Karguak eta lanbideak
Historialaria, genealogista, folklorista
Ibilbidea
cArrasaten finkatutako Ahaide Nagusien leinu oñatiar baten alboko familia batean jaio zen. Juan Lopez de Lazarragaren eta Pedro Saez Puerto Hernaniren arabera, Oñati zatituta zegoen aurrez aurre zeuden bi bandotan: «cervunos» eta «aguillos» deitzen zituzten. Bigarren alderdi honen buruzagia Garibai zen, eta familiaren dorretxeari ere Arranoa esaten zioten. Familiaren armarrian bi animaliak ageri ziren, arranoa mokoka oreinaren bizkarrean, eta gatazka horiek baketu zirenean, armarria hiribilduaren armarria bihurtu zen.
Garibairen aita, Esteban Zamalloa Garibai, Italiako gerretan ibili izan zen eta Katalina Sagardiarekin ezkondu zen. Biak ala biak jaiera handikoak ziren, eta ama ahozko transmisioko ondare oparo baten jabe zen, tartean legenda ugari, errefrauak, bertsoak, eresiak… Horiek guztiak semeari transmititu zizkion, eta horrekin batera, iraganeko gertaerei buruzko jakin-mina ere piztu zion. Garibairen izaeraren xehetasun erakusgarri bat izan daiteke Garibai abizena hobetsi zuela, bere aitarengandik zegokion Zamalloaren ordez, leinu noble eta ospetsuago baten enborrekoa zela erakustearren.
Garibai bera ere oso gizon erlijiosoa izan zen, lehen ordenak jaso zituen 1544an, eta Oñatiko Unibertsitate berrian Zuzenbide zibil eta kanonikoaren ikasketak egiten hasi bazen ere, bertan behera utzi zituen, osaba baten aholkuari jarraituta, haren ustez lege-ikasketak «arimarentzat oso arriskutsuak baitziren». Bere grina katolikoa erakutsi zuen Ofizio Santuaren eginkizunetan, hainbat aldiz esku-hartu baitzuen familiar gisa, 1559tik aurrera. Haren bigarren emaztearen Montoya familiakoek ere harreman handia zuten Inkisizioarekin. Berak ere, kontatzen duenez, egunero aditzen zuen meza. Bestalde, san Ignazioren santifikaziorako eginbideak egin zituen, eta Toledoko Jesusen Lagundiaren Ikastetxea sortzeko laguntza eman zuen, eta beste bat Arrasaten sortu nahi izan zuen, Amerikan ibilitako Juan Araoz Uriartek, oñatiarra bera ere, utzitako ondasunak erabiliz, baina kasu hartan ez zuen helburua lortu. Ez zuen etsi, ordea, eta bere sorterrian komentu bat sortzea lortu zuen, jesuitena ez baina, frantziskotarrena. Azkenik, erlikiekiko interes handia erakutsi zuen, eta eginbideak egin zituen santa Leocadia, san Fermin eta san Vicente Ferrer santuen gorpuzkien lekualdatzea lortzeko.
Esan den bezala, lege-ikasketak Oñatin hasi bazituen ere, eta Gasteizen nahiz La Calzadan ikasketekin aurrera jarraitu bazuen ere, ez dirudi inongo gradu akademikorik lortzera iritsi zenik, eta beraz, historialari ikasketak, ia erabat, bere kabuz egingo zituen.
1556an, Katalina Asurduirekin ezkondu zen eta seme bat izan zuten, erlijiosoa izan zena, lehenik zistertarra eta ondoren frantziskotarra, Frai Prudentzio izena hartuta. Katalina 1572an hil zen, eta handik bi urtera berriz ezkondu zen Garibai, Toledoko Luisa de Montoyarekin, eta «hiri inperialera» joan zen bizitzera. Hark berrogeita bat urte zituen, eta neskak hamabost. Hiru seme-alaba izan zituzten.
Haren izaeraren eta ideologiaren beste alderdi bat da Filipe II.ak ordezkatzen zuen monarkiarekiko fideltasun erabatekoa. Horri eransten badiogu haren jaiera handia, Jesusen Lagundiarekiko joera, eta herejeen kontrako grina, ikusiko dugu Garibai dela Kontrarreformaren irudi bete-betea, eta esentzia hori izango da, funtsean, haren jarduera intelektualaren ardatz nagusia.
