laskibar doktorearen (1843-1920) eta haren bigarren emazte Josefa de Larrañagaren (1856-1916) alaba bakarra zen (bizirik zirauen alaba bakarra, alegia). Aita Tolosako familia zahar batekoa zen (familiak, gainera, errentagarritasun handieneko garaian esku hartu zuen bertako papergintzan), bai eta diputatu eta senatari liberala ere. Josefa de Larrañagarekin ezkontzeak ezkonsari oso garrantzitsua ekarri zuen, garai hartako Gipuzkoako gizarte apalaren neurrirako, Josefa Kubako «Por Larrañaga» tabako-konpainiaren oinordekoetako bat izan baitzen, emaztearen aitak, Ignaciok, eta Ambrosio eta Jose Manuel osabek, 1834an ezarria, guztiak ere Azkoitian jaioak. 1876an, larrañagatarrak negozioa likidatu, Gipuzkoara itzuli eta Donostian kokatu ziren oparotasunez. Josefaren lehengusina propio Clara de Larrañaga Candido Gaytan de Ayalarekin ezkondu zen 1897an, hau da, Gaytango XII. kondearekin; Tolako anaia nagusiarekin, alegia.

Garmendia-Larrañaga senar-emazteak Erroman kokatu ziren 1893an, Martin Vatikanoren aurreko Erregu Agente izendatu baitzuten. Bere kidetza politikoak ez zion eragotzi Egoitza Santuari atxikitako gizarte erromatarrean zailtasunik gabe sartzea eta noblezia beltza delakoaren zirkuluetan ibili zen; beraz, aita santuari fidel eta savoiatarren kontra. Alaba Jesusa Sacro Cuore-ko komentuan hezi zen, Altieri, Boncompagni Ludovisi, Borghese edo Caetani familien alabekin batera. Garmendia, Erroman, hainbat prelatu eta kardinalekin adiskidetu eta, ezaguna denez, harreman-sare horri esker, Tola de Gaytango markes pontifize-titulu gutiziatua eman zioten 1906an, bere alabari lotua, eta berez oso garrantzitsua izan zen ezkonsari baten ondasun ukiezinen parte gisa.

XX. mendeko lehen herenean Europa osoan elite aristokratikoaren parte izatearen kanpo-ikurren suspertze nabarmena gertatu zen hartan, eta sarturik zebilen gizarte-inguruneak nabarmen akuilaturik, Tolak ordenarik nazioartekoenaren abitua eskatu eta eskuratu zuen, hots, Jerusalemgo San Joan, Rodas eta Maltako Ordena, 1922ko maiatzaren 5ean onarturik.

Gaytan-Garmendia senar-emazte gazteek egonaldiak egin zituzten Erroman, baina hainbat urtez Bilbon kokatu ziren Jesusaren gurasoen ondoan. Martin jauna 1920an zendurik, Donostiara joan ziren bizitzera. Gero, Elorrioko Urkizu jauregia erosi eta, tarteka, herri hartan bizi izan ziren.

Hura ezagutu zutenen arabera, Antonio Gaytan de Ayala (beti «Tola» esan zioten) izaeraz jakin-nahia eta positiboa izan zen. Bere jatorria eta gizarte maila gorabehera, izaerak bultzaturik bizimolde diskretu eta apala eraman zuen, bere bi lanbide-zereginetara emana: hau da, betiereko enpresen kudeaketara eta genealogiara. Azken horrek, hain zuzen, omen handia eman zion.

Unión Cerrajera de Mondragón (UCEM) erakundearen zuzendaritzan izaniko ardurez gain, Elorrion hainbat ekimen sustatu zituen eta, 1920az geroztik, Araiako (Araba) Ajuria-Urigoitia metalurgia enpresako zuzendari saiatua izan zen (1927tik aurrera, Ajuria S. A.), hots, Euskal Herriko lehen siderurgia-enpresa modernotzat jotzen den hartakoa. Tolak, adibidez, Ajuriaren 1940-1950eko hamarkadako hedapen-politika arrakastatsuan parte hartu zuen.