Lege- eta historia-ikasketak izanik, eta Foruen aldeko jarrera tinkoari eusten zionez, Gipuzkoako Probintziaren kontseilari aritu zen hainbat aldiz, batez ere ordena foralaren defentsari zegozkion auzietan. Haren esku-hartzerik ospetsuenetakoa 1559koa izan zen, Toledora joan zenean Batzar Nagusien aginduz, jeronimotarren jeneral Frai Juan de Alzolarazen ondoan, eztabaida historiografiko batean parte hartzera, 1200ean Gipuzkoa eta Gaztelako koroaren arteko bat egitea itun bidezkoa izan ote zen eztabaidatzeko. Izan ere, Infantadoko dukearen kontulari Pedro de Alcocerrek liburu batean argitaratu zuen Gipuzkoa Gaztelara inkorporatu zela konkistaren bidez, Alfonso VIII.aren eskutik. Garibaik eta Alzolarazek defendatu zuten gipuzkoarrek berek deitu ziotela Gaztelako erregeari, eta berek proposatu ziotela probintzia erresumari atxikitzea, betiere foruak errespetatzeko bermea emanez gero. Dirudienez, ordezkari gipuzkoarrak garaile atera ziren eztabaidatik.
Gaztelara joan zen bizimodu hobearen bila, baina han eritasun larri batek jo zuen. Susperraldia aprobetxatu zuen historia-gai ugari irakurtzeko, eta horren ondoren, behin betiko bideratu zuen bere jarduera iraganaren azterketa sistematiko eta profesionalera. Haren metodo historiografikoari buruz, azpimarragarria da, garai hartan ohikoa zenaren kontrara, obra argitaratuak, kronikak eta dokumentuen kopiak baztertu zituela informazio-iturrien multzotik, haren ustez, akatsez eta okerrez beteak zeudelako, eta jatorrizko dokumentuetara jotzea hobetsi zuela. Gainera, dokumentazioaren azterketa kritikoa egin zuen, garai hartako historialari gehienek baino zorrotzagoa. Metodo horrek eraman zuen penintsula osoan barna ibiltzera, dokumentazioa gordeta zegoen artxiboak aztertu ahal izateko.
Harrigarria da historialari-eginkizunean hasi eta, lehenengo lana, tokian tokiko gai txikiak hartu beharrean, proiektu handi bati heltzea. Baina Garibairen ustez, hura egin gabe, huts handia zegoen bere garaiko panorama historiografikoan, eta hari ekin zion: Espainiaren historia orokorra idazteari, Tubal iberiar penintsulara iritsi zenetik, ordura arte. Eta Compendio historial izeneko lana izan zen, hain zuzen ere, bere lanetatik inprimatuta ikusi ahal izan zuen bakarretakoa, eta hark eman zion, ospea ez ezik, erregearen mesedea ere (berandu bazen ere), Cronista de Su Magestad izendatu baitzuen, 1592an. Horrenbestez, Garibaik 1576tik eskatzen ari zen postua lortu zuen.
Badirudi Compendioa amaituta zegoela 1566rako, eta une hartan ekin zion Garibaik inprimaketa egiteko bide zailari. Haren kalkuluen arabera, enpresak 3.000ren bat dukat balioko zuen, eta berak ez zuen halako dirutzarik. Laguntza eskatu zien, lehenbizi Gipuzkoako Probintziari, ezezkoa hartu eta, ondoren, zuzen-zuzen Filipe II.a erregeari, eta hark ere erantzun zion «disposiziorik ez zegoela». Aldi berean, 1568. eta 1569. urteetan gauza publikoetan aritu zen Gipuzkoaren zerbitzura, Arrasateko alkate eta mugako irteeren alkate postuetan. 1570ean Compendioa bere kabuz inprimatzea erabaki zuen, eta Anbereserako bidaia neketsu batean enbarkatu zen, han baitzeuden Inperioko inprimatzailerik onenak. Garibairen obra Plantinoren lantegian inprimatu zen, orduan lanbide horretan ari zen profesionalik onenetako baten lantegian. Inprimaketa lan gaitza zen, baina azkar egin zuten, eta handik urtebetera amaituta zegoen. Arazoak, ordea, ordaintzeko garaian iritsi ziren. Garibaik ez zuen lanak balio izan zuen ia 4.000 dukat ordaintzeko modurik, eta mailegu bat eskatu zuen, baina maileguaren ordainketari aurre egin ezin zionez, argitalpenaren parte bat galdu zuen, kartzelan egon zen aldi batez, eta Arrasaten zituen ondasunak bahitu zizkioten, 1578an, nahiz eta ondoren, 1581ean, ondasunen bahiketa bertan behera uztea lortu zuen.
1574tik aurrera, haren bizitzaren bigarren zatia hasi zen, Toledon eta Madrilen artean, bigarren emaztearen ondoan, Monarkiaren interesen eta Filipe II.aren aldekotasun gero eta argiagoa erakusten zuela. Testuinguru horretan, Juan Idiakez kontseilari ahaltsuaren bezeroetakoa izan zen. Urte haietan inprimatu ziren, baita ere, haren beste zenbait lan, gehienbat errege-erreginen genealogien ingurukoak, eta biziarteko pentsioa lortu zuen erregearengandik, bere egoera ekonomiko txarra nolabait ere aldatuz. Gainera, liburuzain, ostatu-emaile eta, azkenik, erregearen kronista ere izan zen.
Garibaik idatzi zituen gauza asko argitaratu gabe egon ziren denbora luzez, eta beste asko oraindik argitaratu gabe daude. Argitaratu gabeko horietatik gehiena Historiaren Akademian gordeta dago, Grandezas de España izenburupean. Denbora asko igaro ondoren, Grandezas horren XI. liburukia argitaratu zen, Los siete libros de la progenie y parentela…izenburupean. Haren seme-alabentzako «Oroitzapenak» moduko lan bat zen, gaurko ikuspegitik haren lan interesgarrienetako bat osatzen duena. Bi zati bereizten dira, bat genealogikoa eta bestea autobiografikoa. Biak ere bere burua laudatzeko eginak dira, baina seguruenik nahi gabe ere, garai hartako gizartearen eta mentalitatearen ikuspegi benetan azpimarragarria eskaintzen digute.
Historialari lauso ageri zaigu. Alde batetik, metodologia modernoa zerabilen, jatorrizko dokumentuen kontsulta zuzenean oinarritua, eta beste aldetik, arkaizismoan erortzen zen, hau da, kontakizunaren oinarrian Tubal eta Bibliaren garaiko argudio genealogiko bat aurkezten zuen. Are gehiago, egitura genealogikoaren itzala haren lan guztiaren gainean hedatzen zen. Familia-katearen osaerak justifikatzen zuen, Garibairen begietara, munduaren ordenamendua, eta beraz, denbora gehiena eman zuen errege-erreginen eta handikien genealogiak osatzen, eta berea eta bi emazteena ere bai. Bigarren emaztearen kasuan, Montoya abizenak zalantza eragin baitzezakeen haren erabateko garbitasun eta jatortasun guztiz iberiarraren gainean, Garibaik ez zuen onik izan, harik eta haren familiaren jatorria Arabako Erriberakoa zela erakutsi zuen arte. Nolanahi ere, metodo genealogikoa funtsezkoa da Garibairen lan historiografikoan. Argi dago Garibaik leku nabarmena duela Tubalen inguruko espekulazioan oinarritzen ziren interpretazio eusko-iberisten eta eusko-kantabristen eremuan. Euskaldunen jatorri kaukasoarra defendatzen zuen, Baskonia antzinako Kantabriarekin identifikatzen zuen, eta beraz, erromatarren konkistaren aurrean independentziari eutsi zion Baskoniarekin lotzen zuen. Halaber, haren ustez, Antzinatean iberiarrek Penintsula osoa okupatzen zuten eta euskaraz hitz egiten zuten (Tubalek ekarritako hizkuntza), eta, ondorioz, jatorrizko espainiar garbiak euskaldunak ziren, eta euskara zen antzinako Espainian hitz egiten zen hizkuntza bakarra.