Beste jarduera batean buru-belarri aritu izanak eman dio Antonio Gaytan de Ayalari ospea etorkizunean, hots, Euskal Herriko nobleen leinuen azterketan jardun izanak, ia bizitza osoa eskaini baitzion zeregin horri. Jakinminak eta lan zientifikoki tatxarik gabea burutu nahiak akuilaturik aritu zen.

Ezagutu zutenek bi ezaugarri nabarmentzen dituzte harengan, Tolaren lan egiteko moldearen erakusgarri. Batetik, buru-belarri aritu zen ikerketan, baina eruditu karrerarik egin nahi izan gabe, argitalpen sortarik plazaratu nahi izan gabe, bileretara joan nahi izan gabe, etab. Izan ere, 1947ra arte, ia 70 urte beterik zituenean, 4 azterlan baizik ez zituen argitaratu: Euskalerriaren Alden (1911), Bergarako Ozaeta oinetxeari buruzko lan aitzindari bat; bi lan 1914an, Revista de Historia y Genealogía española aldizkarian Astobiza eta Barroeta etxeez; eta laugarrena, berriz, 1934an, Revista Internacional de Estudios Vascos entzutetsuan Astigarragako Murgia oinetxeaz (Valde-Espinako markesak). Eta bestetik, ez zuen genealogista askok berez duten snob ezaugarri hori, haien xedea izaten baita beren liburuetan agertzea pertsonaia loriatsuekin ahaideturik. Tolak XIX. mendearen bukaeran bukatu zituen bere ikerlan eta genealogia asko. Ez zuen inolako interesik ondorengo modernoetan, zeren, haren iritziz, hori ez baita historia, beste zerbait baizik.

Bere lanaren emaitzarekin egindako artxiboaren zati garrantzitsu bat Elorrion gordea dago. Bilduma tematikoa osatzen du, eta datu bilketa eta zuzenketa-lan etengabearen elkarren segidako faseen sekuentziaren arabera dago antolatua.

Familia berezi bakoitzaren historia genealogikoa kontatzeko testuak idatzi zituen. Testuek hainbat bertsio dituzte, eta kasuan kasuko bertsioari erantsitako zuzenketek hurrengoaren behin betiko testua osatzen dute. Guztiak ere elkarren segidako lau bilduma edo bertsiotan daude antolatuak. Behin betikoa mekanografiatua dago, hasieran oinetxearen argazki bat ohi duela, edo, hala bada, maiorazko-buruaren jauregiarena. 286 genealogia-lan monografiko dira. 1946-1947an, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide ziren lagunek eta adituek bultzaturik, lan horietako batzuk erregulartasunez hasi zen argitaratzen elkarte horretako Buletinean; lehena, Zarauzko izen bereko familiaren oinetxeari eskainia. 1950etik 1964ra, hiru familia bizkaitar eta Bergarako hamar leinu argitaratu zituen, bere familiaren ahaideak. Horiei Azkoitiko zubiaurretarrei eskainitakoa erantsi behar da elkarteak Julio Urkixori egindako omenaldian (1950).

Euskal Herriko milatik gora familiaren edo leinuren zuhaitz genealogikoak osatu zituen («eraiki zituen», hobeki esanda) folio bikoitzean; gipuzkoarrak eta bizkaitarrak, batez ere.

«Zuhaitz genealogikoaren» formak aukera ematen du, batetik, testurik ez sartzeko eta, bestetik, etengabe eguneratu ahal izateko, forma moldagarria baita. Bilduma hori, halaber, elkarren segidako hiru bertsiotan antolatu zen. Testuen antolaerak iradokitzen digu Tolak Euskal Herriko elitearen noblezia-liburu oso bat ontzeko asmoa izan zuela.

Azterlan horiez landara, Tolak bere familiari buruzko genealogia-historia xehatua osatu zuen hil baino lehentxeago. Testua «memorial» forman egina dago, hots, Luis de Salazar Castrok edo Antonio Ramosek XVIII. mendean ondutakoen antzera. Interes berezia pausatu zuen Gaytan-Caetanita familiaren Gaetako Dukerri italiarreko Goi Erdi Aroko jatorri eztabaidagarrian, eta, horretarako, Gelasio Caetani (1877-1934) printzeari eskatu zion laguntza, ahaidetzat jotzen baitzuen, eta gainera, hura ere historialari eta genealogista ospetsua izan zen. XVIII. mendearen bukaerako belaunaldietatik aurrera, emakumearen bidezko ondorengo guztiak txertatu zituen; horrenbestez, hura interes handiko noblezia-liburu bitxi eta paregabea da, kontuan harturik familiak bere alaba beti ugariak Euskal Herriko etxe nobleetan ezkontzeko izan zuen tradizio sendo eta etengabea (Orbe, Murua, Olazabal, Palacios, Ibarra, etab.).

Zer-nolako balioa du Tolaren lanak? 2021ean, hau da, Tolak esku artean erabilitako informazioaren parte oso garrantzitsu bat hainbat webgunetan eskura jarria dagoen honetan (Eusko Jaurlaritzako «Dokuklik» eta Kultura Ministerioko «Pares»), haren lanen balioak ez dira elite baten eskura dagoen originaltasun edo kuriositate bat, (duela 50-70 urte gertatzen zen bezala). Tolaren obraren balioak bestelakoak dira.

Lehenik eta behin, Tola Euskal Herriko genealogia zientifikoko azterlanen erreferenteetako bat da. XX. mendeko lehen erdialdean ikerketa zer-nola egin beharra zegoen kontuan harturik, bere gain hartutako erronka hura pentsaezina zen Tolaren talentuz eta grinaz jantzita ez zegoen edonorentzat, ezta, jakina, hartan aritzeko bitarteko materialak eskura ez zituenarentzat ere. Eta emaitza ahaleginaren parean dago. Tolaren lan argitaragabea Euskal Herrian inoiz ondutako genealogia-libururik osatuena baita.

Bigarrenik, Tolaren lanek, bakarren batzuek izan ezik, metodologia-parametrorik zorrotzenak errespetatzen dituzte: genealogiak, izan ere, artxibo publikoetan nahiz pribatuetan burutako ikerlanaren emaitza dira. Zenbaitetan, gerora desagertu diren artxiboetan egindakoak; beraz, balio edo interes berezia dute.

Eta, hirugarrenik eta azkenik, Tolaren ahalegina estamentuarekiko konpromiso gisako bat bezala irakurri behar da, nik uste, eta horrek duen lekukotza-balioak erabateko indarra ematen dio gaur egun. Elitearen lana elitearentzat? Zalantzarik gabe, ñabardurak ñabardura. Elite guztiek izan dute arriskuan egotearen sentimendua historian zehar. Beren elite-estatutuari eutsi ezinaren arriskua; «parvenus» direlakoen erasoen eta gaitz esateen arriskua, aberats berriek osatzen duten espezie hain ikaragarriaren arriskua, iraungipen biologiko hutsaren gaineko arriskua. Egia da mendez mende maiorazkoaren formularen bidez babestu direla, hain nahasmendu handiaren erdian nola-halako etorkizuna bermatzeko; baina beren nagusitasunari, antzinatasunari eta, bide batez, beren elitetasunari, loturiko eskubide preskribaezinen inguruko diskurtso teoriko eta historiko bat lantzea izan da beren nortasunari eusteko eta beren estatusean modu erosoan gotortzeko bideetako bat. Tolak erronka bere gain hartu zuen, baina, dela apaltasunagatik, dela perfekzionista izateagatik, argitaratu gabe gelditu da. Oso interesgarria da aipatzea, lan hori ontzean, nolabaiteko ikuspegi originala txertatu zuela: izan ere, berdintasunez bildu zituen bai Erdi Aroko leinu zaharrak, hau da, «ahaide nagusi» mitikoak (Murgia, Olaso, Lazkano edo bere familiako arriarandarrak), bai XIX. mendearen hasieratik sortutako leinuak, haietako asko jatorri eta izaera xumekoak. Izan ere, Tolarengan bizirik al da noble baskongadoen koiné baten iruditeria? Zaila da jakitea, baina itxura guztien arabera, ezin dio ihes egin erromantizismotik hain modan dagoen nobleen «igualitarismo» gisako horri. Haren familiak berak praktikatzen du gizarte harremanen ikuskera zertxobait arin hori eta, nahiz eta zehatz-mehatz elitearen ezkontza-praktikei jarraitzen dien —eta, gainera, etsenplu eta eredu izatearen kontzientziaz jarraitu ere, bai eta estamentuaren sendotasuna eta identitatea bere gain hartzearen kontzientziaz ere—, ez du herabetasunik ezkontzak ere egiteko gorabidean diren familia eta taldeetan.