Euskarak frogatzen zuen, beraz, Garibaik Tubalen inguruan josi zuen argudioa. Ez da harritzekoa, beraz, Garibai bera izatea, euskal tratadisten artean, euskararekiko interesa erakutsi zuen lehenengoetakoa, eta haren lan zabalean agertzea hizkuntzaren inguruko osagaiak. Hasteko, Garibai izan zen lehenengo paremiologo euskalduna, esaera zaharren bilduma zabala eskaini baitzigun. Gainera, batzuetan, euskararen sustraiak Tubalenganaino eramateko, eta beste batzuetan, zenbait toponimo edo goitizenen esanahia argitzeko, euskal apologistek hain gustukoa zuten arlora jo zuen: hizkuntzaren etimologiara, alegia. Haren proposamen etimologikoak eta pertsona nahiz lekuen izenen itzulpenak, batzuetan, oso dira aldrebesak, beste batzuetan, ez hainbesterainokoak, eta beste hainbestetan, guztiz egokiak. Bestalde, haren kontakizun historikoan, batez ere Euskal Herriaren historia hurbilenari dagokionean, ahozko transmisioko lekukotasunak jaso zituen bere testuetan, eta eduki historikoari dagokionez interes eskas samarrekoak badira ere, hizkuntzaren historiaren aldetik ekarpen bikainak dira: kantutegi zaharrak, batez ere «endechas de mugeres», alegia, emakume bertsolariek, gehienetan, jende ospetsuen hiletetan kantatutakoak. Ezagutzen diren lehenengo testuetakoak dira, izan ere, xvi. mendearen erdialdera idatzi baziren ere, mende bat edo bi mende lehenago sortutakoak ziren. «Herriaren jakinduria» ezagutzeko eta jasotzeko kezka zuela erakusten du, baita ere, Garibaik ipuin laburren bilduma bat idatzi izanak. Orduan argitaratu gabe geratu ziren, eta eztabaidarik ere izan da haien egiletzaren inguruan, baina ongi uztartzen dira haren alderdi folklore-zale horrekin.
Azken bitxikeria bat, Garibai eta kultura herrikoia lotzen dituena. Gaztelaniazko esapide batek dio «estar como el alma de Garibay», egonkortasunik gabeko pertsonak, beren kondizioari dagokion postuan ez daudenak, edo, baita ere, pertsona lausoak, noraezean dabiltzanak definitzeko. Sinismen herrikoien arabera, halako lan mardulak egin zituen jakintsu batek ezin izango zuen eginkizun hori bete naturaz gaindiko laguntzarik gabe, alegia, Deabruaren laguntzarik gabe. Horri gehitzen badiogu Arrasateko baserria haren heriotzaren ondoren hutsik geratu zela, eta inork ez zuela han bizi nahi izan, hots arraroak entzuten zirelako, emaitza da legenda bat sortu zela. Herritarrek ziotenez, haren arima, hil zenean, ez zuten nahi izan ez Jainkoak ez Deabruak ere, eta alderrai ibili zen betiko, zeruaren eta infernuaren arteko inongo leku batean. Legenda hori egile barrokoek jaso zuten, besteak beste Quevedok, Lope de Vegak, Tirso de Molinak, Calderónek, eta haien ondoren erromantikoek, Larrak esaterako, eta esapidea zabaldu zen, noraezean dabilenaren aipua egiteko, «Garibairen arima bezala egotea».
Obrak
Los XL libros d’el Compendio historial de las Chronicas y vniuersal Historia de todos los reynos de España / Compuestos por Esteuan de Garibay y Çamálloa, de nación Cántabro, vezino de la villa de Mondragón, de la provincia de Guipúzcoa, Anueres: Christophoro Plantino…, 1571. Berrarg. Barcelona: Sebastián de Comellas, 1628. Arg. faksimilea, Bilbo: Gerardo Uña, 1988.
Letreros e Insignias Reales de todos los serenissimos Reyes de Obiedo, León y Castilla, para la Sala Real de los alcaçares de Segovia, ordenados por mandado del Catholico Rey nuestro señor Don Philipe el II. Monarcha de España, y del nuevo Orve, siendo alcayde perpetuo dellos Don Diego Fernandez de Cabrera y Bovadilla, conde de Chinchon, Madrid: Imprenta de Luis Sánchez, 1593. Arg. faksimilea, Segovia: Patronato del Alcázar, 1993, sarrerako iruzkina: F. Collar de Cáceres.
Libro de Retratos de los Reyes del Alcázar de Segovia, 1594. Arg. faksimilea, Madrid: Edilan, 1985.
Illustraciones genealogicas de los catholicos reyes de las Españas y de los christianissimos de Francia y de los emperadores de Constantinopla, hasta… don Philipe el II y sus… hijos, las mesmas hasta sus altezas de muchos sanctos confessores de la Iglesia Catholica Romana… / compuestas por Esteuan de Garibay…, Madrid: Luis Sánchez, 1596. Berrarg. Barcelona: Puvill, 1974.
Las glorias nacionales: grande historia universal de todos los reinos, provincias, islas, y colonias de la monarquía española, desde los tiempos primitivos hasta el año de 1853…: ilustrado todo con el Templo de las glorias españolas. Barcelona: Librería histórica, 1853, 3. libk., 383.-516. or.
Ilustraciones genealógicas de Garibay referentes a solares vascos, Guerra, J. C. (arg.), Donostia: Nueva Editorial, 1933.
Los siete libros de la progenie y parentela de los hijos de Estevan de Garibay, chronista del catholico rey nuestro señor don Philipe el segundo, natural de la villa de Mondragon en Guipuzcoa, por sus lineas masculinas y femenina, y discursos mas notables del mesmo compuestos por el. Con otras progenies de diversas familias de la mesma villa, y de la de Oñate, y de los valles de Aramayona y Leniz, y provincia de Alava, y de otras partes, para mayor luz de estos discursos. Y muchos apuntamentos de antigüedades, dignos de ser savidos para su mejor ornamento y autoridad. Argitalpenaren izena: Memorias de Garibay. Refranes vascongados recogidos y ordenados por Esteban de Garibay y Çamalloa, Cronista de S. M., Memorial Histórico español: Colección de documentos, opúsculos y antigüedades, que publica la Real Academia de la Historia, Madrid: José Rodríguez, 1854, VII. libk., Memorias: 1.-626. or.; Refranes: 627.-646. or. Arg. faksimilea Valencia: Librerías París, 1995.
Discurso de mi vida, Moya, J. (arg.), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1999. Los siete libros de la progenie y parentela de los hijos de Estevan de Garibay, Achón, J. A. (arg.), Arrasate: Arrasateko Udala, 2000.
Cuentos. Sainz de Robles, F. C. (arg.), Cuentos viejos de la vieja España (del siglo xiii al siglo xviii), Madrid: Aguilar, 1943, 575. or.
Behin errementari batek. Garibairen istoriotxoak. Ipuinen euskarazko egokitzapena P. Urkizuk, Donostia: Txertoa, 1987.
Refranes vascongados, recogidos por Esteban de Garibay, Euskal Erria, LI (1904), 454. or.
Sales españolas o agudezas del ingenio nacional, Paz y Meliá (arg.), II. libk., Madrid: Biblioteca de Autores Españoles, 176, 1890.
Urquijo, J. de, El refranero vasco. Los refranes de Garibay, Donostia: Martín de Mena y Compañía, 1919.
El refranero vasco. Tomo I: Los refranes y sentencias de 1596, Donostia: Auñamendi, 1964.
Grandezas de España: noticias de los títulos y casas ilustres en ella y otras particularidades. Real Academia de la Historia, Colección Garibay 9-10-2 eta 9-10-3, 2102-2111, XI liburuki. Argitaragabea.
Bibliografia
Achón Insausti, J. A., «Garibay en su contexto histórico. Estudio introductorio», in Garibay, E. de, Los siete libros de la progenie y parentela de los hijos de Estevan de Garibay, Arrasate: Arrasateko Udala, 2000, 13.-61. or.
Arocena, F., Garibay, Zarautz: Itxaropena, 1960.
Bazán, I. (koord.), El historiador Esteban de Garibay, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2001.
Caro Baroja, J., Los vascos y la historia a través de Garibay (Ensayo de biografía antropológica), Donostia: Txertoa, 1972.
Múgica, S., «Garibay como vascófilo y etimólogo», in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Riev, R23 (1932), 620.-625. or
Zubiaur, J. R., Las ideas lingüísticas vascas en el siglo xvi: Zaldibia, Garibay, Poza, Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1990.
Aipamen bibliografikoa
Madariaga Orbea, J., “Garibai Zamalloa, Esteban”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 442-447.