Obrak

«Genealogía de los poseedores de la Casa Solar y palacio de Ozaeta en la Villa de Vergara», Euskalerriaren Alde, I (1911), 663, 736 eta 749. or.

«Unos versos curiosos. La cueva de Mondragón», Euskalerriaren Alde, III (1913), 785. or.

«Linajes vizcainos. Genealogía de los poseedores de la Torre de Barroeta sita en Jemein, merindad de Marquina», Revista de Historia y Genealogía Española, III (1914), 411-435. or.

«Linajes alaveses. La casa de Astobiza», Revista de Historia y Genealogía Española, III (1914), 110-118. or.

Parientes mayores de Guipúzcoa: señores del palacio casa-fuerte de Murguía en Astigarraga, Donostia: Diputación de Guipúzcoa, 1934, 27. or. [halaber in: RIEV, 25. libk., 3 (1934)]

«Parientes mayores de Guipúzcoa: señores de la casa solar y palacio de Zarauz, en Zarauz», BRSBAP, II (1946), 407-421. or.

«Parientes mayores de Guipúzcoa: señores de la casa solar y palacio de Zarauz, en Zarauz: conclusión», BRSBAP, III (1947), 45-65. or.

«Linajes vizcainos. Los Ortés de Velasco (Marqueses de la Alameda)», BRSBAP, VI (1950), 309-321. or.

«Linajes vizcaínos. Marzana», BRSBAP, VI (1950), 55-68. or.

«Los Zubiaurre de Azcoitia», Homenaje a D. Julio de Urquijo e Ybarra: estudios relativos al País Vasco, Donostia: Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 1951, III. libk., 23-39. or.

«Linajes vergareses. Los Recalde. Casa-torre de los Condes de Villafranca de Gaytan», BRSBAP, XIII (1957), 394-414. or.

«Los Loyola de Vergara», BRSBAP, XIII (1957), 137-152. or.

«Los Moyua de Vergara (Marqueses de Rocaverde)», BRSBAP, XIV (1958), 117-133. or.

«Linajes vergareses. Los Izaguirre», BRSBAP, XV (1959), 383-402. or.

«Linajes vergareses. Los Zavala», BRSBAP, XV (1959), 31-44. or.

«Linajes vergareses. Los Ondarza», BRSBAP, XV (1959), 119-142. or.

«Linajes vergareses. Los Murua (Condes del Valle)», BRSBAP, XVI (1960), 431-452. or.

«Linajes vergareses. Los Unceta. Parientes mayores de Guipúzcoa por Jaolaza», BRSBAP, XVI (1960), 309-328. or.

Bibliografia

BILBAO, J., Eusko Bibliographia, 2. libk., Bilbo, 1976, sub voce «Gaytán de Ayala Artazcoz, Antonio».

CARCEL ORTÍ, V., «Un siglo de relaciones diplomáticas entre España y la Santa Sede (1834-1932)», Anales de Historia Contemporánea, 25 (2009), 313-331. or.

DOUGLASS, W. (koord.), Vascos en Cuba. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2015.

LUXAN MELÉNDEZ, S. eta FIGUEIROA-REGO, J. (zuz.), El tabaco y la esclavitud en la rearticulación imperial ibérica (s. XV–XX), Evora: Publicaçoes do Cidehus, 2018.

OJEDA SAN MIGUEL, R., «La comercialización de maquinaria agrícola en España durante la primera mitad del siglo XX: el ejemplo de Ajuria», Historia agraria, 26 (2002), 105-137. or.

URQUIJO GOITIA, M., «Garmendia Lasquibar, Martín», in ZENBAITEN ARTEAN, Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 435-436. or.; idem in Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1876-1937), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 2006.

— «Martín de Garmendia y Lasquibar», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/84788/martin-garmendia-lasquibar (2021eko otsailak 8).

ITURRIAK

TOLAKO MARKESAREN ARTXIBOA (Elorrio). 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP